INFO

This browser does not support the video element.

Zaldunita eguna, inauterietako egun handia Tolosan

Zaldunita eguna ospatu dute igande honetan Tolosan. Inauterietako egun handia da eta tolosarrek goizean goiz atera dira kalera, pijama eta albornoza jantzita. Konpartsak eta karrozak izan dira nagusi.


Zaldunita eguna ospatzen da igande honetan Tolosan. Inauterietako egun handia da, eta milaka herritar atera dira kalera, mozorrotuta, jai giroaz disfrutatzeko. 

Tolosaldeko Atariaren arabera, jendetsua izan da Diana. Gorriti plazatik abiatu dira herritarrak, pijama eta albornoza jantzita, eta Alde Zaharra zeharkatu dute Udal Musika Bandaren atzetik.

Plaza Zaharrean idiarena kantatu eta irrintziak egin dituzte, eta ondoren gosaltzera joan dira, indarrak hartzeko. 

Batzuek sokamuturran parte hartu dute. Plaza Berritik lekualdatu dute aurten. Plaza Zaharra eta Solana kalearen artean egin dute.

Beste batzuek giroaz disfrutatu dute. Izan ere, Tolosako hotelak beteta daude. Gipuzkoako udalerria inauterietako hiriburua bilakatzen da egun hauetan, eta ehunka bisitari hurbiltzen dira jaiaz gozatzeko.

Lotsa alde batera utzita

Goizean karrozek eta konpartsek hartu dituzte kaleak, mozorroak jantzita. Hippiak, pailazoak, toreatzaileak, mojak, beleak… Mota guztietako jantziak ikusi dira igande honetan herrian.

Lotsa alde batera utzita, guztiak, helduak zein gazteak, Tolosako erdigunean bildu dira. Koreografiak dantzatu dituzte, eta datozen orduetan hala jarraituko dute. Ziur aski eguna luzea izango da tolosarrentzat.

Haiek disfrutatzen duten bitartean, Euskal Herriko herritar askok, batez ere gazteenek, lo egingo dute. Neka-neka eginda Inauterietako larunbateko gauaren ondoren.