INFO
Interview
Imanol Murua Uria
Kazetaria eta EHUko irakaslea

«Egunkaria ixtea guretzat ez zen lana galtzea, proiektua ixten saiatzea zen»

20 urte igaro dira ‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi zenetik. Langileek ‘Egunero’ kaleratu zuten, ‘Berria’ izango zenaren lehen harria. Imanol Muruak liburu batean jaso du ‘Egunero’-ren «bizitza laburra». NAIZ Irratiko Haria 1 saioan ‘Egunkaria’-ren itxiera bizitakoen testigantzak entzungo dira gaur.

Imanol Murua Uria, kazetaria eta EHUko irakaslea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Imanol Murua Uriak (Zarautz 1966) euskara hutsezko hiru egunkariren sorrera bizitu du; ‘Euskaldunon Egunkaria’-rena, ‘Egunero’-rena eta ‘Berria’-rena. ‘Egunkaria’ itxi zela 20 urte egingo dira gaur, eta testuinguru horretan aurkeztu du Muruak ‘Egunero behar genuen’ liburua, ‘Egunkaria’ itxi eta biharamunean argitaratu zuten «behin-behineko egunkariaren» kronika bat. Erreportaje forman idatzita dago, eta lanean zebiltzan zazpi lankideri eginiko elkarrizketak izan ditu abiapuntu.

‘Egunero’-ren bizitza kontatzen du liburuak. Baina zein da ‘Egunero’- ren bizitza?

‘Euskaldunon Egunkaria’ ixtearen erantzuna. Erantzuna zabalagoa izan zen, baina ‘Egunkaria’ itxi zuten egunean bertan beste egunkari bat egitea gakoa izan zen; hedabide baten itxierari hedabide baten irekierarekin erantzutea; lehentasuna eman genion etenik ez egoteari, hurrengo goizean euskarazko egunkari bat kalean egoteari. Ikuspuntu ezberdinetatik kontatzen du hori liburuak: egunkari bat martxan jartzeko ez da nahikoa kazetari batzuk erredakzio batean idazten jartzea; zein mantxeta erabili, non inprimatu, publizitatearekin zer egin, banaketarekin… erabaki behar da. Egoera ziurgabe horretan emergentziazko egunkari bat nola egin genuen azaltzen du. ‘Euskaldunon Egunkaria’-tik ‘Berria’- ra katebegi funtzioa nola bete genuen.

Nola gogoratzen duzu, bi hamarkada beranduago, itxieraren lehen une hura?

Goizaldeko hiruretan edo jakiten hasi ginen Guardia Zibila delegazio buru batzuen etxera joan zela eta batzuk eraman zituztela. Gero jakin genuen Andoainera ere sartu zirela. Arduradunetako batzuk auto batean bildu ziren goizeko lauretan, nola erreakzionatu pentsatzen hasteko, eta beste langileak goizaldean hasi ginen Andoainera iristen. Gogoan daukat nola hasi zen Martin Ugalde parkea betetzen, bai langileak, eta baita elkartasunez hurbildu ziren guztiak ere.

Hasieratik argi genuen eta denok ados geunden; erabakia azkar hartu genuen, beraz: erantzunak alderdi asko bazituen ere, hurrengo egunean egunkaria kalean izatea gakoa zen guretzat, hori izango zen gure erantzuna. Erabakia hartzen, bost urte lehenago ‘Egin’-en itxieran hango langileek egindakoak lagundu zigun, ‘Euskadi Información’  jarri zuten kalean ‘Gara’ sortu bitartean. Ikusita geneukan zein garrantzitsua zen jarraipena ematea eta esatea «hemen gaude», bai Auzitegi Nazionalari, eta baita euskal gizarteari ere.

Lau hilabeteko egunkaria izan zen ‘Egunero’. Hasieratik bazenekiten trantsiziozko zerbait izango zela?

Egunez egun ateratzen joan ginen, hori zelako momentuan garrantzitsuena. Baina, hala ere, nahiko azkar ikusi genuen hori behin-behineko gauza bat zela eta “Euskaldunon Egunkaria”-ren tamainako eta mailako beste egunkari normalizatu bat sortu behar genuela. Hasiera batean, ezinbestean izan zen ‘Egunero’ periodiko prekario bat: 16 orrialde zituen hasieran, gehienez ere 32, beti zuri-beltzean.

Produktu nahiko xumea zen hasieran periodistikoki. Denbora igarota, bagenuen aukera zerbait landuagoa egiteko; baina ordurako bagenekienez behin-behineko produktu bat zela. Erabaki genuen  horri eustea, normalizazioaren itxura ez ematea, zuri beltzean jarraitzea… Egunero gogoratzeko ‘Egunkaria’ kendu egin zigutela.

Eroslerik ez zuen falta izan.

‘Egunkaria’ saltzen zena baino askoz gehiago saldu zen ‘Egunero’, askoz irakurle gehiago izan zituen. Guk badakigu ez zela ‘Egunero’-ren produktuaren kalitatearengatik, gehiago zela ‘Egunkaria’-ren itxieraren kontrako amorru eta elkartasun horregatik. Kuriosoa da, baina oso errentagarria izan zen; inoiz euskarazko egunkari bat ez da izan horren errentagarria. Batzuentzat, euskarazko prentsarekin izandako lehen harremana ‘Egunero’-rekin izan zen, elkartasunez lehendabiziko aldiz erosi zuten askok euskarazko egunkari bat.

Elkartasun olatu hori ezinbesteko erregaia izan zen guk erreakzionatu eta eman genuen erantzuna emateko. Eman zizkigun indarra eta zilegitasuna. Eta praktikan ere asko lagundu zigun, jendeak egoitzak doan utzi zizkigun, ordenagailuak, elkartasun olatua handia izan zen, eta guretzat ezinbestekoa zen.

«‘Egunkaria’ saltzen zena baino askoz gehiago saldu zen ‘Egunero’, askoz irakurle gehiago izan zituen»

Nolakoa zen funtzionamendua?

Lehen bederatzi egunetan monografikoa izan zen, albiste bakarreko egunkaria. Bederatzigarren egunetik aurrera egunkari estandarragoa bihurtu zen, egunero mantendu genuen ‘Egunkaria aurrera!’ saila, ‘Egunkaria’-ren itxieraren inguruan idazten genuen hasieran, gero hurrengo egunkaria izango zenaren kanpaina egiten genuen. Sailak zeuden jarraian: Euskal Herria, ekonomia, nazioartea… Pixkanaka kazetari gehiago hasi ginen lan horretan sartzen, Tolosako egoitza utzi eta Hernaniko egoitza batera joan ginen, ‘Euskadi Informacion’-ekoek erabili zutenera. Egokituago zegoen.

Ez zenuten beldurrik berriro ere itxiko ote zuten?

Gogoratzen naiz lehendabiziko egunean inori ez geniola esan non geunden. Beldurra geneukan Guardia Zibila erredakzio horretara etorriko ote zen. Auzitegi Nazionaleko fiskalak ere hitz egin zuen ‘Egunero’-ren inguruan, eta esan zuen: «Ez dugu Eguneroren aurkako ekinbide judizialik hartuko, oraingoz». Ziurgabetasun hori beti izan genuen, baina gure artean ez genuen asko hitz egiten horren inguruan. Guk nahikoa genuen egunkaria egitearekin.

Non inprimatu erabakitzeko orduan ere zalantzak izan genituen. ‘Euskaldunon Egunkaria’ inprimatzen zen leku berean inprimatzea hitzartu zen, Iruñean. Furgonetetan eramaten ziren Andoainera, eta handik banatu. Badaezpada ere kopiak egiten genituen. Beldurra genuen errotatiba gelditzekoa edo banatzaileak geratzekoa.

Egia da tentsioa handia zela, baina ez guri edo erredakzioan zer gertatuko zenarekiko, baizik eta gure lagun eta lankideak atxilotuta eta inkomunikatuta zeudelako.

«Gogoratzen naiz lehendabiziko egunean inori ez geniola esan non geunden; beldurra geneukan Guardia Zibila erredakzio horretara etorriko ote zen»

Kazetari begietatik, nola bizi zenuen itxiera?

Guretzat ‘Euskaldunon Egunkaria’-n aritzea ez zen lanbide bat bakarrik, guretzat proiektu bat zen. Hor geunden askok sorreran ere parte hartu genuen, gure bizitzaren parte bat zen. “Egunkaria” ixtea guretzat ez zen lanik gabe geratu eta lantokia ixtea, gure proiektua egun batetik bestera botatzea izan zen, irekitzea horrenbeste kostatu zitzaigun proiektua.

Langileok proiektuarekiko geneukan atxikimendua garrantzitsua izan zen erantzunean, baina horrekin guztiz lotuta dago jaso genuen elkartasuna, sentitu genuen babesa. Ikusi genuen ez zela guri egiten ziguten eraso bat, baizik eta euskarari, euskaldunoi, adierazpen askatasunari eta informazio eskubideari.
Gizartearen zati handi-handi bat haserre zegoen ‘Egunkaria’-ren itxierarekin, eta egunkari berri bat martxan jartzeko konprometitzeko prest zegoen. Balio izan zigun jabetzeko eta azpimarratzeko ez zela gure kontu bat, gizarte osoarena baizik.

20 urteko perspektibarekin, nola irakurtzen duzu itxiera?

Esaldi batean erantzuterik ez dago galdera horri; konplexua da eta ez dago erantzun biribilik. Testuinguru politiko gatazkatsu horrek harrapatu zuen ‘Egunkaria’ ere. Aznarren gehiengo osoaren garaia zen, urteak ziren Espainiako Gobernua eta Auzitegi Nazionala beraiek «politika antiterrorista» deitzen zioten estrategia batean zegoen. Ez ziren ari ETAren kontra bakarrik, euskal gizartearen esparru zabal baten kontrako ekimen judizialak 90eko hamarkadaren erdialdetik aurrera jarri ziren martxan. Gero eta eremu zabalagoei eragiten hasi ziren, hasieran ezker abertzalearen egituren aurkako operazioak ziren, eta inguruko eragileen kontrakoak.

Baina 2000ko hamarkadaren hasieran, euskalgintza ere jopuntuan zeukatela sumatzen zen. ‘Egunkaria’, ‘Argia’  eta euskarazko hedabideak aipatzen zituzten dokumentu batzuk atera zituzten. Sumatu zitekeen, baina hala ere gutako asko ustekabean harrapatu gintuen. Ikusten genuen zein nahasia zegoen giro politikoa eta zenbat erakunde edota eragile egon zitezkeen Garzon epailearen radar eremuaren barruan. Baina hala ere shock bat izan zen.

«Gutako asko ustekabean harrapatu gintuen, shock bat izan zen»

Lau hilabeteren buruan, bi egunkari sortu behar izan zenituzten: ‘Egunero’ eta ‘Berria’. Nola izan zen posible?

Hiru egunkari dira, baina dena bat da. Jende multzo berak egin genuen bat eta beste, oinarri berberekin. Nik uste dut berriro bizi genuela 12 urte lehenago ‘Euskaldunon Egunkaria’ sortzen bizi izan genuena. Zorte handi bat izan zen egunkari bat zerotik sortu eta  kaleratzea, prozesuaren parte izatea. Egoera desberdina zen, askoz bortitzagoa, baina berriro sortzea zen. Jada bagenekien zer zen, asko ikasi genuen eta asko hobetu genuen.

‘Egunkaria’ itxi eta biharamuneko ‘Egunero’ horrek antza handia zuen 1990eko lehendabiziko ‘Egunkaria’-ren alearekin, eta ‘Berria’-ko lehen zenbakiak, aldiz, ‘Egunkaria’-ren azkenekoarekin. «13 urteko esperientziaren ondoren hau egiteko gauza gara»,  hori esatea izan zen ‘Berria’.