INFO

Gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea adostu dute Nafarroako Gobernuak eta Topaguneak

Haur eta gazteen artean euskararen erabilera indartzeko egitasmoa martxan jartzeko hitzarmena adostu dute Nafarroako Gobernuak eta Topaguneak. “Euskarak 365 egun’ programak arreta berezia eskeiniko dio Erdialdeko eta Erriberako gazteen artean harreman-sare bat eraikitzeari.

Nafarroako Gobernuko Ana Ollo kontseilaria eta Topaguneko zuzendari Oskar Zapata akordioa adostu ondoren. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Oskar Zapata Topaguneko zuzendariak departamentuaren eta erakundearen arteko lankidetza-hitzarmenean jasotako lan-ildo nagusiak aurkeztu dituzte gaur astelehenean, Nafarroan euskararen erabilera soziala indartzeko, bereziki gazteen artean.

Hitzarmenak 145.000 euroko aurrekontua izango du, eta ‘Euskarak 365 egun’ programa garatzea ahalbidetuko du. Egitasmo horren proiektu nagusietako bat Erdialdeko eta Erriberako gazteen arteko harreman-sare aktibo bat eraikitzeko lehen urratsak ematea da.

Ollok 2018tik urtero berritu den hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du: «Azpimarratu nahi dut erakunde publiko eta gizarte eragileen arteko lankidetza ezinbestekoa dela gaur egungo gizartean, lan osagarriak egiten ditugula, eta erakunde publikooi gizarte ekimenetik datozen proposamenak aintzat hartu, osatu eta zabaltzea dagokigula. Horretan aritu gara azken urteetan, uste dugu, lankidetza honek fruituak eman dituela, ekintza zehatzetan ikus daitekeena. Baina, batez ere, uste dugu lan egiteko modua proposatzen duena, eta horri jarraikiz bide emankorra izanen dela».

Zapataren iritziz, «pozgarria da hitzarmena sinatzeko berriro ere elkartzea. Lagungarria da oso tamaina honetako egitasmoak planifikatzeko eta gauzatzeko marko egonkor bat edukitzea. Zentzu horretan, eskertuta gaude Euskarabidearekin eta Nafarroako Gobernuarekin, Euskaltzaleen Topagunearekiko elkarlanean aritzeko izan duzuen jarreragatik. Sei urteko ibilbidea du ‘Euskarak 365 egun’ hitzarmen honek, beste hamaika bete ditzala espero eta desio dugu».

Hizkuntza ohiturak aldatzeko bidean, Ana Ollok eta Oskar Zapatak, biek ala biek, azpimarratu dute aurtengo helburu nagusia dela garrantzi handiko bi xede talde horiekin lan trinkoa egitea: gazteak, eta haurrekin kontaktuan bizi diren helduak: gurasoak, zaintzaileak, irakasleak…