INFO

Osasun publikoaren alde bat egin dute pentsionistak eta osasun langileek Gurutzetako ospitalean

Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Pentsionisten Mugimenduak manifestazioa egin du osasun publikoaren alde. Bukaeran Osakidetzako sindikatuekin, Osasun Publikoaren Defentsarako Barakaldoko plataformarekin eta Gurutzetako Larrialdietako Asanbladarekin elkarretaratzea egin dute Gurutzetako ospitalean.

Manifestazioaren bukaeran, elkarretaratzea egin dute. (Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Pentsionisten Mugimendua)

Osakidetzaren narriadura eta desegitea salatzeko manifestazioa egin dute astelehen honetan, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Pentsiodunen Mugimenduak deituta. Bukaeran, bat egin dute Gurutzetako Ospitale aurrean Osakidetzako sindikatuekin Osasun Publikoaren Defentsarako Barakaldoko plataformarekin, Gurutzetako Larrialdietako Asanbladarekin eta beste hainbat gizarte eragilerekin, elkarretaratzea egiteko.

Metroaren sarreratik abiatu da manifestazioa eguerdiko 12.00etan puntuan, txistulari talde bat gidari zutela. Osasun publikoaren eta pentsionisten borrokaren aldeko aldarri artean egin dute ibilbidea, Gurutzerako ospitalearen atarira iritsi arte.

Bertan zain zituzten Osakidetzako sindikatuetako, Osasun Publikoaren Defentsarako Barakaldoko plataformako, Gurutzetako Larrialdietako Asanbladako eta beste zenbait gizarte eragiletako kideak.

«Osasuna oinarrizko eskubidea da, eta agintari publikoak eskubide hori babestera behartuta daude», adierazi dute pentsionistek. Horregatik, EAJ eta PSEri eskatu diete «aplikatzen ari diren murrizketa-politika geldiaraztea eta 180 graduko bira ematea», osasun publiko, duin eta kalitatezkoa lortzeko.

Osasun langileek kantuz egin dute protesta, ‘En el pozo Maria Luisa’ kantu aski ezagunari letra aldatuz. Horrela, salatu dute langile gehiago behar dituztela eta pentsionistei osasun publikoaren defentsan egiten ari diren lana ezkertu diete.