INFO

Bi behargin zauritu dira, bat oso larri, Tubos Reunidosen izandako lan istripu batean

53 eta 58 urteko bi langile zauritu dira, horietako bat oso larri, Amurrioko Tubos Reunidos enpresaren instalazioetan izandako istripu batean, ELA sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez.

Tubos Reunidos enpresaren lantegia, Amurrion. (Juanan RUIZ | FOKU)

Bi langile zaurituta utzi dituen istripua astelehenean jazo zen, 14.30ean, goi-tentsioko aparatuak zeuden gune batean. Pine Instalaciones y Montajes azpikontratatutako enpresako bi beharginak mantentze-lanetan ari zirela zehaztu du ELAk astearte honetan argitaratu duen oharrean.

Sindikatua informazio gehiago jasotzen ari da istripuaren inguruan, baina ohartarazi du langileetako batek lesio oso larriak dituela, eta besteak pronostiko «arinagoa».

ELAk gogoratu du aurten dagoeneko sei direla Euskal Herrian lan istripuz hildakoak. «Prekaritateak gogor jotzen du lan zentro askotan eta lan baldintzak, urtetik urtera, geroz eta okerragoak dira», nabarmendu du.

Gaineratu duenez «enpresek eta Gobernuak ez diote prebentzio eta lan segurtasunari nahikoa dirua eskaintzen, ez eta formakuntzari duen garrantzia ematen. Dirua eta etekinak gailentzen dituzte, langileen ongizatearean aurretik».

Lakuak eta lan osasunean diharduten instituzioek lan baldintzak hobetzeko eta prekaritatea lan zentroetatik ezabatzeko lanak lehenetsi beharko lituzkete, ELAren aburuz.