INFO

Beste astebeterako ostatua lortu dute operatu berri duten etxerik gabeko gizonarentzat

Duela egun batzuk ebakuntza egin zioten gizonak beste astebeterako ostatua lortu du, sendatzeko sei aste behar dituela dioen txostenari esker. Auzoan Bizi etxebizitza saretik, baina, «haserre» daudela diote Gizarte Zerbitzuek ez dutelako «inolako bermerik ematen».

Ostatuaren luzapena eskatzeko kontzentrazioa, asteazkenean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Kale egoeran egonda ebakuntza egin zioten gizonarentzat beste astebeterako ostatua lortu du Auzoan Bizi Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza sareak, ohar batean azaldu duenez. Hala ere, hori borrokatu beharragatik «amorrua» sentitzen dutela dio, baina datorren ostegunean «luzapena borrokatzera» bueltatuko dira Udalaren Gizarte Larrialdietako Zerbitzura.

Duela astebete pasatxo Gasteizen kale egoeran dagoen gizon horri ebakuntza egin zioten baina, Auzoan Bizik salatu zuenez, Udalak ez zion ostaturik eskaini Neguko Harrera Zentroak itxita jarraitzen baitu. Hala ere, osatzeko sei aste beharko zituela berresten duen txostena aurkeztuta, astebetez gelditzeko toki bat eman zioten.

Zazpi eguneko epe hori ostegun honetan bukatzekoa zela ikusita, Auzoan Bizik kontzentrazioa egin zuen asteazkenean Udalaren Gizarte Larrialdietako Zerbitzuaren egoitzaren atarian, orain lortu duten luzapena eskatzeko. Ohar batean adierazi duenez, dena den, bigarren luzapena eskatzeko medikuaren txosten berri bat aurkezteko eskatzen diete, «nahiz eta lehenak oso argi utzi 6 asteko atsedenaldia behar duela».

Udalari eskaera

Bide batez, kalean bizi direnak asko direla gogora ekarrita, Neguko Harrera Zentroa irekitzeko exijitu diote Udalari, Gizarte Zerbitzuak kolapsatuta egoteak «arduradun politikoak» dituela uste baitute.

Gainera, egoera horretan bizi diren pertsonak erroldatzea eskatu dute, «inongo baldintzarik jarri gabe».

«Kale egoeran bizi direnek etxebizitzaren gatazkaren adierazpen gordinenetarikoa jasaten dute baina ez dira bakarrak, eta horiek egunero bizitzen ditugu Auzoan Bizin. Izan ere, etxebizitza merkantzia eta negozio den bitartean ez da eskubide izango, jabetza pribatuaren eta guztia merkantzia izatearen logikak aginduko baitu», salatu dute.