INFO

Bilboko periferian kokatutako nobela beltza idatzi du Iñaki Irasizabalek

Erabaki zailak hartu beharko ditu Maider gazteak maite dituen pertsonak zaintzeko. Beti ez zaizkio gauzak ondo aterako, baina ohituta dago bizitza okerra eramatera. Txikitatik jasan behar izan ditu egoera gogorrak. ‘Otsoa etorriko da’ da Iñaki Irasizabalen nobela berria.

Iñaki Irasizabalek ‘Otsoa etorriko da’ aurkeztu du. (Andoni CANELLADA | FOKU)

28 urte ditu Maiderrek, berak bakarrik hazten duen zazpi urteko seme bat, Iraitz, eta beste hainbat arazo: Unax neba gaztea desagerturik dago duela bi urtetik, eta hilketa baten egilea dela uste du poliziak; lantokian, Legarra ugazaba eskuluzeak beragan jarri ditu begiak; eta, gainera, txikitan abandonatu zituen aita hilzorian dago. Bizitza gogorra izan du txikitatik Iñaki Irasizabalen nobela berriko protagonistak. ‘Otsoa etorriko da’ (Elkar) izenburuak ipuinetako esaldiari egiten dio erreferentzia, mehatxu bati, Maiderrek bere bizitzan izango dituen mehatxu guztiei.

Irasizabalek berak azaldu duenez, idatzi duen testua nobela beltza da, baina ez ohikoa. «Generoko literaturak bide estua dauka. Istorio denak antzekoak dira: hilketa bat dago, ikerketa egiten dute, Cluedo moduan aritzen dira eta argitu egiten dute kasua. Ni saiatzen naiz mugan idazten. Baina nobela beltza dela esango nuke delituen ingurukoa delako eta gizartearen analisi kritikoa egiten duelako», argitu du.

Maiderrek erabaki du ingurukoen ardura hartzea. Anaia, aita eta semea. Inork ez dio hori agindu, baina berak horiek zaindu behar dituela sentitzen du. Horrek erabakiak hartzera bultzatuko du, eta batzuetan ez dira erabaki errazak izango. Izan ere, arazoak sortuko zaizkio zenbaitetan. Edonola ere, bere helburua da duintasun minimo batekin bizirautea.

Eszena gogorrak badaude eleberrian, istorioa bera gogorra delako, baina une xamurrak ere badaudela azpimarratu du Irasizabalek. Hala, aipatu du beste eleberrietan baino xamurtasun gehiago atera zaiola oraingoan.

Bilbo, beste pertsonaia bat

Bilbo bera da istorioko beste protagonista bat, edo periferiako auzoak hobeto esanda, zehazki Errekalde eta Zorrotzaurre. Bigarren mailako pertsonaiak delituen mundutik gertu daude, anaia eta aita, baina baita ‘Armani’ ezizenez ezaguna den gaizkile gaztea ere. «Horrela deitzen diote trajeak eramatea eta horietan armak gordetzea gustatzen zaiolako», azaldu du idazleak.

Heriotzak pisu handia du eleberrian. Hasieran eta amaieran heriotza arriskua dago, eta istorioan zehar heriotza beti dago presente.

Maiderri dagokionez, pertsonaia inpultsiboa da eta horrek eramaten du batzuetan erabaki okerrak hartzera. Hala ere, Irasizabalek esan duenez, «asko maite duenak asko sufritzen du», eta emakume gazteak maite dituen pertsonak asko maite ditu. «Bere erabaki guztien atzean maitasuna dago», adierazi du.