INFO

Durangoko Tabira auzoan egon litekeen dorrea bilatuko dute georradar batekin

Durangoko Udalaren enkarguz, arlo desberdinetako hainbat adituk ikerketa egingo dute Tabira inguruan, bertan egon daitekeen XVII. mendeko dorre baten aztarnak bilatzeko. Georradar baten bidez egingo dute azterketa, uriaren jatorria ezagutu asmoz.

Antxoka Martinez, Isabel Arenal, Ima Garrastatxu, Julian Rios eta Luis Valdes, aurkezpenean. (NAIZ)

Durangon, Tabira inguruan egon daitekeen dorre baten arrastoa bilatuko dute georradar bat baliatuz. «Durangoko udalaren ekimenez egingo da lana», Antxoka Martinez Aranzadiko arkeologoak azaldu duenez. Arlo desberdinetako hainba adituk osatutako lan taldea arduratuko da ikerketaz, tartean, Martinez bera eta baita aurkezpenean izan diren Luis Valdes, Historiako Errege Akademiako Arkeologoa eta Isabel Arenal biologoa.

Ima Garrastatxu alkateak azaldu du San Bizente baselizaren ingurua, hau da, Mikeldiko idoloa aurkitu zuten gunea eta Tabira auzoa izango dituztela aztergai. Julian Rios alkateordeak etorkizunera ezagutza gehiagorekin begiratu ahal izateko historiaren berri izateak duen garrantzia azpimarratu du.

Ikerketa hasteko erabili zen hipotesiaren arabera, garai bateko hainbat dokumenturen bidez ezaguna da Durangoko Konde edo Jaunaren kargua edota Durangoko Konderria existitu zela, historian zehar erresuma desberdinak zerbitzatu zituena, nahiz eta kargua desagertu zen. Egiazkoa dirudien informazioa ematen duen dokumentu zaharrena Gonzalo de Otalora y Guissassa Durangoko jaunak 1634an egindako Durangoko Merinaldearen deskripzioa da, Durangoko Merinaldearen Mikrologian agertzen dena.

Testu horretan deskribatzen zuenez, eraikina San Pedro elizaren parean zegoen, eta Durangoko Jaunen jauregia eta bizilekua zen, garai horretan ‘Tavira’ deitzen zen gunean. Bestalde, Mikeldiko San Bizente baselizaren inguruan oso informazio gutxi dago. 1991n indusketa arkeologikoak egin ziren, baina ez zen emaitza aipagarririk jaso, azaldu dutenez.

Nolanahi ere, Bilborako Erdi Aroko errepidea eta ingurunea ez ziren ikertu Mikeldiren testuinguruaren inguruan aztarna posibleen bila. Gaur egun eraiki gabe dagoen eremuak aukera paregabea eman dezake kostaldetik goi-lautadarako bidearen eta eraikin ezezagunen aztarnak aztertzeko, betiere lurra bera altxatu gabe, georradarrari esker.

«Itsu-itsuan ari gara», aitortu du Valdesek. Izan ere, arkeologoak argitu duenez, ia ez dago garai horretako dokumenturik eta lurraldean bertan ere ez dago aztarna argirik. Dokumentu bakarrean egiten zaio erreferentzia argia dorreari, eta horregatik, Valdesek zein Martinezek argi utzi nahi dute balitekeela zerbait aurkitzea, baina kontrako aukera ere posible dela.

Martxotik aurrera

Martxoaren erdialdetik aurrera hasiko dituzte azterketak, data zehaztea zaila bada ere. Izan ere, Stream X georradarra eta hura darabilen Madrilgo Complutense Unibertsitateko taldea ordutik aurrera egongo dira libre, baina gailuak datuak behar bezala hartu ditzan, nahitaezkoa da lurra umelegi ez egotea. Valdesek azaldu du bi aldagai horiek batera ematen direnean abiatuko dutela landa lana, bizpahiru egunez, lau asko jota.

Datuak prozesatzen aste batzuk eman ondoren, landa lana bukatu eta hilabetera izango dute lehen txostena, eta hura interpretatzen hasteko aukera izango du lantaldeak, orduan. Georradarrak aukera emango die ikertzaileei lurra altxatu eta ondatu gabe, behean dagoenaren berri izateko.