INFO
Interview
Xabi Lopez
Surflaria

«Olatu handietan estrategia da zu eta natura, oreka eta konexio hori bilatu behar duzu»

Xabi Lopez (Iruñea, 2001) surflariak “Oreka” film laburra estreinatzen du ostegun honetan Surf Film Festibalean. Olatu handietako espezialista honek surflari gisa dituen mugak erakusten ditu filmak. NAIZekin hitz egin du, proiektu berria aitzakia hartuta, bere ibilbidea gehiago ezagutarazteko.

Xabi Lopez, Zurriolako hondartzan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Hasten gara kontatzen nola Iruñeko mutiko bat hasten den surfean. Iruñea niretzako amesgaizto bat zen; astelehenetik ostiralera han egon, eskolan egunero, ostirala ailegatzeko irrikitan. DBHko 4. mailan nire gurasoek erabaki zuten ni Donostiara etortzea bizitzera, amonarekin». Surfarekin erabateko konexioa dauka Xabi Lopezek, txiki-txikitatik, eta lotura hori muturrera eraman du, olatu handiekin surf egiteraino. Hori guztia jasotzen  du “Oreka” izeneko film laburrean, ostegun honetan Surf Film Festibalean estreinatuko dena –gaur hasi eta igandean bukatzen da jaialda–.

16 urterekin eduki zuen aurreneko kontaktua olatu handiekin, Euskal Herriko Surf Federazioko zirkuituan, Orroagan (Orrua), Getariako badian: «Txapelketa arrunt bat zen, olatu txikiena, baina badia horretan baldintzak aproposak direnean, aukera ematen du atzeko olatu hori hartzeko, Izuztarri izeneko olatu handia. Apneako kurtso bat egin berri neukan, nire aitak apur bat behartuta, olatu handietan aritzeko taula handi bat oparitu zidan berriki, eta orduan, sentitzen nintzen oso seguru, prest nengoela. Dena alineatu zen».

Lehen esperientzia horretan, baina, erori eta belauna apurtu zuen. Axi Muniainek erreskatatu zuen. «Anbulantzia eta helikopteroa koordinatzen zeuden eta nik jarraitu nahi nuela esan nuen. Uretara itzuli nintzen, beste pare bat olatu hartu nituen eta txanda irabazi nuen. Axi film laburrean agertzen da esaten egun horretatik atentzioa eman niola». Nolanahi ere, ez zuten harremanik mantendu, hiru urte beranduago kointziditu zuten arte. Amankomunean zuten lagun baten bitartez –Imanol Yeregi zumaiarra– olatu handiak hartzera joan ziren Picora. Muniainen motora bat-batean gelditu egin zen eta itsaso zabalean geratu ziren, ez aurrera ez atzera: «Hiru orduz egon ginen naufragioan gure bila etorri ziren arte. Hiru ordu egoera horretan denbora asko da bizitzari buruz hitz egiteko. Horrelako egoeretan sortzen dira konexio oso bereziak, egunerokotasunean ez direnak ematen».

Olatu handietan bilatu du Lopezek surfaz disfrutatzeko modua. 19 urterekin, ProJunior txapelketak bukatuta, QS zirkuituan sartu behar zuen, baina sentitzen zuen ez zela gai entrenatzen zen guztia, «nire surfa», erakusteko. «Frustratu egiten nintzen eta ez nuen disfrutatzen. Olatu handietan, guztiz kontrakoa».

This browser does not support the video element.


Zer sentitzen duzu olatu handi bat hartzen duzunean?

Ez dagoela espaziorik tontakerietarako. Estrategia da zu eta natura, oreka hori eta konexio hori bilatu behar duzu. Gure egunerokotasunean pentsatzen ditugun tontakeriek ez dute lekurik; egon behar zara oso kontzentratuta, ez bazaude oreka horretan –filmaren izenburua ere hortik dator–, ez duzu ez disfrutatuko, ez itsasoarekin konexio hori izango. Hori da ni benetan betetzen nauena.

Olatua hartzen duzun une horretan badago tarterik kontziente izateko non zauden?

Uretan egon gaitezke pare bat ordu eta soilik olatu bakarra hartu. Olatua guretzat 4-5 segundo da, asko jota, baina bai, olatua hartzen duzun momentuan aipatu konexio eta oreka honetan baldin bazaude, zure buruan badirudi direla minutuak. Detaile guztiez gozatzeko aukera ematen du.

Beldurrik sentitzen duzu? 16 urterekin belauna puskatu zenuen, horren inguruko burutaziorik izan dituzu?

Oso kontziente naiz. Jendeak sarri esaten du muturreko kirola praktikatzen dugunok zoroak edo garela. Nire ustez, profesionalak garen kirolariengan  erokeria hori ez dago inkontzientziari lotuta. Noski, izan behar zarela ausarta edo aurrera egiten duena, baina ez dago inkontzientziarik. Nire prestakuntza osoa egoera okerrenetara bideratuta dago. Nire beste bizitza erdia segurtasunera zuzenduta dago. Soroslea naiz, osasun larrialdietako ikastaroa egiten ari naiz, erreskateko tituluak ditut eta nire bizitza da. Noski, kontziente naiz istripuak gerta daitezkeela, baita heriotza ere.

«Kontziente naiz horrelako olatu bat hartzen ari naizenean istripuak gerta daitezkeela, baita heriotza ere»

Film laburreko deskripzioak dio surflari gisa dituzun mugak erakusten dituela.

Joatea toki batera olatu handiak hartzera, olatu handi hori, niretzat muga bat da. Baina, bestalde, lotuta dago muga mentalekin. Frustrazio hori kudeatzen jakitea. Nire bidaia klabea zen Mexikora joatea, Puerto Escondido olatua hartzera –Zicatela hondartzan–, eta horrekin buru-belarri nengoen. Hiru hilabete egon nintzen horretarako entrenatzen eta gauzak beti ez dira batek nahi duen moduan ateratzen; film laburrean agertzen da. Hori nola kudeatu jakitea mugak bultzatzea da; bakoitzaren burua gehiago ezagutzea.

Oraindik 21 urte dituz. Hain gaztea izanik, nola aurre egiten diezu horrelako egoerei?

Nik txikitatik eduki dut ibilbide ezberdina, gainontzeko gazteekin alderatuta. Aipatu dut itsasoarengatik etorri nintzela Donostiara baina, baita eskolan gaizki pasa nuelako ere. Bullying nahiko potentea egin zidaten eta eskolaz aldatu nahi nuen. Dena batu zen hona etortzeko. Bestalde, Rodrigorekin [Machado, entrenatzailea] asko landu izan dugu arlo mentala, txapelketetan burua enfokatuta edukitzea. Erreminta asko erakutsi dizkit hori kudeatzeko.

Ihesbidea izan zen surfa?

Bai, baita ere. Rodrigorekin oso txikitatik hasi nintzen entrenatzen, nerabezaro osoa pasa dut berarekin. Donostiara iritsi nintzenean, ez nengoen ohituta lagun talde bat edukitzera, alkohola ez nuen inoiz probatu, ez nintzen inoiz parrandan atera... Hona etorri nintzenean hasi nintzen lagun taldeekin, eta ateratzeko gogoa daukazu, edozein gaztek bezala. Rodrigo oso gogorra izan zen horrekin, tentsio handiko momentuak izan genituen. Azken finean, harreman bat da. Gainera, justu izan zen Pro Juniorra utzi nuen urtea, ez nekien jarraitu nahi nuen... Olatu handiak etorri ziren une egokienean. Sentitzen nuen etapa aldaketa bat behar nuela. Rodrigoren etapa bat itxi eta beste mentore batekin, Axi Muniainekin, hasi. Oso hunkigarria da filma, agertzen delako Rodrigorekin nola bat egin nuen Mexikoko bidaiaren ondoren, Indonesian. Horren ostean Nazarera etorri zen gurekin eta nik lagunduta olatu handi pare bat hartu zituen. Niretzako egun hori oso berezia izan zen eta une hori film laburrean ikusteak negarra eragin zidan.

Profesionala aipatu duzu lehen. Nola iristen zara profesional izatera?

Profesionalaren definizioa da zure lana izatea. Ni orain horretaz bizi naiz, baina oraindik ez du hainbesterako ematen, eta beste gauza batzuk ere baditut. Baina Munduko txapelketetan lehiatu dut, munduko onenen artean lehiatu izan dut. Ni bai kontsideratzen naiz profesionala, nire bizitza hori delako. Eta nola bilakatu? Jendeak pentsa lezake zortea izan dela. Icebergaren punta da ikusten dena, hor dagoen lan guztia, eta uretan pasa ditudan minutu bakoitza honetarako izan da.

Orain zein proiektu edo txapelketa dituzu?

Punta Galea Challenge daukat egutegian markatuta. Martxoaren 31ra arte dago leihoa irekita baina borraskak nahiko arraro daude. Gainontzean, olatu handien bidaiekin jarraitzea. Ekaitzak dauden lekuetan, olatu handien bila joan, mundu osoan zehar.

Irakurri dut nahiko frikia zarela eguraldi aurreikuspenekin, uneoro zaudela ikusten.

Bai, asko gustatzen zait. Ozeanoak oso konektatuta daude; antizikloi bat baldin badago hemen, beste aldean borraska handia egongo da, presio altuak eta baxuak orekatzeko. Itsasoan ere, naturan, oreka hori egon behar delako. Denak niretzat oreka bat behar du, osmosi kontzeptua naturan oso presente daukaguna, iruditzen zait bizitzan ere behar dugula.

«Denak niretzat oreka bat behar du, osmosi kontzeptua naturan oso presente daukaguna, iruditzen zait bizitzan ere behar dugula»

Bidaiatzerako orduan, nola antolatzen zara?

Azken orduan. Begiratzen egonda egunero. Haizeak aldatzen dira egun batetik bestera, eta haizeak gradu soil batzuk aldatzen direnean, izan daitezke zure bizitzako olatuak edo kaka bat. Azken unera arte itxaroten dugu hegaldiak hartzeko –hau da, beti garestienak–. Gero, adibidez, Txilen baldin bagaude, itsasaldia hegomendebaldetik etortzen bada, lehendabizi Txile jotzen du eta badaukazu aukera hegazkin bat hartu, ekaitza aurreratu eta ekaitz berdina Mexikora iristen denerako hartu. Askotan estresantea da.

Hartu duzun olaturik onena?

Ez dakit onena, baina gehien transmititu didanetako bat izan zen Nazaren, pasa den urtean. Arraunean hartu nuen, nire olaturik esanguratsuena izan zen.

Xabi Lopez, Nazaren.

Beldur gehien sentitu izan duzuna edo zalantza gehien eragin dizuna?

Zalantzak, egia esan, askotan. Askotan zalantzan jartzen dut ea hau den benetan egin nahi dudana. Eta ez dakit besteek, baina nik beldur handia sentitzen dut. Badago jendea esaten duena berak ez daukala beldurrik, nik bai. Itsaso handia dagoenean itsasoratzen naizen bakoitzean, erronka bat da niretzat. Nire mugak bultzatzea da.

«Itsaso handia dagoenean itsasoratzen naizen bakoitzean, erronka bat da niretzat. Nire mugak bultzatzea da»

Eta nolakoa da beldur hori?

Ni saiatzen naiz beldurra arrazionalizatzen, objektiboa izaten. Esaterako, jendeak marrazoei beldurra badio, hemen itsasoratzea eta marrazoei beldurra izatea, ez da arrazionala, aukera gutxi baitaude arriskutsuak diren marrazoak hemen egoteko; beraz, horrekin aurre egiten diozu beldur horri. Nire beldurra da erori eta hiltzea. Nola arrazionalizatzen dut? Erortzen banaiz, aukera asko daude hiltzeko. Pasatu ahal da eta hori barneratzea da. Kontuan izan, ondo neurtu gauzak eta kontsekuentea izan.

Errespetua eduki behar zaio itsasoari?

Noski. Axi Muniainek beti esaten du errespetua eduki behar zaiola eta ez beldurra, beldurrak geldiarazi egiten zaituelako. Nik beldur hori, geldiarazi egiten zaituena, ez dut sekula sentitu, hein handi batean bai nire aitak eta bai entrenatzaileak barneratu didatelako itsasoan lasaitasuna dela beti hobea. Edozein kasutan. Panikoak inoiz ez dizu lagunduko.

Kolpe handirik jaso al duzu?

Arazo larria daukat belarriekin. Ebakuntza egin zidaten belarri batean eta oraindik mediku askorekin, neurologoekin, begiratzen ari naiz. Baina ez dakite zer daukadan. Erortzen naizenean sekulako zorabioak ditut, bertigoa balitz bezala. Oso gaizki pasatzen dut, orain hori da kudeatzen saiatzen ari naizen zerbait. Horrek asko mugatzen nau.

Duela hiru urte hasi zinen olatu handiekin. Nola baloratzen duzu zure bilakaera, egon baldin badago?

Nik esatea agian ez da oso umila, baina egin dudan bilakaera, batez ere Axi Muniain alboan edukita, bertikala izan da. Izustarrin ibiltzetik Nazarera, Mexikora eta beste hainbat lekutara joatea oso urrats handia da. Oso denbora gutxian egin dut. Ordu asko sartu ditut uretan, maisu onena izan dut eta horrek lagundu nau. Eta, baita ere, nik ondo erantzun dudala. Eduki dezakezu maisurik onena, baina lehengaia ona ez bada... Zortea eduki dut tokatu zaizkidan egoerekin, baina aprobetxatzen ere jakin dut.

Laburmetrai honek ze eman dizu zuri?

Pasa den urtean hainbeste txapelketa, babesleekin emaitza batzuk lortzeko behar hori, olatu batzuk hartu beharra, argazkiak argitaratu beharra sare sozialetan... Sare sozialak frustrazio iturri dira. Ikusten dugun dena errealitatetik oso urrun dago, arlo guztietan. Orduan, pentsatzen hasi nintzen: «Hau egiten ari naiz, erakusteko?». Zerbait gaizki dago hemen. Nik egin nahi dut, disfrutatu nahi dudalako eta gozatzen dudalako. Inflexio puntu bat izan nuen. Hartu nuen beste erabaki bat eta oso ondo etorri zitzaidan berriro nirekin konektatzeko.