INFO

Euskal entrenatzaileak modan daude

Ez bakarrik futbolean, beste kirol garrantzitsuenetan ere, Euskal Herriko prestatzaileek gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari dira. Adierazgarria da, besteak beste, Ingalaterrako Premier Leaguen lau euskaldun egotea momentu honetan, %20a, aste honetan bertan Javi Gracia bertara iritsi ostean.

Javi Gracia izan da Premier Leaguera azkena iristen. (LEEDS UNITED)

Teknologia berriek gero eta indar handiagoa hartzen ari direla dirudi, eta baita kirolean ere. Hala ere, jokalariei ahalik eta errendimendu altuagoa ateratzeko entrenatzaileen lana beti izango da beharrezkoa eta, zentzu honetan, euskaldunak goiko puntan daudela esan daiteke. Berriki jokatu den saskibaloiko Kopan, adibidez, finaleko bi taldeek entrenatzaile euskaldunak izan dituzte: Ibon Navarro Malagako Unicajarekin txapeldun eta Lenovo Tenerifeko Txus Vidorreta. Emakumezkoetan, Roberto Iñiguez gasteiztarra Salamancako Perfumerias Avenida orain arte menderaezina zirudien taldea utzi eta Turkiara abiatu da berriki beste abentura batean murgiltzeko, baina Ligan utzi ditu Madelen Urieta, Araskin, eta Azu Muguruza, IDK Ibaetan.

Eskubaloian, bestalde, Imanol Alvarez Super Amara Bera Bera Ohorezko Mailako beste Liga bat irabazterantz gidatzen ari da, Joseba Rodriguez "Haito" Zubileta Evolution Zuazon lan bikaina egiten ari da azken urteetan eta Miguel Etxeberria Beti Onak taldea igo zuen iaz eta aurten maila oso ona ematen ari da.

Kirolez aldatuta, futboleko LaLigan, esaterako, hiru euskal prestatzaile daude momentu honetan –Imanol Alguacil Realean, Ligan hirugarren eta Europa Leagueko final-zortzirenetan; Jagoba Arrasate Osasunan, Kopako finalerdietan eta Europan sartzeko borrokan; Andoni Iraola Rayo Vallecanon, oso emaitza onak lortuz; eta aipatzearren ere, Ernesto Valverde Athleticen, Kopako finalerdietan eta Europan sartzeko borrokan–. Bere garaian, Lehen Mailan zeuden bost euskal taldeek entrenatzaile euskaldunak ere bazituzten –aipaturiko Imanol eta Arrasatez gain, Gaizka Garitano Athleticen, Asier Garitano Alavesen eta Jose Luis Mendilibar Eibarren aritu ziren–.

Talde bakoitzak bere ibilbidea darama, baina ezin ukatu LaLigatik kanpo euskal entrenatzaileak oso kotizatuta daudela. Alemaniako Bundesligan, adibidez, Xabi Alonsoren beharra ikusi zuten denboraldia dagoeneko hasita Bayer Leverkusenen egoera kaxkarra altxatzeko. Eta badirudi tolosarra helburua betetzen ari dela. Jokalari bezala zuen ikusmen gaitasunaz baliatuta, inork baino hobeto ulertzen du jokoa gipuzkoarrak, eta garrantzitsuena, bere jokalariei transmititzen asmatzen ari da. Realeko harrobian zere zigilua utzi zuen, ona, eta helburu handiagoetara abiatu zen.

Handik kilometro batzuetara, Premier League, askorentzat munduko ligarik onena dena, komentatzen ari garenaren beste erakusle garbia da. Gaur egun, 20 taldez osaturiko ligan, lau euskal entrenatzailea daude Ingalaterran entrenatzen, %20a, alegia: Mikel Arteta, Unai Emery, Julen Lopetegi eta azkena bertara iristen Javi Gracia iruindarra izan da. Bere bigarren etapa da txapelketa horretan –Watford taldea ere gidatu zuen–, Leeds United beheko postuetatik ateratzeko erronka izango du oraingoan.

Javi Gracia: erronka latza Leeds Uniteden

Ez du erraza izango iruindarrak (1970). Taldea azken-aurrena dago momentu honetan, 23 partida jokatuta 19 puntu dituela. Lasaitasuna emango liokeen postua ez dago oso urruti, bi puntura besterik ez, baina lau garaipen bakarrik lortu ditu klubak denboraldi honetan Ligan. Javi Graciak hasiera indartsua eta oso garrantzitsua izango du, lehen partidan azkena den Southamptonen aurka lehiatu behar izan baitu larunbat honetan; hurrengo neurketa Chelsearen etxean izango da eta hurrengoa zazpigarren den Brightonen aurka.

Martxoaren 18an Premier Leaguen entrenatzaile lanetan dabilen beste euskaldun baten kontra arituko da: Julen Lopetegi eta Wolverhampton. Eta kasualitateak kasualitate, hurrengo jardunaldia Mikel Arteta liderra den Arsenalen aurka jokatu beharko du. Ez da lehiatuko, ordea, laugarren euskaldunaren aurka, Unai Emery eta bere Aston Villa, bi partidak jokatu baitituzte dagoeneko.

Mikel Arteta, Arsenaleko jokalariei aginduak ematen. (Glyn KIRK/AFP)

Mikel Arteta: Arsenal sendo eta indartsu egiten

Jokalari gisa, Artetak (1982) bere lehen pausoak eman zituen Barça B-n –Antiguokotik atera ostean– eta Paris Saint Germainen, Eskoziako Rangersen taldeko heroia izan aurretik. Ondoren Realak, etxeko taldeak, fitxatu zuen baina ez zuen bere maila eman eta Evertonen, lehenik, eta Arsenalen, ondoren, aritu zen, berriro ere bere mailarik onena eskainiz. Bertan amaitu zuen bere ibilbidea jokalari bezala eta entrenatzaile izateko beste pauso bat eman beharko zuen ondoren. Izan ere, Manchester Cityn Pep Guardiolaren laguntzaile bezala zenbait denboralditan aritu ostean, katalanaren ideiez ondo mamitu eta bakarka zuzentzera joan zen Arsenalera, bere beste etxera, 2019-2020 denboraldian. Kasualitatez, Europa Leagueko final batera iristea lortu zuen Unai Emery hondarribiarra ordezkatu zuen Londreseko taldearen aulkian.

Kontuan izan behar da garai hauetan Cityk eta Liverpoolek zuten indarraz. Manchesterkoak 2018, 2019, 2021 eta 2022ko Ligak irabazi zituzten eta tartean, 2020koa, Liverpoolentzat izan zen. Gauzak hala, Arsenalek zortzigarren postuetan amaitu zuen Artetaren lehen bi denboraldietan, bosgarren hirugarrenean, eta orain Premier Leagueko liderra da. Gunners-ek 2004tik ez dute Liga irabazi. Artetak 2025a arte luzatu zuen kontratua iaz.

Unai Emery: Aston Villara eta urrezko domina

Sorpresa galanta eman zuen entrenatzaile hondarribiarrak (1971) denboraldi erdian. Vila-realen sekulako lana egin ostean –Europa League irabazi zuen eta Txapeldunen Ligako finalerdietara iritsi zen–, Unai Emeryk taldea utzi eta Premier Leaguetik iritsi zitzaion eskaintza bikaina aprobetxatu zuen. Steven Gerrard jokalari ohia ordezkatzeko deia jaso zuen Aston Villatik. Bertara abiatu zen beste behin, bigarren etapa betetzera Arsenalen aritu ostean.

Birminghameko klubak «top mailan dagoen entrenatzailea» bezala deskribatu zuen Unai Emery. Eta ez da gutxiagorako: lau Europa League irabazi ditu, hiru Sevillarekin eta beste bat Vila-realekin, eta PSGrekin Liga bat altxatu zuen. Eta Hondarribiak, bere herriak, omenaldi xumea egin zion azaroan, behin Aston Villan martxan jarri zela, herriko urrezko domina emanda.

Unai Emery, Artetaren Arsenalen aurkako partida jarraitzen. (Geoff CADDICK/AFP)

Urrian fitxatu zuenean –azaroaren 1ean hasi zen benetan lanean, Britainia Handian aritzeko lan baimena eskuratu ostean–, Aston Villa 15. postuan zen Ligan eta jaitsiera postuak hiru puntura zituen. Orain, ia lau hilabete pasa direnean, taldea hamaikagarren doa, jaitsieratik zazpi puntura. Hamar partida jokatu ditu, bost garaipen, lau porrot eta berdinketa bat pilatuz.

Bikain hasi zen bere lana aulkian. Izan ere, lehen partidan 3-1 irabazi zion momentu horretan beherakada nabarmena zuen Manchester Unitedi; bigarrengoan 1-2 irabazi zion Brightoni; egia da hurrengoan 1-3 galdu zuela Liverpoolen aurka, baina 0-2 gailendu zitzaion Tottenhami, 1-1 berdindu zuen Wolverhamptonen aurka eta Leeds Unitedi (2-1) eta Southamptoni (0-1) irabazi zien. Ondoren bi porrot jarraian metatu ditu Manchester City (3-1) eta Arsenalen aurka (2-4), Premier Leagueko lehen bi sailkatuen kontra, alegia. Emeryk 2024a arte du kontratua.

Julen Lopetegi: Sevillatik Wolverhampton zuzentzera

Asteasuko entrenatzailea (1966) Rayo Vallecanon hasi eta Real Madril Castillan jarraitu zuen, baina Espainiako gazteen selekzioarekin egindako lan txukunarekin argitu zuen bere ibilbidea. Bi Eurokopa irabazi zituen 19 eta 21 urte azpiko jokalariekin eta ondoren, Portora joan zen, 2014-2015 denboraldian Liga bigarren amaituz. Bigarren urtean 16 partida zuzendu zituen Portugalgo Ligan ordezkatua izan aurretik eta Espainiako gorengo mailako selekzioaren kargu geratu zen.

Beste eskaintza handi bat etorri zitzaion gipuzkoarrari, Real Madril entrenatzeko eskatzen badizute, ezin baitzaio ezetz esan. Eta talde zurira joan zen, baina bertan ez zituen helburuak bete eta denboraldi erdian kaleratu zuten.

Julen Lopetegi eta Ruben Neves, Wolberhamptoneko entrenatzailea eta jokalaria. (Darren STAPLES/AFP)

2019-2020an beste etapa garrantzitsu baten hasiera izan zen, Sevilla hartu baitzuen kargu. Bertan sari garrantzitsuenak lortu zituen asteasuarrak entrenatzaile bezala, lehenengo denboraldian Europa League bat irabaziz eta ondoren Txapeldunen Ligarako hiru sailkapen lortuz. Bigarren urtean, gainera, Sevillaren puntu errekorra hautsi zuen Ligan (77 puntu), 2014-2015ean Unai Emeryk lorturiko 76ak gaindituz. Eta hirugarren urtean ondo hasi ziren gauzak, baina oker amaitu ziren; laugarren denboraldian, Ligan zazpi partida jokatu ostean, kaleratua izan zen arte.

Ez zen denbora asko lanik gabe egon. Premier Leagueko Wolverhamptonek bere lana gertutik jarraitu zuen ordurako eta eskaintza egin zion aste batzuetara. Momentu horretan azken-aurreko sailkatua zen Wolves taldea 39 puntutik soilik 10 lortuz, baina gipuzkoarraren estreinaldia ezin izan zen hobea izan. 1-2 irabazi zion Evertoni abenduaren 26an, Gabonetan, azken momentuan sartutako gol bati esker. Ondoren, 0-1 galdu zuen Manchester Uniteden aurka, 1-1 berdindu zuen Emeryren Aston Villaren aurka, 1-0 irabazi zion West Hami, 3-0 galdu zuen Manchester Cityrekin baina 3-0 irabazi zion hurrengo jardunaldian Liverpooli, beste garaipen bat erdietsi zuen Southamptonekin (1-2) eta porrota jaso zuen azken jardunaldian Bournemouthen aurka (0-1). Hau guztiaren emaitza: Wolverhampton hamabosgarrena da sailkapenean eta jaitsiera postuak hiru puntura ditu. Ez dute zehaztu noiz arte duen kontratua Lopetegik.