Hendaiako Kaneta auzoan hilik agertu den pertsona «zerbitzu sozialek ezagutzen zuten»
Etxerik gabeko pertsona bat hilik agertu da gaur Hendaiako Kaneta auzoan. Jeremie Martin auzapezaren kabineteko buruak hainbat xehetasun eskaini dizkio NAIZi hildakoari buruz. Auzo berean beste etxegabe bat hil zen 2021ean.
Etxegabe bat hilik agertu da astearte honetako goizean Hendaian. Hildakoa gizonezko bat zen eta haren gorpua Kaneta auzoan azaldu da. Suhiltzaileek atzeman dute hilotz.
Aipaturiko hiri eremua etxerik ez duten pertsonen biltoki bilakatu da aspaldi honetan.
Kanetatik ez oso urrun, kalean bizi direnei zerbitzua emateko Udalak zabalduriko aterpea badago. Intzura auzoan kokatzen da premiazko harrera bermatzeko Hendaian zabalik dagoen zerbitzua.
Jeremie Martin, Hendaiako auzapezaren bulegoko buruak NAIZi azaldu dioenez, 1967. urtean jaioa zen zendutako gizona, beraz 56 urte inguru zituen.
Zerbitzu sozialek ezagutzen zuten pertsona bat zela baieztatu du Martinek, baina nabarmendu duenez, «askotan zailtasun atzemanen dituzte gizarte zerbitzuek kalean bizi diren pertsona batzuk ez dutelako aterpera joan nahi, eta horrelako kasu baten aurrean ginateke».
Urtarrila hasieratik, hala nola Baionako Udalak, kalean bizi diren herritarrak aterpe batera eramatea xede duen Hotz Handiko plana piztu zuen. Bere aldetik, premiazko harrera bermatzeko, Hendaiako Udalak hamar bat plaza duen aterpea kudeatzen du Intzura (Joncaux) auzoan, Atherbea elkartea, Gurutze Gorria eta herriko beste hainbat elkartetako bolondresez sostenguz.
Azken egunetan hotza handia egin badu ere, horrek ez du bermatzen aterpeak beteta izatea.
Harrigarria bada ere, plaza libre egon daitezke aterpeetan jendea kalean lo egiten duen bitartean.
«Hendaiako aterpea ez da beti betea, naiz eta hotza handia egiten duenean gizarte zerbitzuek indar berezia eginen duten pertsonak hauek gaua kalean pasa ez ditzaten», baieztatu du Jeremie Martinek.
Egoera horrek jakitera ematen du, elkarteen sarritan oroitarazten duten zerbait: karriketan bizi den jendeari aterpetik harago laguntza integrala behar zaio bermatu.
«Batzutan Herriko Etxearen inguruan ere ibiltzen zen»
Suhiltzaileak lehenik eta berehela Polizia bertaratu direla gizona hilik agertu den tokira baieztatu du auzapezaren kabineteko buruak.
Kotte Ezenarro auzapezaren kabinete buruak zehaztu duenez, gizona kalean bertan atzeman dute.
«Batzuetan Herriko Etxearen inguruan ibiltzen zen, edo hiriko beste eremutan, eta atzo nonbait Kaneta aldera joan zen gaua pasatzera», azaldu du udal ordezkariak.
Era berean, France Bleu irratiak eguerdian aurreratu duenez, bortizkeria arrastorik ezean, «heriotza natural» bezala ikertuko dutela etxegabearen heriotza baieztatu du.
Euskal Herria Baik mezua zabaldu du etxegabearen heriotzaren harira. Twitter sare sozialaren bidez adierazi duenez, «krisi garaiotan baliabide gehiago eta politika publiko eraginkorragoak behar dira euskal herritarron bizitzak zaintzeko».
Bigarren heriotza leku berean
Badira bi urte, zehazki 2021eko urtarrilaren 6an, beste etxegabe bat hilotz agertu zen hiri eremu horretan bertan. 56 urteko pertsona bat zen Kaneta auzoan hilik azaldu zena. Auto baten barnean atzeman zuten gorpua. Gaua bertan eman ondoren hilotz topatu zuten.
Etxerik ez zuten pertsona bi hil dira dagoeneko 2023. urtean.
Astearte honetan Hendaian hilotz agertu den 56 adineko gizona eta iragan urtarrilaren 24an hilik azaldu zena. 70 urte inguru zuen gizona txabola batean bizi zen Bilboko Bolueta auzoan.