INFO

Hirugarren hildako bat utzi du Legorretan izandako istripuak

31 urteko gizon bat hil da erietxean, larunbateko 0.05etan Legorretan izandako ezbeharraren ondorioz. Ibilgailu bat kontrako norabidean joan izanaren zergatia aztertzen ari dira oraindik.

La N-I en dirección Gasteiz a la altura de Legorreta. (Google Maps)

Oso larri zegoen pertsona bat hil da azken orduotan, Legorretan larunbatean ordu txikietan izandako auto istripuaren ondorioz, zenbait hedabidek aurreratu dutenez. 31 urteko gizonezko bat da.

Bi ibilgailuen arteko talka ostiraletik larunbaterako gauerdia pasata gertatu zen, 0.05etan hain zuzen ere, eta oraindik ez dago garbi zer gertatu zen. Baieztatuta dagoena da auto batek kontrako norabidea hartu zuela N-Iean eta norabide egokian zihoan beste bat aurrez aurre jo zuela.

42 urteko gizon bat momentuan hil zen; Beasainen bizi zela zabaldu da. Ordu batzuk beranduago, larunbatean bertan, bigarren pertsona bat zendu zen Donostiako erietxean, kasu honetan 34 urteko Ataungo emakume bat.

Hiru zauritu gehiago izan ziren talka bortitz horren ondorioz, eta horietariko bat da azken orduotan hil dena, erietxean.

Dirudienez, azken biktima hau kontrako norabidean zihoan autoan zegoen. Aurreko hildakoei dagokienez, batek norabide egokian ari zen autoan bidaiatzen zuen, eta besteak, aurrez jo zuen ibilgailuan.

Norabidea okertu izanaren arrazoia ikertzen ari da bereziki Ertzaintzaren partetik. Baina baliteke nahi gabeko akats baten ondorioa izatea, batetik gau iluna zelako eta bestetik ordu horretan eurijasa handia ari zuelako botatzen Legorreta aldean.

Suhiltzaileak, ertzainak eta Osakidetzako anbulantziak bertaratu ziren istripuaren berri izan bezain laster, baina ezin izan zioten bizitza salbatu bertan zendu zen gizonari, eta erietxeetan ere ezin izan dute biziraun gainerako bi biktimek.