INFO

Barrocal eta Ruiz de Larramendik irabazi dute Ados pilotako Binakako txapelketa (22-12)

Maddi Barrocal eta Olatz Ruiz de Larramendik pilotari emandako abiadura gakoa izan da Ados pilotako Binakako txapelketa irabazteko. Markagailuak islatzen duen baino lehia gogorragoa izan da finala, Zabaleta eta Agirreren aurka jokatutakoa.

Gorriz, txapelarekin, Ruiz de Larramendi eta Barrocal irabazleak; urdienz, Zabaleta eta Agirre. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ados pilota elkarteak antolatutako Binakako txapelketak amaiera ezinhobea izan du Zumarragako Beloki pilotalekuan. Maila altuko finalaz gozatu ahal izan dute pilotalekura hurbildutakoek eta azkenerako, Maddi Barrocal eta Olatz Ruiz de Larramendi nagusitu dira, 22-12, Goiuri Zabaleta eta Naroa Agirreren aurka.

Txapelketa bereko ligaxkan ere gaurkoan gorriz aritu dinerak gailendu ziren (22-18 markagailuarekin) eta NAIZi emandako elkarrizketan protagonistek faborito hitza saihestu nahi izan bazuten ere, a priori urrats bat aurretik zeuden Barrocal eta Ruiz de Larramendi.

Hala, Zumarragako pilotalekura ziurtasun gehiagorekin kantxaratu dira eta aurrelari bergararrak, saketik hasita, defentsan gogor aritzera behartu du bikote urdina. Gorriek pilotari emandako abiadura gakoa izan da lehia apurtzeko. Hasiera batean gogorra izan da dema baina bukaerarako Barrocal eta Ruiz de Larramendi aise nagusitu dira.

Txapelketa osoan joan dira gainontzeko bikoteen aurretik eta finalean ere halaxe izan da. Barrocalek Lehen Mailako aurreneko txapela jantzi du eta gainera, txapelketako pilotari onenaren saria jaso du.

Promozio Mailan, Uriarte-Oskoz nagusi

Lehen Mailako finalaren aurretik, Promozio mailako finala jaso du Zumarragako pilotalekuak. Uriarte eta Oskoz nagusitu dira Aranburu eta Insaustiren aurka (22-14). Hasi eta buka, gorriek neurketa oso serioa osatu dute eta beraz, merezimendu osoz jantzi dute txapela.