INFO

Pilotaren azken mugetako bat eraitsi du Luis Sanchezek Berezkoen txapela jantzita

Boteak lagun, 40-29 irabazi dio zazpigarren txapela nahi zuen Battita Ducassouri,  10-17 atzetik joan den Hazparneko finalean.

Luis Sanchez, txapelik preziatuena buruan duela. (Patxi BELTZAIZ)

Azken urteetan izandako garapen izugarria berretsi eta pilotaren munduan geratzen zen azken mugetako bat erautsi du Luis Sanchez esteribartarrak, Berezkoen buruz buruko txapela lehen aldiz Nafarroa Garaira eramanaz. 2005.ean Xalak ezker paretako Manomanista irabazita balentria egin bazuen, txapel hark traza epikoak izan zituela ezin ahaztu, baina ez da atzean geratzen Luis Sanchezek erdietsitakoa. Gainera, Lekuinekoak txapel bakarra lortu zuen bitartean, zaila ematen du nafarrak besterik ez lortzea, lortu duen joko mailarekin.

Nolabait esatearren, belaunaldi talka moduko bat izan da gaurko Hazparneko finala, izan ere bere lehen txapela nahi zuen 25 urteko Sanchezek errekor berri bat nahi zuen 31ko Battita Ducassou izan du parean eta itsasuarraren zazpigarren garaipenak, inoiz inork lortu ez duena, itxaron egin beharko du.

Eta hori, finala nahikoa maldan behera jarri zaiola lapurtarrari, partida hasieran 1-6 aurreratu delarik. Buruz buruko lehia guztietan boteek sekulako garrantzia izaten dute eta bi espezialista handi izanda, bistakoa zen sakearekin asmatzen zuenak asko izango zuela irabazia. Lehen txanpa horretan ez batak ez besteak ez du gehiegi asmatu, are gehiago, falta bana ere egin dute. Defentsan aritu da bereziki ondo orain arteko txapelduna eta horrek markagailuaren aginte eman dio lehen txanpa horretan, 10-17 aurreratzeraino.

Buruz ere indartsua
Baina atleta fisiko batez harago, psikologikoki ere oso pilotari indartsua da Luis Sanchez, gaztetasunak ez du prezipitaziora eraman eta bere unearen zain egoten asmatu du. Esan genezake aurkaria fisikoki akitzearen lehen fase horren ostean ikusi dugula Luis Sanchezik onena. Pilota oso bizi erabiliz, Ducassou akitzea lortu du eta hogeitan berdindu ostean, oso nagusi izan da kantxan.

Nola ez, botea izan du bere armarik garrantzitsuena, azkenerako 11 tanto ere lortu ditu lehen pilotakadarekin, baina jokoan ere nagusi izan da, hein handi batean Ducassouk ere askoz erabaki okerragoak hartu dituelako piloteoan, ziurrenik nekeak eraginda.

Ezin bestela izan eta botez egindako tanto batekin borobildu du Luis Sanchezek txapelketa bikain bat. Mattin Auzmendiren aurka estuasunen bat pasa bazuen ere, gainerako aurkari guztiak aise xamar gainditu ditu eta inork ezin du zalantzan jarri egungo trinketistarik onena denik. Lesio batek Biarritzeko urrerik gabe utzi zuen, baina Superprestigea eta Berezkoen Buruz Buruko txapelak ez du zalantzarako tarterik uzten.