INFO

Pornoaren arriskuen aurrean, nerabeei zuzendutako heziketa sexuala

Interneten erabilera okerrak ekiditeko asmoz, mainstream pornoak haur eta nerabeengan izan ditzakeen eragin kaltegarriez ohartarazteko kanpaina martxan jarri du Pantallas Amigas elkarteak. Unitate didaktiko bat prestatu du, gaztetxoek jakin ditzaten zeintzuk diren sexu osasungarriaren ezaugarriak.

Save the Children GKEaren arabera, Estatu espainiarrean batez beste nerabeek 12 urterekin ikusten dute lehen aldiz pornografia. (GETTY)

Nerabeek, bereziki emakumeek, pantailen bitartez indarkeria jasatea ohikoa da. Ziberindarkeria horrek forma ugari har ditzake; izan ere, hain zabala da internet, ezen «mina egiteko botere handia» baitu, ohartarazi du Pantallas Amigas erakundeko Jorge Flores presidenteak.

Gazte eta nerabeek internet nahiz bestelako komunikazio bide modernoak modu seguruan erabil ditzaten sustatzeko helburuarekin sortu zen Pantallas Amigas 2004. urtean, eta ordutik dozenaka ekimen sustatu ditu Estatu espainiarrean, herritar digitalei trebetasun eta gaitasun osasungarriak eskaintzeko. Eta, batez ere, informazioa, hori baita teknologia berrien erabilera egokia sustatzeko gakoa, elkartearen ustez.

Horrela, ertz asko ditu indarkeria digitalak eta bakoitzean erresistentzia-lubaki txiki bat finkatzen ari da Pantallas Amigas, nerabe eta gazteek jakin dezaten non zapaldu internetek edonori irekita gordetzen duen mina-zelaian. Azkenengo lubakia martxoaren 8aren bueltan aitzurtu du: DBHko hirugarren mailatik gorako ikasleak pornoak izan ditzakeen arriskuen inguruan ohartarazteko balio duen unitate didaktiko bat prestatu du ikastetxeetan erabil dezaten.

Euskaraz zein gazteleraz jaso daitekeen ‘Sexu osasungarria vs. porno kaltegarria’ unitate didaktikoaren bidez, mota batzuetako pornoaren kontsumoak nerabeen bizitzetan eta sexu harremanetan izan dezakeen eraginaren inguruan ohartaraztea da elkartearen asmoa.

Jorge Floresek zehaztu duenez, unitate didaktiko honen itua ez da pornoaren kontra egitea, ezta hari buruzko azterketa moralik egitea ere, denetarik baitago genero honen baitan; soilik porno «kaltegarriaz» mintzo dira. «Nerabe askok sexuaren inguruan ikasteko baliabidetzat dute pornografia eta, batzuetan, horretarako baliabide bakarra da», adierazi du Floresek. Berak zuzentzen duen elkarteak defendatzen du pornografiaren kontsumoa ez dela «batere gomendagarria» aurretik sexu hezkuntzarik jaso ez bada, askotan «pornografiak jarrera matxistak edo emakumeen kontrako indarkeria» erakusten baititu». Eztabaidaezina zera da: haur eta gazteek pornografia kontsumitzen dute, hala erakusten dute datuek.

Save the Childrenen arabera, Estatu espainiarrean batez beste nerabeek 12 urterekin ikusten dute lehen aldiz pornografia –%54ak 13 urte bete aurretik kontsumitu du lehen aldiz, eta %9ak 10 urte bete aurretik–, eta 10etik ia 7k (%68) maiz kontsumitzen du. Bestalde, GKE honen arabera, pornoa maiz kontsumitzen dutela onartzen duten nerabeen %52,1ek baieztatzen du horrek eragin handia edo nahikoa duela sexu harremanetan, eta %36,8 ez da gai pornografian fikzioa antzemateko.

Datu kezkagarriena, ordea, Espainiako Fiskaltzaren 2022ko urteko memoriak jaso zuen: adingabeek egindako sexu delituen kopuruak ia %60 egin duela gora, eta Pantallas Amigasek bere unitate didaktikoan jasotzen duenez, «gazteen pornografiarako eta jokabideen imitaziorako sarbide errazean egon daiteke kausa».

«Nerabe askorengan eragin handia dauka pornoak. Mainstream pornografian, gehien kontsumitzen den horretan, sexu harreman osasuntsuekin bateragarriak ez diren hainbat ezaugarri daude. Kanpaina honen helburua da gazteek horren kontzientzia hartzea», adierazi du Jorge Floresek.

Pantallas Amigas elkarteak landutako unitate didaktikoak lau egoera aurkezten ditu bineten eta ikus-entzunezkoen bitartez, sexu osasungarriaren eta porno kaltegarriaren arteko desberdintasun nagusiak agerian uzteko. Hala, unitate didaktiko honetan zehazten denez, sexuak osasungarria izateko lau baldintzok bete behar ditu: plazera eta elkarzaintza izan behar ditu, adostutakoa izan behar du –ez soilik «baimendutakoa»–, muturreko arriskuak saihesten ditu –antisorgailuak erabilita, adibidez– eta erreala da. Pornoan, kontrara, bestelako egoerak ikusten dira, Floresek agertu duenez: «Mainstream pornoan sarri ikusten da gizona disfrutatzen eta emakumea ez.

Pornoan oso arraroa da kondoi bat ikustea. Bestalde, askotan, emakumearen kontrako indarkeria ikus dezakegu pornoan, bortxaketak egoten dira, indarkeria fisiko eta sexuala... Bestalde, pornoan ikusten den horrek eta pertsona gehienen errealitateak ez dute bat egiten. Gorputzen moduez hitz egiten ari gara, edo egiten diren praktiken inguruan».

Save the Children GKEren arabera, Estatu espainiarrean batez beste nerabeek 12 urterekin ikusten dute lehen aldiz pornografia, eta 10etik ia 7k (%68) maiz kontsumitzen du. Nerabe hauen %52,1ek baieztatzen du horrek eragin handia edo nahikoa duela sexu harremanetan.

Lau egoeretako bakoitza ikasleei erakutsi eta hauei galderak eginez, ikasgeletan eztabaida irekitzean datza ariketa. Kontrola edo zigorra ezarri beharrean, hausnarketa bideratzean.

Pantallas Amigas elkarteko presidentearen ustez, ez bakarrik ikastetxeetatik, «hainbat ertzetatik» lan egin behar da pornografiaren eragin kaltegarriak ekiditeko. «Alde batetik, adingabeentzako eskaintzaren kontrol zorrotzagoa egon behar luke. Bestalde, eta honek ematen dio zentzua kanpainari, gizarteak arazoaren kontzientzia hartu behar du», agertu du. Bere aburuz, familien inplikazioa ere beharrezkoa da, haiei baitagokie seme-alabei behar duten hezkuntza afektibo–sexuala eskaintzea.

Genero indarkeria digitala

Pornoaren kontsumo kaltegarria pantailen bestaldean aurki daitezkeen arrisku ugarietako bat besterik ez da. Urteak dira Pantallas Amigas adin goiztiarretan «genero indarkeria digitala»ren inguruan ohartarazten ari dela.

Batzuetan erraz identifikatzen da, besteetan nekezago, baina forma asko izan ditzake: indarkeria da bikotekidea mugikorraren bitartez jazartzen edo kontrolatzen saiatzea, bikotekideak internet bidez dituen harremanak eteten saiatzea, mugikorra espiatzea, bikotekideak sare sozialetan elkarbanatzen dituen argazkiak zentsuratzea edo sare sozialetan duen jarduera kontrolatzea, bikotekideari mugikorreko geolokalizazioa aktibatu dezala eskatzea, irudi intimo edo sexualak bidali ditzala exijitzea, bikotekidea presionatzea bere pasahitzak zeintzuk diren jakiteko, beste pertsona batekin izan duen txat bidezko elkarrizketa erakustera behartzea eta internet bidez berehalako erantzuna jasotzen ez denean haserrea erakustea. Hori guztia eta gehiago da indarkeria.