INFO

‘LH DuaLa Euskaraz’ egitasmoaren aitortza ekitaldia egin dute

Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan elkartu dira Lanbide Heziketan erreferente diren Gipuzkoako lantoki, irakasle eta ikastetxeak, beraien esperientziak partekatzeko. 2022an ‘LH DuaLa Euskaraz’ egitasmoak jasotako praktika onak aitortu eta antolatutako lehiaketetako irabazleak saritu dira.

‘LH DuaLa Euskaraz’ egitasmoaren ekitaldian sarituak. (LH DUALA EUSKARAZ)

‘LH DuaLa Euskaraz’ egitasmoaren aitortza ekitaldia egin da astelehen honetan Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan. Ekitaldian Lanbide Heziketan erreferente diren Gipuzkoako lantoki, ikasle eta ikastetxeei beraien jarduna aitortu zaie.

Euskarak hezkuntzan duen tokia aztertzeko hezkuntza mahai inguru bat eratu da Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politika Sailburuordetzak eta Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketa arloek eta Laneki elkarteak antolatutako ekitaldian.

2022an jasotako datuei erreparatuz, guztira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 14.626 ikasle ari dira Lanbide Heziketa Duala euskaraz ikasten. Horietako 1.283 Araban daude, 5.043 Bizkaian, eta 8.300 Gipuzkoan, «lan mundura salto egiten dutenerako euskararen konpetentzia garatuz».

Lantokiei dagokienez, azken lau urteetan Euskal Autonomi Erkidegoan 4.615 lantoki izan dira ‘LH DuaLa Euskaraz’ egitasmoaren parte izandakoak, horietatik 316 Araban eta 1.477 Bizkaian daudelarik. Gipuzkoari dagokionez, 2.822 lantokitan egiten da Lanbide Heziketa Duala euskaraz. Gipuzkoan, lan mundua euskalduntzen diharduten beste zenbait ordezkarirekin enpresa arlora zuzendutako beste mahai-inguru bat antolatu da.

Sari banaketa

Ekitaldiaren bukaera aldera errekonozimenduen txanda iritsi da. Lehenik eta behin ‘Egunean Behin’ lehiaketaren bigarren edizioko sari banaketa egin da. Iazko denboraldian LHduala Euskaraz taldea sortu zen Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikasleei zuzendua, eta aurten deialdia EAE osora zabaldu da. 1.532 gaztek parte hartu dute bederatzi astez galdera-erantzunen lehiaketan eta guztira hiru irabazle izan dira.

Bukatzeko, lantokiek euskararen alde egiten duten lana errekonozitzeko unea iritsi da. Aurtengoan lantoki errekonozituak Zestoako Ameztoi Anaiak, Hernaniko Adarra Lantresnak eta Antzuolan kokatutako Erreka izan dira eta horiekin batera harremanak dituzten hainbat Lanbide Heziketako ikastetxe, besteak beste Don Bosco LHII, Usurbil LHII, Easo Politeknikoa LHII, Miguel Altuna LHII eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoa.