INFO

Monakori irabazi eta laugarren postuarekin amets egin nahi du Baskoniak, itsutu gabe

WIZink Centerreko garaipenak baikortasuna berpiztu du, ia hiru hilabete Euroligan etxetik kanpo garaipena eskuratu eta gero. Ostiral gauean, berriz, Mike Jamesen AS Monako dator Zurbaora, gasteiztarrek baino bi garaipen gehiagorekin, laugarren postuaren jabe. Irabaziz gero, ez legoke hain urruti...

Gutxigatik egin zion alde garaipenak Saski Baskoniari AS Monakoren kantxan. (@EUROLEAGUE)

Egia da oraindik ere Euroligako bederatzigarren postua gertuegi daukala Saski Baskoniak, baina pasa den martitzenean Real Mądrali WIZink Centerren irabazi eta gero, euforia apur bat nabari da gasteiztarren artean. Are gehiago hurrengo jokatu beharreko leiha etxean denean: ostiral gauean 20.30etan AS Monakoren aurka.

Duela urte gutxi eratu zen AS Monako kluba eta Euroligara ia iritsi berria dela esan baliteke ere, badaki dagoeneko zer den Saski Baskonia Top 8tik at lagatzea, duela urtebete Montecarlon jokaturiko dema garrantzitsuan Printzerriko taldea 78-68 nagusi izan baitzen eta modu honetan Euroligako zortzi onenen artetim kanpo geratu zen Baskonia.

Aurten ere AS Monako nagusi izan da aurreneko itzulian Gaston Medecin pabilioian jokaturiko hjeurketan, baina 79-74 bakarrik eta arabarrek ia eskuan izan zutela garaipena esan dezakegu. «Galdu dugun arren, hau ez da aurreko neurketen berdina izan. Hazten ari gara», esan zuen Joan Peñarroyak neurketa honen ostean eta denborak arrazoi eman zion, handik gutxira hasi baitzen garaipenak kateatzen Saski Baskonia.

Horixe orain ere gasteiztarren helburua: garaipenak kateatu eta bederatzigarren postuari baino laugarrenari begira hastea, gauza zaila dirudien arren. Izan ere, AS Monako bera da uneotan Euroligako laugarren sailkatua 17-10 balantzearekin; hau da, Baskoniak baino bi garaipen gutxiagorekin.

Ez da matematika askorik jakin behar Joan Peñarroyaren taldeak gaur gauean irabaziko balu zer gertatuko litzatekeen jakiteko. Hasteko eta bat, Euroligako Top 8an askoz sendoago legoke, atzetik dituen taldeen emaitzei hainbeste begiratu beharrik gabe. Bestetik, Sasa Obradovic serbiarrak zuzentzen duen taldearekiko garaipen bakarrera jarriko litzateke, eta ziurrenik puntu aldea ere gasteiztarren aldekoa izango lizateke, Montecarlon 79-74 galdu eta gero.

Nola leihakorrago izan

«Gure gorabeherak izan ditugu, noski, beste guztien antzera, baina urte osoan izan gara leihakorrak», azpimarratu du asteroko prentsaurrekoan Joan Peñarroyak. Terrassako entrenatzailea pozarren zegoen, nola ez ba, asteartean Madrilen irabazi eta ia hiru hlabeteko lehortea amaitu ostean: abendutik martxora Euroligako partidarik etxetik kanpo irabazi ezinik, alajaina!

«Taldeak bidera atera zaizkion zailtasunei aurre egiteko egokitu egin behar izan du eta dagoeneko martxoan gaude. Alegia, play-offetarako sailkapena ia bertan erabakiko da eta horretara bidean sekulako partida garrantzitsu pila jokatu beharko dutugu», gaineratu du teknikari katalanak, eta besterik gehitu aurretik, bere jokalariek zeren aurrean dauden ondo dakitela berretsi nahi izan du. «Mutilek badakite hau zer den eta zer egin behar duten», bota du.

Zentzu horretan, Markus Howard bere mailarik onenera itzuli ezinik dabilela-eta, ea kezkaturik ote dagoen galdetu zaio Peñarroyari. Zentzu honetan, Real Madrilen aurka Howard «oso egoki» aritu zela defendatu du Terrassakoak eta bere aldeko mezua berretsi zuen ere. «Oso jokalari berezia da eta tarteka gure jokoa askotxo baldintzatzen badu ere, zorteko gara bera gurekin delako», esan du.

Mike James baino gehiago

Esan gabe doa AS Monako Gasteiza itzultzean Mike James ere Gasteiza itzultzen dela 2014/15 denboraldian Baskoniarekin Euroligan debuta egin eta gero. Oso harreman petrala izan du Baskoniatik urrundu eta gero Mike Jamesek, baina bere izaera gogor eta zorrotz horren ondorio ia non ahi izan ditu arazoak bai entrenatzaile nola taldekide zenbaitekin ere.

Esaterako, duela pare bat aste Monako eta Maccabiren arteko dema jokatzen ari zela, Chima Moneke taldekidearekin xextra izan zuen eta Sasa Obradovicek aulkian ia «iltzatu» egin behar izan zuen taldearen martxa ona zapuzten ari zelako bere jarrerarekin.

Alabaina, bai orduan eta baita gainontzeko neurketetan ere, Montecarloko taldeak erakutsi du Mike James baino askoz baliabide gehiago dituen taldea dela. Esaterako, aurreneko itzuliko partidan Mike Jamesek ez zuen gauza handiegirik erakutsi Baskoniaren aurka, 10 puntu eta 7 asistentzia marka txarra ez bada ere. Elie Okobo eskolta frantsesak 22 puntu sartu zituen eta bera izan zen AS Monakoren garaipenaren giltzarri nagusia, Jordan Loyd eta Donatas Motiejunasekin batera.

Ikusi egin behar Baskoniak Madrilen lortutako garaipena etxeko ohiko sendotasunarekin berresten duen ala euforiak itsutu egingo ote duen.