INFO

252 hautetsik babestu dute Euskal Herrian Irun, Baiona eta Bordeleko auzapezen deia

Euskal Herriko 252 hautetsik babestu dute orain arte Irun, Baiona eta Bordeleko auzapezek AHT linea berriari buruz dauden zalantzak aintzat hartuta –Parisek 2042 arte ez luke mugaraino konexioa  eraikiko– egungo trenbidea berritzeko eginiko deia. Orotara 461k izenpetu dute Irungo Adierazpena.

Cade kolektiboko bozeramaleetako bat, Victor Pachon, Euskal Elkargoaren bilera baten atarian eginiko mobilizazio batean. (Guillaume FAUVEAU)

252 euskal hautetsik, horietatik 40 alkatek, babestu dute Irungo auzapez sozialistak, Jose Antonio Santanok, Baionako auzapez zentristak, Jean-Rene Etchegarayk, eta Bordeleko auzapez ekologistak, Pierre Hurmicek, iragan urtarrilaren 3an plazaratu zuten adierazpena.

Aipaturiko adierazpenaren bidez hiru hirietako agintariek oroitarazi zutenez, frantses Estatuko azpiegiturei buruzko kontseiluak iazko abenduan aurkeztu zuen txostenaren arabera Akize eta Irun arteko abiadura handiko konexioa, goiz bezala, 2042an helduko litzateke Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugara.

Egoera horretan, azken hiru hamarkadetan Ipar Euskal Herrian gizarte zibilak defendatu duen bezala, dagoeneko existitzen den trenbidearen modernizazioa hobestea eskatu zuten.

Orotara 461 hautetsik izenpetu dute Irungo Adierazpena

Hain zuzen AHT berriaren aurkako mugimendua batzen duen Cade kolektiboak Irungo Adierazpenak bildutako sostenguen zerrenda jakitera eman du.

Orotara 461 hautetsik izenpetu dute Baiona, Irun eta Bordeleko alkateek iazko abenduaren 17an bilera egin ondoren adostu zuten Irungo Adierazpena.

40 auzapez, Euskal Elkargoko 66 kontseilari, lau departamendu kontseilari, bi eskualde kontseilari eta Irungo udaleko zinegotzi bat agertzen dira behin-behineko zerrenda horretan, ‘Mediabask’ hedabideak ostiral honetan plazaratu duen albistean nabarmendu duenez.

Cade kolektiboak txalotu du, agiri baten bidez, «finean, biderik zentzuena gailendu izana» tren bidezko garraioen gaineko eztabaidan.

Kolektiboaren ustez, «azpiegitura faraonikoen» gibelatzearen eskutik «gero eta hautetsi gehiago konturatu dira egun batean egingo balituzkete horrelako egitasmoen finantzamendua tokiko erakundeen gainean eroriko dela».

Cadek gutuna bidali dio Elisabeth Borne frantziar lehen ministroari bere iritziaren berri emanez.

2030ko helmuga ahantzita, 2042. urteari begira

NAIZek iragan urtarrilaren 16an argitaratu zuen informazioan jasotzen zenez, ez epe laburrera ezta ertainera ere perspektibarik ez dago «Euskal Y» eta Lapurdi zeharkatuko lukeen Bordele-Akize abiadura handiko linea arteko konexio bati buruz.

Hain zuzen informazio horrek aipagai zuen frantses Estatuko azpiegiturei buruzko kontseiluak emandako txostenean oinarrituta, Elisabeth Bornek garraioari buruz bere Gobernuak dituen lehentasunak finkatu zituen iragan otsailaren 28an.

Deskarbonizazioaren helburuak betetzeko xede hainbat egitasmo defendatu zituen gobernuburuak, hala nola hirien arteko trenak eta eguneroko mugikortasuna ahalbideratzen duen eskualde trenen sarea garatzeko helburua zehaztuz. Txintik ez zuen esa AHTri buruz.