INFO

Baionan iaz zendu zen garabi-gidariari omenaldia, bi langile hil diren astean

Astebeteko epean bi langile zendu dira Ipar Euskal Herrian, lehena Baionan eta bigarrena Landetan. Testuinguru latz horretan omenaldia egin diote iaz Lapurdiko hiriburuan hil zen Mohamed Kechoui garabilariari.

Loreak eta plaka bat garabi gidaria hil zen tokian. (Patxi BELTZAIZ)

Baionako Alsace Lorraine etorbidean garabi bat etxe baten gainera erortzean zendu zen Mohamed Kechoui langilearen heriotzaren lehenengo urteurrena testuinguru bereziki latzean gertatu da.

Joan zen martxoaren 3an, Baionako garaje batean gertaturiko lan istripuan 50 urte inguruko langilea zendu zen. Joan zen asteartean, hilak 7, berriz 28 urteko ziburutar bat hil zen Landetako Tartas herrian kokaturiko Ryam enpresan mantetzen lanetan ari zela.

Lan-istripuen gaineko errealitatea ez da sobera aipatua frantses Estatuan. Are, berriki ika-mika piztu zuen Lan ministroak, Olivier Dussoptek, Frantzia Intsumituari emandako erantzunak.

Martxoaren 10a, jai eguna hildako langileen omenez

Lan ezbeharrak aipagai izan zituen Aurelien Saintoul diputatuak erretreten erreformaren harira.

Ministroak ez zuen aipamena preziatu eta hoztasun handiz «azken urteotan lan heriotzen kopurua egonkor izan dela» aldarrikatu zuen.

Alta, estatistika ofiziala eskutan, hori ez da horrela izan. 2005ean 476 langile hil ziren Hexagonoan lan-ezbeharretan. 2019an, berriz, 790 izan ziren.

Diputatu ezkertiarra, kikildu ordez, Lan ministroarekin izan zuen eztabaida garratzaren ostean urrats berria eman du.

Hala, lan istripuengatik edo lan eritasunen ondorioz hildakoak oroituz arazoaren larritasuna markatzeko lan egutegian data bat ezartzea proposatu du Saintoulek.

Zehazki gaurko eguna, martxoaren 10a, lan egutegian gorriz agertzea da LFI alderdiko hautetsiak proposatu duena, Maiatzaren Lehenarekin gertatzen den bezalaxe.

Auzoan komitea sortu dute

Iazko martxoaren 9an Baionan zendu zen bi seme-alaben aita zen Mohamed Kechoui (42 urte).

 ‘22 Bergeret’ biztanle kolektiboak, CGT, LAB, FSU eta Solidaires sindikatuekin batera, omenaldi bat egin zioten, ostegun arratsaldean, iazko istripu lazgarriaren lekuan berean.

«Omenaldi bat izan da, plaka bat, minutu bateko isilunea eta gero hitzartzeak, Mohamed Kechoui familiarekin adosturik egina», adierazi du Danielle Mesple kolektiboko kideak.

Istripua gertatu eta aste gutxira sortua, kolektiboak hildakoaren oroimena errespetatzen dela bermatu nahi du, baina baita erorketa horrek eragindako biztanleentzako ordaina ere.

Ikerketa judiziala martxan da oraindik

Alde batetik, egun horretan obraren inguruan zeudenentzako kalte psikologikoak daude eta, bestetik, kalte materiala.

Gaur arte, obrak ez dira segitu eta nahi gabeko hilketagatik abiatu zen ikerketa judiziala martxan da oraindik. Lehen elementuekin «garabia finkatzen zuten lau zutoinetako bat askatuta egongo zen» ondorioztatu zuten eta teoria judizialki ere baieztatua izan zen.

Horiek horrela, azken egunotan inkesta higrometrikoak egin dira, lanak berrabiatzeari begira. Testuinguru horretan, omenaldia biltzeko une bat izan da. «Trauma hor dago oraindik jende askorentzat. Heriotzaren aitzinean, inpaktu psikologiko horien aitzinean, makina politiko eta inmobiliarioa dago» borobildu du Mesplek.