INFO

Eibarko «final-laurdenetako kanporaketak» denak prest eta gustora aurkitu ditu

Xabi Tolosa, igandeko karranpei buelta emanda dago itxura baten, eta Jokin Altunari Mariezkurrena II.a lako jotzaile ikaragarri bati eusteko prest dago. Peña II.ak hil ala biziko partidetan onena ateratzeko gai dela erakutsi nahi luke.

Jokin Altuna eta Xabi Tolosa, joan den igandeko norgehiagokan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Finalerdietako ligaxkako aurreneko jardunaldian 22 tantora iritsi ezinik geratu ziren joan den asteburuan Peña II.a eta Mariezkurrena II.a, eta bereziki Jokin Altuna eta Xabi Tolosa. Laso eta Imazen kontra 22-21 galtzea baino gehiago, partidak izan zuen dramatismoa geratu da iltzaturik zaleen begietan. Dela Altunaren jokoa, dela Xabi Tolosaren ezina, karranpen erruz fisikoki hondoa jo zuenean. Dela Amezketako aurrelaria biren aurka ia bakarrik partida eramatekoa zorian geratzea...

Baina modu batera zein bestera izan, aurreneko jardunaldian galtzeak bigarren jardunaldia hil ala bizikoa bigurtzen duela dakar. «Guretzat hau final-laurdenetako kanporaketa bat bezalakoa da. Irabazten badugu, finalerdiak jokatuko ditugu, eta han ere irabaziz gero, finalera sailkatuko ginateke». Horra Jokin Altunaren berbak Eibarko Astelena frontoian egindako pilota aukeraketaren ostean.

Igandekoa, beraz, ez dirudi ligaxka bateko partida normala izango denik, askoz gehiago baizik. «Lehengoan galdu genuenean tartetxo bat bageneukan, baina oraingoan galduz gero, kalera goaz», gaineratu du Altunak, Asteleneako materialarekin pozik eta igandeko norgehiagokari begira kontzentratuta azaldu delarik.

«Saiatzen naiz gauzei datozen bezala aurre egiten eta esan, esaten da finalerdia hiru partidatara dela, baina kasu honetan bakarrera da eta horrela hartzen dut», azpimarratu du Amezketakoak.

Txapelketa osoan zehar, bestalde, «Altunaren atzelaria» baino zerxobait gehiago ere badela erakutsi du Xabi Tolosak. Bereziki, joan den asteburuan bezala, arrazoi bata edo besteagatik bererik eman ezinda geratu denean. Itxura baten behintzat, Anoetako atzelaria prest dago igandean gainera etorri behar zaion horri eusteko, Jon Mariezkurrena jotzaile handienetako bat dela esan beharrik ez baitago.

«Hanketan sentsazio hobeak dauzkat eta hobetzen ari naiz pixkanaka», aitortu du, hasteko. «Partida ostean karranparik ez nuen izan, baina karga handia somatzen nuen. Orain pixka bat arintzen saiatzen ari naiz. Sauna eta ur hotzarekin kontrasteak egiten ari naiz, masajea hartu... ahalik eta gauzarik gehienak iganderako prest egon beharko dudalako», aipatu du.

Bere txarrean, «uste baino hobeto» ari omen da Xabi Tolosa gorputzaldiari buelta ematen. «Sekula ez zitzaidan halakorik gertatu eta egia esan, ez nekien nola erreakzionatuko nuen. Pixkanaka hobetxen ari naiz eta gustora nago», onartu du azkenerako.

Estrategia ezberdinak

Elordi eta Zabaletaren aurka 22-14 galdu zuten arren, Peña II.a eta Mariezkurrenak II.a txapelketa honetan bizirik irautea zer den ondo dakien bikotea da. Horrek ez die Astlenenan garaipenik bermatuko, baina behintzat onena ematea nahitaezkoa den une horretan moldatuko ote diren konfidantza damaie biei ala biei.

«Larunbatean gauzak ez ziren nahi bezala hasi. Partidaren bigarren zatia oso ona egin genuela uste dut, baina hasieran joan zitzaizkigun. Baina ondo gaude, ondo sentitzen gara, piliotalekua eta materiala ere gustokoak ditugu eta igandean gustora etorriko gara hona», adierazi du Jon Ander Peñak.

Estrategia, itxura baten garbia da Peña eta Mariezkurrenarentzat. Berriozargo atzelariaren ahala baliatu atzeko koadroetan eta aurrean, Altunarekin nahastu beharrean, aukerako pilota datorrenean amaitzea. «Jokin aurrean endredatzen saiatuko da eta guk hori saihestu behar dugu», aitortu du Tolosako aurrelariak, jakinean ezin dutela kalerik egin.

«Hil ala biziko partida da, baina hilabete luze honetan halako hainbat partida jokatu ditugu eta nik uste zentzu horretan prest gaudela», gaineratu du, atakarik zailenetan onena ateratzen duen pilotaria dela beste behin erakutsi nahian. «Ligaxka polita da, baina benetan betetzen gaituzten partidak hauek dira», esan du, zoli.

«Nahiko pilota dexente dago eta seirak ere antzekoak dira. Guretzat behintzat, onak», aztertu du besterik esan aurretik Jon Mariezkurrenak. Esan bezala, bere indarrean izango da Peña bien aukeren ehuneko handi bat, are gehiago Xabi Tolosak pasa behar izan dituenak pasata.

«Galtzen denean bat okerrago egoten da, baina fisikoki eta eskuetatik arazorik gabe amaitu nuen, eta nik uste azkenerako partida nahiko txukuna jokatu genuela. Baina bestalde, irabazi behar dugula badakigu. Irabaziz gero bizi-bizirik jarraituko dugu, baina galduz gero, ia %100ean kanpoan geundeke. Beraz, ez dago irabaztea besterik», laburbildu du.

Xabi Tolosaren sendotasuna goraipatu du Berriozargoak, baina «une batetik bestera Altunak tanto asko egiten» dituela jakitun, badakite zuloa non bilatu. «Saiatuko gara larunbateko mailari eusten, eta irabazteko aukera asko izango ditugu akats txiki batzuek zuzentzeko gai bagara», azaldu du atzelari nafarrak, amaitzeko.