INFO

Kirolaren Lege berriak «Euskal Herriko lehiaketa markoa egituratzeko bidea irekiko du»

Bizitza aktibo eta jarduera fisikoaren kultura sustatzeaz gain, berritasunen artean dago euskal kirol federazioek lehiaketak antolatu ahal izango dituztela Nafarroa eta Ipar Euskal Herrikoekin elkarlanean. Euskal selekzioek nazioartean parte har dezaten, Federazioen Batasunaren babesa jasoko dute.

Legebiltzarreko Euskara, Kultura eta Kirol Batzordea Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Legea eztabaidatzen. (@LEGEBILTZARRA)

Lakuako Gobernua sostengatzen duten bi alderdien eta EH Bilduren baietzarekin; alegia Gasteizko Ganberako 75 eserlekuetatik 62ren baiezko lortuta, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Legeari dagokion behin betiko testua adostu dute asteazken honetan Legebiltzarreko Euskara, Kultura eta Kirol Batzordean, joan den irailean lortutako akordioari bide emanez eta hala, lege proiektu bihurtuta. Indarrean dagoen 1998ko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Legea ordezkatuko duen lege berri honen helburu nagusia «fisikoki aktiboagoa eta osasungarriagoa den gizartea» eta «kirol-jarduera inklusiboagoak eta berdintasunezkoak lortzea» da. Datozen egunetan onartuko Legebiltzarrean da behin betiko.

EH Bilduk baiezkoa eman du, bere ekarpenak hein handi batean legean txertatzea erdietsi duelako. «Lege hau berri ona da batez ere adingabeentzat eta kirol federatutik kanpo aritzen diren herritarrentzat, baina baita kirol federatuan aritzen direnentzat ere, ikuspegi integratzaile, inklusibo eta zeharkako izugarri ona duelako», adierazi du Rebeka Ubera EH Bilduko parlamentariak.

Testuaren filosofia bizitza aktiboaren eta jarduera fisikoaren kultura sustatzea da, eta errespetuzko, tolerantziazko eta uztail garbiko ohiturak transmititzea. Nolanahi, berritasunen artean dago euskal kirol federazioek lehiaketak antolatu ahal izango dituztela Nafarroa eta Ipar Euskal Herrikoekin elkarlanean, non eta hori dagoeneko gertatzen ari den zenbait diziplinatan.

Horrez gain, Euskal Kirol Federazioen Batasunak euskal federazioei beharrezko babesa eta estaldura ematea erabaki da, euskal selekzioek estatuko eta nazioarteko lehiaketetan, ofizialak barne, parte hartzea sustatu eta bultzatu ahal izan dezaten.

«Legeak bitartekoak jasoko ditu jarduera fisikoa sustatzeko filosofia hutsetik bizitza aktibo eta osasuntsuaren kultura eraikitzera pasatzeko; adingabeak babestu eta erdigunean izango dituen eskola adineko kirol hastapen eredu bakarra egituratzeko irizpideak ezarriko ditu; inklusioa garatzeko bide anitzak zehaztuko ditu, eta Euskal Herriko lehiaketa markoa egituratzeko bidea irekiko du, betiere nazio ikuspegi batetik», zehaztu du Rebeka Uberak, EH Bilduren ekarpena lau puntu hauetan laburbilduz.

Puntuz puntu

Hala, puntu bakoitza modu honetan jorratuko luke Lege berriak. Hasteko, bizitza aktibo eta osasuntsuaren kultura eraikitzea. «Gai hau agenda politikoan sartzen da lehenengo aldiz», azpimarratu du Uberak. «Jaurlaritzak plan estrategiko bat egin beharko du, legealdi hasiera guztietan Legebiltzarrak onartuko duena talde parlamentarioek ekarpenak egin ostean. Planak adingabeak, gazteak eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonak kontuan hartuko ditu bereziki. Legea kiroldegi kontzeptu klasikotik haratago joango da, herrietan zein hirietan kirola egiteko gune ireki, seguru eta egokiak proiektatzeko, eta, adibidez, EAEko bizikleta bideen sarea eraiki eta artikulatuko du», azaldu du.

Bigarrenik, «eskola adineko kirola hiru etapatan egituratuko da», laburbildu du Uberak. «Haur Hezkuntzakoa, haurrek 6 urte bete arte, jarduera fisikoa eta jolas librea sustatuko du. Bigarrenean, 6-12 urte artekoa, jarduera fisiko ludikoa eta kirol anitzekoa bermatuko da. Lehiaketak eta entrenamenduak egin ahal izango dira, baina osagarriak izango dira beti. Hirugarren etapan, 12-16 urte artekoan, kirolean parte hartzeko, errendimendu-kirolean hasteko eta kiroleko talentuak eta promesak identifikatzeko ibilbideak garatuko dira» erantsi duenez.

Betiere, hala azpimarratu baita «etapa guztietan ikastetxeak izango dira kirol hastapenaren ardatz egituratzaileak, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan administrazio publikoek programak antolatuko dituzte kirol federatutik kanpo geratzen direnentzat», gaineratu du EH Bilduren ordezkariak.

Era berean, arreta berezia jartzen da adingabeen hezkuntza-alderdietan, eta bereziki aipatzen dira kiroleko indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako borroka.

Kiroleko indarkeriarekin eta intolerantziarekin lotutako arau-hausteak sartzen dira, hala nola arrazakeria, xenofobia, sexu-orientazioagatiko, genero-identitateagatiko edo erlijio-arrazoiengatiko diskriminazioa, besteak beste. Honako zehapen hauek ekar ditzakete: lizentzia behin betiko etetea, 6.000 eta 60.000 euro arteko isunak, kirol-esparruetako klausulak eta ezgaikuntzak, besteak beste.

Hirugarrenik, «Kirol federazio bakoitzak protokolo bat egingo du, kirol egokituaren euskal federazioarekin lankidetzan, desgaitasuna duten kirolariak eta hauen taldeak ohiko kirol federazioetan sar daitezen, eta inklusioa garatzeko bide anitzak zehaztuko dira, lehiaketa mistoei bidea irekiz, esaterako», zehaztu du Uberak.

Azkenik, «Euskal Herriko lehiaketa markoa» ezartzen da. «EAEko federazioek txapelketak antolatu ahalko dituzte Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko federazioekin batera, elkarlanean, eta euskal selekzioen parte-hartzea sustatuko dute lehiaketa ofizialetan, nazioartean ere bai», berretsi du Rebeka Uberak EH Bilduren izenean.

Kontrako ahotsak

Esan bezala, 62 aldeko bozka jasoko ditu Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Lege berri honek. PP Ciudadanos eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek ezezkoa botoa eman diote eta voxeko parlamentaria ez da batzorde honetan izan.

Zentzu horretan, Rakel Molina (EAJ), Rebeka Ubera (EH Bildu) eta Alberto Alonso (PSE) aldeko botoa eman duten alderdietako bozeramaileak harrituta agertu dira Elkarrekin Podemos-IUk bere hainbat zuzenketa onartu dituenean kontrako jarrera agertu duelako.

«Bira dramatikotzat» jo du EAJko legebiltzarkideak Elkarrekin Podemos-IUren jarrera aldaketa hori.

Gustavo Angulo koalizio morearen ordezkariak onartu du legeak berdintasunarekin eta gizarteratzearekin lotutako neurri positiboak jasotzen dituela, baina legeak jasotzen duen federazio-sistema berria «atzerapausoa» dela uste du, eta horrek eragin du kontrako botoa ematea, nahiz eta ez duen azaldu «atzerapauso» horren zergatia edo jatorria.

Aldiz, Carmelo Barriok (PP+Cs) arau-testuaren zati batzuk ere ontzat jo ditu, zuzenketa batzuk onartu ondoren, baina kirol-selekzioen erregulazioari buruz eta kirol-jardueretan euskarari ematen zaion «gehiegizko protagonismoari» buruz ez dagoela ados adierazi du.