Nafarroaren nagusitzarekin haustea izango da GRABNIko beste selekzioen erronka
Sei urteren ostean, ezker pareta eta trinkeko txapelak jantzi zituzten iaz eta aurten ere parte hartzailerik gehien izango duen selekzioa izango da.
Asteburu honetan ekingo zaio afizionatu mailako txapelketarik garrantzitsu eta berezienari, taldeka jokatzen den GRABNI, zeinetan ehundaka pilotari gaztek jokatuko duten, bakoitzak bere herrialdearekin. Ohi bezala, Gipuzkoako, Errioxako, Bizkaiko, Nafarroako eta Iparraldeko selekzioek hartuko dute parte. Azken urteetan bezala, Nafarroa izango da garaikurra berresteko faborito nagusia eta kontuan izan behar da aurten ezker paretako txapelaz gain, trinketekoa ere defendatuko dutela nafarrek, iaz bi txapelketak eurentzat izan baitziren.
Momentuz, zenbaki aldetik onenak dira, 50 talderekin –ia 150 pilotari– Nafarroa baita parte hartzailerik gehien izango dituen selekzioa, atzetik Bizkaia –49rekin–, Gipuzkoa –46rekin–, Araba –34rekin–, Iparralde –27rekin– eta Errioxa –18rekin– dituela.
Lehen jardunaldia
Txapelketa asteburu honetan hasiko da eta finalak maiatzaren 7ko asteburuan daude jarrita, iaz bezala, Gasteizen. Finalerdiak, aldiz, Gipuzkoa eta Bizkaian jokatuko dira. Aurretik, ordea, bost jardunalditako ligaxka bat jokatuko dute, denek denen aurka eta lehen jardunaldi honetan jokatuko diren partidak honako hauek dira: Iparralde /Gipuzkoa, Errioxa/Araba eta Nafarroa/Bizkaia.
Ezker Paretan eta Trinketean federazio txapelduna zehazteko, hiru kategorietako bukaerako emaitzak eta gero, txapelik gehien lortzen dituena hartuko da lehen irizpide bezala. Berdinketarik balego, txapeldun ordeei begiratuko litzaieke, oreka hautsiko ez balitz hirugarren postuei... eta horrela txapeldun bat irten arte.