Osasun zentroen kudeaketa gaitzesteko mobilizazioak deitu dituzte apirilaren 22rako
Familiako medikuen arreta jasotzeko bost egun itxaron behar dira eta espezialisten arreta gutxieneko zerbitzuetan dago Gasteizen, Osasun Publikoa Aurrera plataformak salatu duenez. Horren aurrean, manifestazioak egingo dituzte apirilaren 22an Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean.
Osasun Publikoa Aurrera plataformak iragarri duenez, datorren apirilaren 22an Gasteizen, Bilbon eta Donostian manifestazioak deitu dituzte Lakuako Osasun Saila osasun zentroetan egiten ari den kudeaketa gaitzesteko. Iruñean ere kalera aterako dira.
Gasteizen ostegun honetan eskainitako prentsaurrekoan zehaztu dutenez, Lakuako arduradunen «utzikeria, zabarkeria eta bat-bateko kudeaketa» salatuko dituzte. Diotenez, «osasun planez mozorrotutako desegite planak» Lehen Mailako Arretan hutsune «asko eta handiak» sortzen ari dira.
Horren adibidetzat jarri dituzte osasun zentrorik gabe dauden auzoak, pediatrarik edo EAG pediatrikorik gabe daudenak, familia medikurik gabe daudenak, aurrez aurreko arretarik ez dutenak, etengabeko arretaren bermerik gabekoak edo larrialdi zerbitzurik ez duten auzoak.
Horretaz gain, arreta jasotzeko itxarote denboraren okertzeaz ohartarazi dute eta Estatu espainoleko «okerrenetarikoak» bihurtu direla salatu. Zehaztu dutenez, Gasteizen, familiako medikuen arreta jasotzeko bost egun itxaron behar da, espezialistak zerbitzu minimoetan ari dira lanean, kasu batzuetan bost hilabete itxaron behar da eta larrialdietan itxaroteko denbora bi ordu eta erdi izatetik lau edo bost ordu izatera pasa da.
«Osasun pribatuko enpresen kontuak gizentzen dituzte. Arreta denbora duinak izateko, herritarrak ordaintzera bultzatzen dituzte, ordaindu dezaketenen eta ordaindu ezin dutenen artean aldea eraginez», deitoratu dute agerraldian.
Hamar plataformaren elkarlana
Hamar plataformarekin koordinatuta antolatu dituzte mobilizazioak: BOPA Barakaldo, DOPA Donostia, Erandio Herri Plataforma, Gora Deustu, Izartu Mungialdea, Leioan Bizi, Zumarragako 24/7, Algortako Osasun Publikoa Aurrera!, Tolosako TOPA eta Zornotzako ZOPA. Gainera, datozen asteetan beste kolektibo, elkarte eta sindikaturekin harremanetan jarriko direla iragarri dute, «ahalik eta atxikimendu gehien lortze aldera».
Gasteizko manifestazioa 12.00etan abiatuko da Bilbo plazatik eta bat egitera dei egin dute, «herri gisa dugun betebeharra delako». Horrekin batera, Judimendin, Adurtzan eta Alde Zaharrean solasaldiak eta kontzentrazioak antolatu dituzte martxoan zehar.
Bihar 11.30etan
— Osasun Publikoa Aurrera (@OAurrera) March 15, 2023
Plaza berrian
Prentsaurrekoa
Mañana a las 11.30
En la Plaza Nueva
Rueda de prensa
A las 19.00 coloquio en la AAVV judimendi pic.twitter.com/VshneHvXFp