INFO

Paul Urkijoren ‘Irati’ historiako euskarazko film ikusiena bilakatu da

Hiru astez jarraian, Paul Urkijoren ‘Irati’ Estatu espainoleko Top 10ean mantendu da eta, dagoeneko, 120.000 ikusletik gora batu ditu zinema aretoetan. Historiako euskarazko film ikusiena da jada.

Eneko Sagardoy, Eneko Aritzaren rola jokatzen, ‘Irati’ filman. (IRATIFILM)

Orain hiru aste, otsailaren 24an, iritsi zen zinema aretoetara Paul Urkiko zinemagile gasteiztarraren ‘Irati’ filma. Kritika bikainak jasotzeaz batera, filmak publikoaren onespena ere jaso du. Horren ageriko karteleran daramatzan hiru asteetan 120.000 ikuslek baino gehiagok ikusi dutela filma Estatu espainolean.

Datu hori erdiesteaz batera, ‘Irati’ historiako euskarazko film ikusiena bilakatu da. Estatu mailan, gainera, hirugarren astez jarraian mantendu da film ikusienen Top 10 zerrendan; euskarazko film batentzat ez da lorpen makala.

Estreinatu zen aste berean Euskal Herriko film ikusiena izan zen ‘Irati’, eta Estatu mailan bigarren estreinaldirik ikusiena, Top 10ean zazpigarren postua erdiestera iritsita.

Zinema aretoetan jaso duen onespenaren aurretik, hainbat jaialditan saritua izan da Urkijoren filma. Besteren artean publikoaren saria jaso du Sitgeseko, Tenerifeko Isla Calavera eta Malagako Fancine zinema jaialdietan (efektu berezien eta prentsaren saria ere eraman zituen azken honetan), eta baita Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko 33. Astean ere. Sitgeseko jaialdi entzutetsuan, gainera, efektu berezi, bisual eta makillaje onenen sariak ere jaso zituen.

Goya sarien 37. ediziorako ere bost izendapen (jantziteria, abesti onena, musika, efektu bereziak eta gidoia) jaso zituen ‘Iratik’, azkenean bat bera eman ez bazioten ere.