INFO

Peña eta Mariezkurrenaren hutsek Binakakotik kanpo utzi dituzte eta Laso-Imaz finalean sartu

Aurrelari gipuzkoarrak eta atzelari nafarrak 22-15 galdu dute Eibarren Altuna eta Tolosaren kontra, bien artean 15 pilota galduz. Emaitza horrek aukerarik gabe utzi ditu eta finalean sartu ditu Laso-Imaz Baikoko enpresakideak.

Jon Ander Peña oso galtzaile ibili da Eibarren. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Jon Ander Peña eta Jon Mariezkurrena Binakako Txapelketatik kanpo gelditu dira Eibarren Altuna III-Tolosaren aura 22-15 galdu ondoren. Baikokoek partida tamalgarria jokatu dute, pilota mordoa galduz –15 bien artean– eta ez dira gai izan piloteoan erakutsi duten nagusitasun erabatekoari zukua ateratzeko. Emaitza horrekin, Laso-Imaz enpresakideak finalera sartu dira jardunaldi baten faltan eta bigarren txartela Aspeko bikoteen artean erabakiko da datorren igandean Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Gaizki hasi, gaizki buka. Horixe izan liteke Astelenan gertatutakoaren laburpena Peña eta Mariezkurrenarentzat. Izan ere, Altuna eta Tolosa 4-0 aurreratu dira markagailuan aurkariek instant batean galdutako lau pilotari esker, bina bakoitzak. Opari handiegia aurkarientzat, batez ere kontuan izanda piloteoan urdinak askoz gehiago zirela.

Horren adibide argiena: nahikoa izan dela odoljario hori apur bat moztea markagailua irauli eta 6-7 aurreratzeko. Atzean Mariezkurrena jaun eta jabe zen kolpez, eta hasiera horretan bi tanto sartu dizkio Tolosari atzean –baita beste bat aurrean Altunari ere, zabalean dejada polita eginez–.

Baina hurrengo tantoak berriz erakutsi du urdinak tanto berean zerua ikutu eta infernuan hondoratzeko gai direla. Ikustekoak izan dira 7-7koan Berriozarreko atzelariak eraman dituen pilotak, baina azkenean bera izan da sotamanoa goiko koltxoira bidali duena, gorrien 8-0eko partzial bati hasiera emanez. Aurkarien pilota biziagoarekin jarri ezinik-edo, Baikokoen hutsak bata bestearen atzetik iritsi dira, 6-7tik 14-7ra igaroz, eta ordurako 11 pilota zituzten galduak Peña eta Mariezkurrenaren artean, 6 aurrelariak eta 5 atzelariak.

Neurketa oso zail jarri zaien arren, aurkariak estutu dituzte bigarren erdian. Peña askoz gutxiago sartu da jokoan, askoz hobeto aukeratu ditu errematerako aukerak, eta zuzenago jokatuz partidak kolore urdina hartu du berriz. Altunak txapara bidalitako pilota batek 17-14 estutu du markagailua eta urduritasuna zabaldu "altunazaleen" eta "tolosazaleen" artean.

Eta orduan iritsi da beste tanto erabakigarri bat, 18-14koa. Tolosari atzeko zulotik defentsan aritzea tokatu zaio behin eta berriz, anoetarrak bikain gainditu duen erronka, eta Altunak aukera izan duenean atzean egin du tantoa sotamanoz. Aurkariak bi tantora gerturatzeko arriskutik atsedenera lauko abantailarekin joatera igaro dira. Aldageletatik bueltan, urdinek amore eman dute eta Jokin Altunak ongi asmatu du norgehiagoka azkar ixten.

«Oso haserre», agertu da partidaren amaieran Jon Mariezkurrena, irabazteko aukera paregabe bati ihes egiten utzi diotela jakitun. «Tanto guztietan berdina errepikatu da. Guk agintzen genuen, beraiek defentsan ibiltzen ziren, baina gure huts batekin amaitzen zen tantoa», onartu du hitz egiteko gogo askorik gabe.

Altuna eta Tolosa, aldiz, oso pozik agertu dira, azken jardunaldira bizirik iritsiko direlako. «Lan asko egitea tokatu zaigu. Egia da tanto gutxi egin ditugula, baina hemen dena ez da izaten tantoak amaitzea, aurretik lan asko egin behar da, ezkutuko lan asko, eta gaur ere horretan asmatu dugu», aldarrikatu du aurrelari amezketarrak.