INFO

Lezetxikira bisita gidatua antolatu du Aldundiak AHTren kalteak agerian gelditu ondoren

Gipuzkoako Aldundiak aztarnategiaren egoera erakutsi nahi die herritarrei bisita baten bidez, baita zalantzak argitu ere. Espeleologia zaleek AHTren obrek kobazuloan eragindako kalteak salatu eta publikoki zabaldu ostean dator larunbat honetarako antolatutako ekimena.

Metalezko sare bat jarri dute Lezetxikin, besteak beste, AHTko lanen ondorioz. (NAIZ)

Arrasateko Lezetxiki haitzuloko aztarnategi arkeologikora bisita antolatu du Gipuzkoako Aldundiak. Polemika ez da falta, otsailaren hasieran agerian gelditu baitziren AHT eraikitzeko obren ondorioz kobazuloan izan diren kalteak.

Lezetxiki Euskal Herriko aztarnategi garrantzitsuenetariko bat da bertan aurkitu zuelako Joxe Miel Barandiaranek euskal gizakirik zaharrena, 1953an. Arrasate inguruko espeleologia zaleek salatu zuten AHTren obren ondorioz, lur-jausia gertatu zela leitzearen barruan, eta bideetako bat itxita gelditu dela, bai eta metalezko sari handi bat jarri dutela ere. Kalteak deitoratu zituzten, eta ardurak ere eskatu zituzten. Ukaezinak dira afekzio horiek, irudi eta bideoen bitartez erakutsi zituztelako.

Erakundeen aldetik, ordea, aztarnategian ez dela inongo kalterik gertatu, kobazuloaren beste eremu batzuetan baizik, erantzun zioten salaketa horri. Eta hori berrestera omen dator bisita gidatu hau.

Gipuzkoako Aldundiak antolatu du, «aztarnategiaren kontserbazio egoera in situ» erakusteko asmoz, eta galdera eta zalantzei erantzuteko prest egongo direla ziurtatu du.

Aranzadi Zientzia Elkartearen eta EHUko adituen eskutik izango da, eta Alvaro Arrizabalaga doktorea –bi hamarkadetan Lezetxikiko ikerketa arkeologikoaren arduraduna izan zena– ere bertan izango da.

Bisita larunbat honetan egingo dute, martxoaren 25ean, 11.00etan (hitzordua Garagartzako plazan izango da). Aurkezpen labur baten ondoren, kobaren ingurura joango dira, plazatik 2 kilometrora. Bisitak ordu eta erdi inguru iraunen du.

Plazak mugatuak izango direnez, izena ematea ezinbestekoa izango da honako bideak erabiliz: 943466142  telefonora deituta edo aranzadi@aranzadi.eus posta elektronikora idatziz.