INFO

Neskek, kudeatu; mutilek, distira egin: generoa ikasleen talde lanetan

Igor Ahedo Gurrutxaga EHUko irakaslea eta Iraide Alvarez Muguruza ikerlaria talde lanetan ikasleen artean ematen diren genero rolen inguruan aritu dira ‘The Conversartion’ hedabidean. Ondorioztatu dute emakumeek egindako lana bere gain hartzen dutela gizonek.

EHUko Leioako campuseko ordenagailu geletako bat. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Igor Ahedo Gurrutxaga Politika eta Administrazio Zientzia saileko Politika Zientziako irakaslea da EHUn eta Iraide Alvarez Muguruza doktorego aurreko ikertzailea unibertsitate berean. ‘The Conversation’ hedabidean plazaratu dituzte ikasleen talde lanetan ematen diren genero rolen inguruan ateratako ondorioak. Nabarmendu dute arlo akademikoan aurrerapausoak ematen ari direla genero berdintasunaren alorrean, «irakaskuntzan eta ikerketaren diseinuan eta prozesuan genero ikuspegia txertatzen ahalegintzen dabiltzan milaka irakasleen konpromisoari esker».

Gaia haien diziplinara, Zientzia Politikoen eta Sozilogiaren alorrera, ekarrita, azpimarratu dute politika zientzia irakastearen helburuetako bat dela «lortzea ikasleek uler dezaten politika dela konponbide kolektiboak aurkitzea aurretik pribatutzat jo izan diren arazoak kudeatzeko» eta errealitate hori ikasgeletan agerian jartzeko adibide egokitzat jo dute feminismoa, «modua ematen digulako erakusteko genero desparekotasunak errealitate sozial eta estrukturalei zor zaizkiela, eta ez arazo pertsonal edo pribatuei».

Irakasleak eta ikerlariak ez dute ukatu goi mailako hezkuntzan ere desberdinkeria dagoela, baita ikasgeletan bertan ere. Hall eta Sandlerren (1982) lana aipatu dute, zeinak agerian jarri zuen ikasgeletako giroa «hotz-hotza» zela emakumeentzat, aurrerantzean ere beste ikerlari batzuek ondorioztatu duten eran. «Dozenaka azterlanek erakutsi dutenez, generoak axola du eta badauka eraginik ebaluazioan, ikasleei ematen zaien feedbackean edo tratuan, eta are irakasleek neskei eta mutilei eskaintzen dizkieten pizgarrietan ere» baieztatu dute.

Ahedok eta Alvarezek normalean ikerlarien kontroletik at geratzen den espazio bat hartu dute aztergai, ikasleek talde lanean izaten dituzten interakzioena, hain zuzen ere, espazio horietan desberdinkeria areagotu daitekeelako susmoa baitzuten. EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean burutu dute ikerketa, hogeita hamar bat emakume ikasleren parte hartzearekin.

Azterlana antolatzeko abiapuntua izan da kontuan hartzea genero desparekotasunak kontrajarpen hirukoitz batean oinarritu ohi direla, azaldu dutenez: «Batetik, produkzioa, publikotasuna eta arrazionaltasuna sozializazio maskulinoari lotu ohi zaizkio; bestetik, erreprodukzioa, pribatutasuna eta emozioen kudeaketa, berriz, sozializazio femeninoari». Gaineratu dute lehenengo hiru elementuak ontzat jotzen direla, eta bigarren hirurak, aldiz, gutxietsi ohi direla. Egiaztatu dutenez, «dikotomia horrek ikasleengan ere badu eragina, eta desparekotasunak sortzen ditu talde lanean».

Genero aginduak

«Genero aginduak edo genero arauak dira gizon batengandik edo emakume batengandik espero dena egiteko bete beharreko erregelak, inon idatzita ez daudenak baina barneratuta izaten direnak», azaldu dute. Arau horiek baldintzatu egiten dute gure portaera, eta jokoan sartzen dira talde lanen testuinguruan, Ahedok eta Alvarezek ondorioztatu dutenez.

Ikerketan ahal izan dutenek, andrazko ikasle askoren lana diskrezioaren, perfekzioaren, enpatiaren eta arduraren aginduek markatzen dute eta, ondorioz, talde lanetan emakume ikasleek beren gain hartzen dituzte irakasleek ezagutzen eta baloratzen ez dituzten zereginak: zuzenketa lanak, taldearen kudeaketa, koordinazioa.

Aitzitik, ahozko aurkezpenetan arazo handiei egin behar izaten diete aurre, nabarmendu dutenez, «diskrezio eta perfekzio aginduen ondorioz», eta horrek eragin negatiboa izaten du haien notan». Bestalde, jardun erreproduktiboan eta emozioen kudeaketan sozializatua izatearen ondorioek gainkarga bat dakartela ere baieztatu dute, ikusten eta baloratzen ez den lana delako. Horrek guztiak, irakasleak eta ikerlariak elkarrizketatutako andrazko ikasleek diotenez, «konfiantza falta eta ziurtasun arazoak» sortzen ditu, haien etorkizun profesionalean eragina izan dezaketenak.

Berdintasunean aurrera egiteko lehen urrats moduan ikusten dute ondorio horiek bistaratzea. «Talaia horretatik, haiek kudeatzeko mekanismoak jar daitezke abian», adierazi dute. Lankidetzako metodologiak horretarako eskaintzen duen aukera goraipatu dute, izan ere, «metodologia horien helburua baldin bada ikaslea bere ikaste prozesuaren eragile aktiboa izatea, hori berdintasunetik lortzen saia gaitezke».

Desberdinkeria kudeatzea

Azpimarratu dute egon badaudela tresnak desberdinkeria identifikatzen ez ezik, kudeatzen ere lagundu dezaketenak. «Talde kontratuetan edo bidaia kaieretan kontuan hartzen badira ez bakarrik alde produktiboak (emaitzak), baita alde erreproduktiboak ere (hau da, nola heldu den emaitza horietara), lanaren alde pribatu eta erreproduktiboak ere azalera daitezke, irakasleek balora litzaketenak», jakinarazi dute.

Elementu horien guztien bitartez ikaste prozesua prestakuntza eta hausnarketa prozesu kolektibo bat izan daitekeela adierazi dute, «era emango diguna errealitate horren ikuspegi pribatua gainditzeko». Feminismoak zabaldutako ‘pertsonala politikoa da’ leloa bere egin dute Ahedok eta Alvarezek.