Lointek Gernika Bizkaiak «sorpresa polit bat» eskaini nahiko lioke bere herriari Kopan
Girona aurkari gogorra zain badute ere final-laurdenetan, bizkaitarrek «sentsazio onak» dituzte eta beren burua lehiakor ikusten dute talde katalanaren aurka, azken honek lesioekin arazo handiak izan dituelako eta faborito izatearen presioa azken minutuetan nozitu dezaketelako.
Ostegun goizean abiatuko da Lointek Gernika Bizkaiaren espedizioa Zaragoza aldera, ostiralean 18.00etatik aurrera Gironaren aurka final-laurdenetako partida jokatzeko intentzioz. Kazetarien aurreko saioa izan dute bizkaitarrek astearte goizean eta bide batez babesleen laguntza ere jaso dute Malosten.
«Malosten jokatzea beti da esperientzia polit bat, baina badakigu Zaragozan ere ez garela bakarrik egongo, marea granatea hurbil sentituko dugu beti», adierazi du Itziar Ariztimuñok hedabideen aurreko saio honetan.
Gaztea den arren, badu eskarmentua antolatzaile bilbotarrak Kopan, Lointek Gernika Bizkaiak berak ere kale edo balke egiteko txapelketa honetan eskarmentua duen bezala. Ez da ahaztu behar iaz gernikarrek Cadi La Seu menpean hartu zutela Valentzian ospaturiko Kopan final-laurdenetako saioan eta finalerdietan gauzak zail jarri zizkietela Perfumerias Avenidari.
Badirudi aurten final-laurdenetako kanporaketa gainditzea zailagoa izango dela ziurrenik, baina horrek ez dio ilusiorik kentzen talde bizkaitarrari. «Egia da batetik, azken jardunaldian Cadi La Seuren kontra ez genuela gure partidarik hoberena jokatu, eta baita ere Girona talde handia dela. Baina tira, guk aurretik bost partida irabazi ditugu jarraian eta beraiek ere, lesioak direla-eta, ez daude beren momenturik onenean. Egia da Gardner, Tolo, Sykes... bezalako kalitate handiko jokalariak dituztela eta horien aurrean oso kontzentraturik atera beharko dugula», iritzio dio Itziar Ariztimuñok.
Hainbesteko kalitatea duten jokalarien aurka, talde izaera indartzea azpimarratzen dute Lointek Gernika Bizkaiako gainontzeko jokalariek ere, eta batik bat hasieratik topera ateratzea. «Banaka hartuta, zu baino maila hobea izan dezakeen aurkari baten kontra taldearen indarra baliatu behar da, eta nik uste hortik etorri daitezkeela gure aukerak», adierazi du Marta Alberdi hegaleko gernikarrak. Roso Buchek, bestalde, «gogoan izan behar dugu Malosteko partida. Hasi eta berehala egundoko aldea hartu zigun Gironak eta egia da bigarren eta hirugarren laurdenean partida parekatua eramatea lortu genuela, baina esfortzu hori garesti ordaindu genuen azkenean. Beraz, nahitaez 40 minutuko partida egin beharko dugu», gaineratu du.
Zaleen laguntza
Itxura batean, ez omen da jenderik faltako Zaragozako "Felipe Printzea" kiroldegian jokatuko diren Kopako neurketetan. Espainiako Saskibaloi Federazioak jakinarazi duenez, 8.000 abonu inguru saldu omen dira dagoeneko eta Lointek Gernika Bizkaiak ere izango ditu bere aldeko ahotsak. Gerardo Candina klubeko presidenteak aitortu duen moduan, «zorte apur bat izan genuen zozketari begira. Ez agian aurkariagatik, baina bai neurketa ostiralean jokatzea egokitu zaigulako. Zaragoza hemendik hurbil dagoen hiria izatera, jendea ere errazago mugi liteke gure neurketak jarraitzera. Gutxienez, 200 edo 300 zale inguru mugituko ditugula badakigu, bere kasa jango direnaz gain», azaldu du.
Bistakoa da hori eta gehiago ere beharko duela talde gernikarrak hain gogorra den arerio baten aurka. Nolanahi, Anna Montañana entrenatzailea, bere jokalari garaian Kopa irabazitakoa, beti ere mailarik altueneko taldeetan jokatu baitzuen, faboritoek nozitzen duten presioaz mintzatu da.
«Jokalari nintzenean hartutako eskarmentuak diosta Girona ez dela lasai egongo. Badakit Kopara zazpigarren postuan sailkatu eta Kopa bera irabaztea zer den, baina baita ere faborito gisa joan eta aurreneko egunean etxera itzuli beharra zer den ere», onartu du.
Roso Buch hegaleko katalanak Gironan hiru urte jokatu zituen eta antzera erantzun du. «Girona da faborito gure aurkako lehiarako, baina aintzat hartu behar dugu talde handiek Kopako final-laurdenetan galtzeko gehiago izaten dutela irabazteko baino. Nik hiru bider jokatu nituen final-laurdenak Gironaren kamisetarekin eta hiruretan gorriak ikusi genituen aurrera egiteko; mundu guztiak irabaziko duzula ziurtzat jotzen du eta ez da hain erraza presio hori eramatea. Beraz, gure maila emanez gero eta partida azkenera arte berdinduta eramateko kapaz bagara, nik uste aukerak izan ditzakegula», iritzi dio Mataroko jokalariak.
«Kopan edozer gertatu liteke. Badakigu partida errazik ez dagoela eta Gironak ere lehiatzen badaki, baina guk gogo handia jarri dugu Kopan aritzeko eta Gernikako herriari sorpresa polit bat eman nahi diogu», azaldu du, bere aldetik, Itziar Ariztimuñok.
Egiaren ordua
Abendu amaieran erabaki zen zein taldek jokatuko zuten Kopa. «Cadi la Seuk joan den asteburuan irabazi egin digu eta ahal ere, ez da Kopan izango. Pentsa zein parekatua den Liga hau!», adierazi du Anna Montañana entrenatzaileak.
Egia da, bestalde, lesioak gorabehera, Gironak ere ohi baino partida gehiago galdu dituela, eta horri ere heldu nahi dio Itziar Ariztimuñok. «Guk ere denboraldi nahiko arraroa izan dugu, momentu txarrak eta momentu onak bata bestearen segidan etorri zaizkigulako. Baina azkenean partida asko irabaztea lortu dugu eta sentsazio onak pilatu ditugu azken aldian eta Julie –Wojta– ere berreskuratu dugu, eta zergatik ez dugu partida onik egingo Gironaren kontra?», galdetu du antolatzaile bizkaitarrak.
Gorabehera horietan aurrera ateratzeko gakoetako bat izan da Itziar Ariztimuño beraren maila bikaina denboraldiko hainbat zatitan. Batez ere Sandra Ygueravide min hartuta egon zen garaian eman zuen maila bikain horrek orain bere taldea Kopan aritu dadin aukera eman dio. «Pixkanaka ikusten dut aurrerantz pausoak ematen ari naizela, beti ere taldeari lagundu nahian. Orain bertan ere momentu on baten nagoela sentitzen dut eta hori aprobetxatu behar dut taldeari laguntzeko. Liga eta Kopa jokatzea asko atsegin dut eta hori eman nahi diot taldeari laguntzeko», aitortu du jokalari bilbotarrak.
Kolore berdea
Bezperako agur instituzionalaz gain, hedabideen aurrera ere atera dira Kutxabank Araskiko jokalariak. Lointek Gernika Bizkaiak eramango duen antzera, gasteiztarrek ere 250-300 zale inguru eramatea ziurtatu omen dute dagoeneko.
Arabarrek etxeko taldea, Zaragoza, izango du aurkari, baina Maria Asurmendi kapitainari jaramon eginez gero, pozarren daude Araskiko jokalariak aurkari hori dutelako zain.
«Zaragoza etxeko taldea da, baina horrek esan nahi du Girona, Perfumerias Avenida eta Valentzia saihestu ditugula final-laurdenetan. Ez nuke Zaragozaren lekuan beste aurkari hauetako bakarra nahi nire aurrean», onartu du antolatzaile iruindarrak.
Kutxabank Araskiko espedizioa asteazkenean abiatuko da, ostegun gaueko 20.30ean jokatu behar baitu final-laurdenetako bere partida. Espero bezala, espedizio horretan izango da ere Tanaya Atkinson hegaleko estatubatuarra, pasa den jardunaldian oin batean dituen arazoen erruz jokatu ezinik geratu bazen ere.