Itsasondoko bidea lokazturik
2004ko Gazte Topagunea Itsasondon ospatu zen. «Ziurgabetasuna» izan zen aurreko egunetan nagusi, baina 8.000 gazte elkartzea lortu zuten.
‘Gu gara herria, egin dezagun bidea’ izan zen 2004an Itsasondon ospatu zen Gazte Topaguneko lelo ofiziala. Apirileko lau egunetan lelo ez-ofizial bat sortu zela aitortu du Markel Ormazabalek, garaian antolakuntza lanetan ibili zen kideak: «Zopagunea 2004, Lokatzondon». Eguraldiari egiten dio erreferentzia, baina euskal gazteriak urteak iragan behar izan ditu lokaztuetako bideetan, eta Topagunean ere ez ziren oztopo izan lokatza eta ekaitza. Ezta haize hotza ere.
Ziurgabea zen egora eta hala ere, arrakastatsua izan zen 2004ko Gazte Topagunea. Hilabeteetako prestaketa lana izaten du horrelako ekimen batek atzean. Eta kasu honetan, inoiz baino ziurgabetasun handiagorekin abiatu zuten. Izan ere, jada ez zuten Elorrioko «inozentziarik» gazteek, bi urte ziren Segi Hego Euskal Herrian legez kanpokoa zenetik, eta lehendabizikoz antolatuko zuten Topagunea horren kontzientziarekin, Elorrion «guztia oso azkar» pasa baitzen Ormazabalen hitzetan.
Arrakasta izan zen nagusi, 8.000 gazte baino gehiago elkartu ziren. Baina Gipuzkoako herrian antolakuntza lanekin hasi zirenean, ziurgabetasuna zen nagusi Ormazabalen arabera: «Testuinguru horretan –antolakunde ilegalizatu batekin- Topagune bat antolatzea guztiontzako zen berria, bai guretzat, baina baita Poliziarentzat ere». Autoritateen erantzuna eta euskal gazteria independentistarena ziren zalantza nagusiak; gazteek beti bezain fin erantzun zuten.
Testuinguru politikoari erreparatuta bi zutabe nagusi antzeman daitezke, eta elkarrekin talkan zeuden etegabean. Batetik, Nazio Eraikuntzaren estrategia garatzen zebilen ezker independentista eta bestetik, estatuen aldetik gero eta errepresio handiagoa zegoen. Nazio eraikuntzaren ideiatik abiatuta, gero eta tresna gehiago sortzen ari ziren Euskal Herri luze zabalean. Udabiltza sortu zen, arlo instituzionalagoari begira, Laborantza Ganbara edota Behatokia bezalako tresnek ere izan zuten bere lekua. Garaian pisu berezia hartu zuen Nazio Garapenerako Biltzarra ere abian zen. Esan daiteke beraz, geroz eta tresna gehiago ari zirela sortu zein egonkortzen eraiki beharreko nazio horren bidean. Gazte Topagunea ere tresna bat gehiago izango zen bide luze horretan. Baina ezin da aipatu gabe utzi bide hori oztopo eta trabaz betetakoa izan zela. Eta guztia barnebiltzen zuen munstro handi batek, errepresioak.
Sasi guztien gainetik
Legez kanporatzeek, beldurrak, atxiloketek… etengabe zangotrabatzen zuten eraikuntza plan hura, eta testuinguru horretan, tentsio horrekin zegokien gazteei aldarria eta festa, «jaia eta borroka», batuko ziren topalekuak sortzea.
Bost gune atondu zituzten Itsasondon: gaztetxea, Euskal Herria gunea, Komunikazio gunea, Karpa erraldoia eta jantokia. Ohiko guneak ziren, urteroko berritzeak gehituta. Karpa erraldoian bildu zen jende gehien, kontzertu entzutetsuenak bertan izan zirelako. Euskal Herria gunea edota kafe karpa deitzen ziotena ere oso bisitatua izan zen garaiko kroniketan jasotakoaren arabera.
Jantokian egun bakoitzean modu bateko janaria topatu zitekeen. Lehenengo egunean «sagardotegi erraldoia» egin zuten, inguruko sagardotegi eta sagardogileen laguntzarekin. Azken egunean ordea, Kantabriatik joandako katering batek prestatu zuen paella geratzen ziren gazteentzat. Hori ere bazen eraikitzen ari ziren gazte mugimendu anitzaren erakusle, gustu ezberdinak betetzearen nahia.
Zentsuratuen gaua
Errepresioak gogor jotzen zuen garai horretan, Espainiako Estatuak «euskal» aurrizkia zuen oro zuen jo-puntuan. Horren adibide da, mugimendu politikoez gain, Euskal Herritik kanpora ospea zuten musika taldeei kontzertuak debekatzen aritzea. Horretan ere ekarpen bat egin zuen Gazte Topaguneak, Itsasondo zapaldu zutenek gogoratuko dute: Zentsuratuen gaua.
Fermin Muguruza bera jarri zen gazte antolakundekoekin harremanetan ideia bat bururatu zitzaiola eta, Ormazabalek kontatzen duenez. Eta bere eskutik antolatu zuten ‘Zentsuratuen gaua’, bertan, kontzertuak debekatzen ari zitzaizkien Fermin Muguruzaren taldeak, Berri Txarrakek eta Sociedad Alcoholicak jo zuten. Karpa handia goraino bete zen, eta askok buruan izango dute oraindik bertako kantu bakoitza. Nolabaiteko indar erakustaldi bat izan zen Ormazabalek gogoratzen duenez: «Ilegalizazio kontestuan, astebururo debekatzen ari zarete kontzertu batzuk eta guk horiekin zentsuratuen gaua antolatu dugu, esateko modu bat zen», azaltzen du irri txikia ahoan.
«Ilegalizazio kontestuan, astebururo debekatzen ari zarete kontzertu batzuk eta guk horiekin zentsuratuen gaua antolatu dugu, esateko modu bat zen»
Muguruzak egin zuen edizio hartako abestia, ‘Bideak’ izenburuarekin; bidea zabaltzearen, bidea izatearen eta bide egitearen inguruan ari zen. Itsasondoko kaleetan, eta Euskal Herriko tabernetan ez ezik, zabalpen handia izan zuen kantuak. Horren adierazgarri da Euskadi Gaztean hilabetez kanturik entzunen zerrendan lehen postuan egon izana, lehen aldia eta aldi bakarra. Testuinguru ilunenean, aurreikuspen guztien arabera ezinezkoa zen inoizko babes zabalena jasotzea Gaztea bezalako hedabide batean. Ormazabalek «bitxia» izan zela irudikatzen du, «herri honetako paradoxa hori da, nola ematen diren gauzak».
Komunikazioaren indarra
Gazte Topagunea aurrera ateratzeko, eskuz esku eta orpoz orpo egiten dute lan ehundaka gaztek. Itsasondora eginiko bisitan nazioartetik etorritako kideek esanak ongi gogoratzen ditu donostiarrak: «Euskaldun hauek eroak daude, nola antolatu dezakete hau guztia? Eta nola antolatu dezakete hau guztia euren kabuz?», esaten omen zuten harriturik.
Ekimena antolatzeaz gain, ekimenaren berri ere gazteen ahots propiotik egiteko apustua egin zuten Gazte Sarea-koek. Lehendabiziko aldiz egin zuen Gazte Sareak zuzeneko jarraipena, irratiaren eta interneten bidez. Gazteen ahotsa gazteek zabaltzea garrantzitsua iruditzen zitzaien, eta batez ere hori teknologia berriekin lortzea. Garai horretan hasi zen internet eskuragarri izaten, eta gazteek ere horren lekuko izan nahi zuten.
Komunikazioan trebatzen eta gero eta baliabide gehiago zituen gazte antolakundeak. Eta horrek ere izan zuen isla Itsasondon. Iluntzero antolatzen zuten zine albistegia, egun horretan gertatutakoak proiektatzen zituzten, egunaren laburpena eginez. Momentu berezia izaten omen zen, «ekintza eta ekintza arteko arnas moduko bat».
Azken egunetako eguraldi txarra lagun utzi zuten gazteek Itsasondo, baina bazekiten orduan elkarturiko ilusioak lanean jarraitzeko indarra emango zietela, uste baino lehen jarriko ziren Lezora begira.