Itzulian «protagonista izateko» eta «mendian borrokatzeko» prestatu da Caja Rural
Caja Rural taldeak asteazken honetan Viana-Leitza etaparen ikuskatu du. Itzuliako bigarren etapa da, luzeena. Jose Miguel Fernandez kirol zuzendariaren arabera «ez da konplikatuena» baina uste du azken zatian pilatzen den gogortasunean «min ematen saiatuko direla garaipenaren bila datozenak».
«Protagonistak izateko lan egingo dugu, ikusaraziak izateko eta ea mendiko maillotaren borrokan sartzen garen». Caja Rural-RGA Seguros taldeko kirol zuzendari Jose Miguel Fernandezek NAIZen deia erantzun du, txirrindulariak Viana-Leitza etapa ikuskatzen ari ari ziren bitartean. Itzuliako bigarren etapa da –hilaren 4an lehiatuko da– eta kilometroz, luzeena da (193 km). Dena dela, Fernandezen iritziz ez da «konplikatuena», «zailena beti azken etapa izaten da, motzena eta intentsoena delako».
Konplikatuena ez baina sailkapen nagusirako borrokan dabiltzanentzat, tarteak irekitzeko aproposa izango dela onartu du: «Lekunberri ingurura iritsi aurretik, kakotx artean, betegarriak diren kilometroak dira; behin Lekunberrira iritsita, mendate gehiago datoz, Leitzatik igarotzen gara eta azken txanpan sartzen gara. Ez dira mendate handiegiak baina gogortasuna pilatzen doa eta seguru, sailkapen nagusiagatik borrokatzera datozenak min ematen saiatuko direla».
Iaz, alderantzizko norabidean lehiatu zen etapa hau; Leitzan hasi eta Vianan bukatu, alegia, eta Alaphilippek irabazi zuen. Ibon Ruiz (Kern Pharma), Julen Amezqueta (Caja Rural) eta Ander Okamika (Burgos BG) izan ziren protagonista eguneko ihesaldian eta Orluis Aular (Caja Rural) laugarren helmugaratu zen. Laugarren etapan seigarren postuan iritsi zen venezolarra eta Fernandezek adierazi du etapa batzuen borrokan ere egon nahi dutela, «behintzat top 5 bat borrokatzeko, iaz Aularrekin egin legez».
Hain zuzen ere, Aular maila onean iristen da Itzuliara. Arrabideko klasikoa eta Alentejoko Itzulia irabaztetik dator, iaz bezala. Fernandezek ohartarazten du Itzulian lehiakortasun handiagoa egongo dela, World Tourreko 18 talde baitaude, «baina behintzat erakusten du bere egoera fisikoa ona dela, espero genuen bezala, eta prest dagoela Itzulian berme guztiekin lehiatzeko».
Euskal Herriko Itzulia hurrengo astelehenean hasiko da, apirilaren 3an. Gasteizen hasiko da lehendabiziko etapa eta Laguardian bukatuko da. Bigarren etapa, aipatu Viana-Leitza izango da. Hirugarrengoan Gipuzkoara egingo du jausi, Errenteria eta Villabona-Amasa artean lehiatuko dena. Laugarrena eta bosgarrena Bizkaian jokatuko dira: Santurtzi-Santurtzi eta Zornotza-Zornotza. Azkena, ohiturari jarraituz, Eibarren hasiko da eta aurten, herriaren erdigunean bukatuko da.
Murguialday eta Barrenetxea
Aularrekin batera, Jokin Murguialday eta Jon Barrenetxea euskaldunak egongo dira taldean –Cepeda, Barcelo, Nicolau eta Pradesek osatzen dute zazpikotea–. «Oso lasterketa berezia da beraientzat, bereziena, etxekoa baita; lan ona egiteko ilusio eta gogo handiz daude. “Barrene”, gainera, oso ondo aritu zen Portugalen eta espero dugu zertzeladaren bat uztea etaparen batean», onartu du kirol zuzendariak.
Denboraldiaren aurkezpena egin zutenean aitortu zuten bereziki itxaropenez daude Gamiz-Fikako txirrindulariarekin eta Fernandezek berretsi egin du: «Kalitate handia duen txirrindurlaria da, urtero aurrerapausoak ematen ari da eta aurten beste bat eman du. Uste dugu edozein momentutan erdietsi dezakeela emaitza on edo garaipenen bat. Alde horretatik, ilusio asko daukagu berarekin eta itxaropentsu gaude».
Iaztik hona, Jonathan Lastra –egun Cofidisen, Izagirrerekin batera– eta Mikel Nieve –txirrindularitza utzi du– galdu ditu Caja Ruralek. Kirol zuzendariak onartu du Nieveren hutsunea ez dela handiegia, «soilik urte batez» egon baitzen gurekin eta «zoritxarrez, ez dugu bera disfrutatzeko aukera handirik eduki»; bizkaitarrarena, ordea, bai da agerikoagoa: «Oso garrantzitsua izan da taldearentzat. Ez da gehiegi nabarmendu garaipenei dagokionez baina beti zegoen hor, presentzia handia ematen zigun, ez zuen hutsik egiten... Eta agian hori da falta zaiguna, konstantzia handiko txirrindulari bat».
O Gran Camiñoren ostean, «atsedenaldia» hartzeko denbora izan dutela-eta, osasuntsu ikusten du taldea Fernandezek. Barcelo ere errekuperatua dago urte hasieran kirofanotik pasa ostean. Orain, Sergio Martinen egoerak kezkatzen du gehien. Istripua izan zuen pasa den astean eta bost saihets eta bi orno puskatu zituen, ondorioz ebakuntza egin zioten. Orain, Toledoko ospitalean dago, errehabilitazioa noiz hasi zain: «Luze joango da bere errekuperazioa baina disziplina, lana eta ilusioarekin espero dugu ahalik eta lasterren egoera iraultzea».