INFO

Arraun Lagunak eta Urdaibai nagusitu dira Pasai San Pedroko jaitsieran, iaz bezala

Arraun Lagunak eta Urdaibai nagusitu dira larunbat honetan jokatu den Pasai San Pedroko estropadan. Iaz ere bi ontzi hauek eraman zuten garaipena. Eguraldi kaskarra dela-eta, proba ordu erdi aurreratu dute eta arraun eremua ere mugatu egin dute, badia barruan lehiatu da azkenean.

Gorka Aranberri patroia ikurrina astintzen, Pasai San Pedroko garaipena ospatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arraun Lagunakek denboraldi-aurreko lehendabiziko garaipena ospatu du larunbat honetan. Denbora onena egin du XIV. San Pedroko Test estropadan (15:45.95) –iaz legez– eta gutxika-gutxika taldeari forma ematen daudela erakutsi du traineru donostiarrak. Orio izan da bigarrena, 8 segundoko aldearekin. Mirotzak etxean irabaztetik iristen zen Pasai San Pedrora baina kasu honetan ezin izan du garaipena errepikatu.

Hain zuzen ere, oraingoz ordezkaritza anitza egon da jaitsieretako irabazleen artean. Donostiarrak indartsu hasi zuen urtea –Portugaleten eta Zierbenan nagusituta– baina bigarren postuarekin konformatu ziren Oriako jaitsieran eta larunbat honetan, hirugarren izan dira, bigarrenetik oso gertu eta Arraun Lagunak-etik 9 segundora.

Gaurkoan koska bat beherago bukatu du Tolosaldeak –19 segundora–. Oriako estropadan hirugarren egitea lortu zuen, Arraun Lagunaken aurretik, baina San Pedron ezin izan du estropada on hori errepikatu.

Bereziki aipatzekoa da Arraun Lagunaken bilakaera. Aurreko hiru jaitsieretan garaipenetik oso urrun aritu baita. Dena dela, Itxaso Azkonobieta Orioko arraunlariak NAIZi eskainitako elkarrizketan nabarmendu zuen legez, «neguaz ez gara fidatzen: entrenamenduko kargari dagokionez, bakoitza aste jakin batean aurkitzen da, ez dakizu besteak nola ari diren entrenatzen, eta parez pare jarri arte ez dakizu talde bakoitza nola iritsiko den udarara. Beraz, neguan gertatzen denarekin ez gara geratzen».

Urdaibai eta Donostiarraren arteko lehia estua

Gizonezkoen proban, kontuak estuago egon dira, lehen sailkatu eta zazpigarrenaren artean 7 segundoko aldea egon baita. Urdaibai nagusitu da azkenean, Donostiarrak baino segundo bat azkarrago ibili baita. Gipuzkoarrek, hain zuzen ere, denbora hobea egin dute lehen hiru estropadetan baina azken luzean bermeotarrek hortzak estutu eta azkenean, denbora hobeto dute. Hala, Bermeoko ontziak iazko garaipena errepikatu du estropada eremu honetan. Gainera, Bou Bizkaiaren bigarren garaipena da denboraldi-aurre honetan eta biak elkarren segidan erdietsi ditu –Oriako jaitsieran eta Pasai San Pedron, alegia–. 

Orio eta Hondarribia ere azkeneraino onenen artean egon dira. Mirotzak bi segundo motelago aritu dira eta "Ama Guadalupekoa", hiru. 

Estropada ona egin dute baita ere San Juanek eta Zierbenak –bien artean ehunekoen aldea besterik ez da egon–, Urdaibairen denboratik bost segundora bukatuta.

Etxeko trainerua, San Pedrotarra, zazpigarren postuan geratu da, 7 segundora. Honen atzetik geratu dira Meira, Getaria, Telmo Deun eta Zarautz.