Aberri Eguna ospatzeko deialdiak jarraitzeko gida; bateratuak zein bakarkakoak
Igandean ospatuko da Aberri Eguna, baina aurretik ere izango dira ekimenak. Ekitaldi ezberdinak iragarri dira asteburu horretan Euskal Herrian; bateratuak, Bagira eta Euskal Herria Batera ekimenak egingo dituztenak, eta bakarkakoak, alderdi zein eragileek deitutakoak.
Apirilaren 9an ospatuko da Aberri Eguna. Euskal Herriaren naziotasuna eta hiritarren eskubideak aldarrikatzeko unea izango da, eta horretarako hainbat ekitaldi izango dira. Izaera komuna dutenetatik hasita, hauek dira aurtengo deialdiak:
Euskal Herria Batera, Donostian
Euskal Herria Batera ekimenaren ekitaldia larunbatean izango da, Aberri Egunaren bezperan. Donostiako Miramar jauregian deitu dute, goizeko 11.00etan, ‘Bagara, badugu’ lelopean. Estitxu Garaik eta Ibai Zabalak martxoaren 22an Bilbon izandako agerraldian azaldu zutenez Maitea Frontoiko Aberri Egunaren 90. urteurrena oroitzeko hautatu dute aurten gipuzkoar hiriburua.
«Gure asmoa, berriro ere batzen gaituenarekin hitzordu bat izatea da, eta ez banatzen gaituenarekin. Hemen aurrera egiteko prest dagoen herri eta komunitate bat badela esateko hitzordua. Euskal Herria egunez egun eraikitzen duten pertsonak daudela gizartearen esparru askotan», nabarmendu zuen Zabalak.
Horregatik, Euskal Herri osoko eragile sozialak, politikoak eta sindikalak gonbidatu dituzte ekitaldira, baita kulturgileak, akademikoak eta kirolariak ere. «Aberri Eguna elkarrekin ospatzea eta euskal herritarren irudi bateratua eskaintzea da gure nahia», gaineratu zuen.
Bagira, Itsasun
Itsasuko ekitaldiari dagokionez, Aberri Egun «herrikoi eta aldarrikatzailea» egiteko xede egitarau oparoa antolatu du Bagira dinamikak. Hala, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak Itsasuko Xartaren 60. urtemuga ospatuko du larunbatean zein igandean, ‘Biharko Euskal Herria eraikitzeko prest’ lemapean.
Apirilaren 8an, goizeko 11.00etan hasiera emango diote ospakizunari. Mugimendu abertzalearen 60 urteko borrokaren inguruko erakusketa estreinatuko dute, argazki, pegatina eta afixez osaturik. Igandean, aldiz, manifestazioa egingo dute goizeko 11.00etan. Plazatik abiatuko da, Itsasuko Harrirainoko ibilbidea egiteko.
‘Itsasuko Ageria’ (1993ko apirilaren 15) plazaratu zen leku historiko horretan egingo den ekitaldia izango da, antolatzaileen arabera, asteburuaren hitzordurik nagusia. Bertan mugimendu abertzaleak Ipar Euskal Herriak aurrez aurre dituen erronka eta aukerei begira jokatu nahi duen paperari buruz mezu nagusia emango duelako jakitera. Ondoren, aperitifa zein zikiro animatua izango dira Atharrin.
EH Bildu, Iruñean
La Furia, Arkada Social eta The Trikiteensen kontzertuekin eta Irlandako Sinn Fein alderdiko bozeramailearekin ospatuko du EH Bilduk aurtengo Aberri Eguna Iruñean, apirilaren 9an. Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak Nafarroako Parlamentuan azaldu zuenez, asmoa «jai giroa eta giro aldarrikatzailea elkartzea» da.
Eguna manifestazioarekin hasiko da, 12.00etan Golem zinemetatik aterako dena. Eta arratsaldean kontzertuak izango dira. Haurrentzako egitaraua badago ere, Umeen Gunean, Burgoen Plazan. Bertan, 16.00etan ‘Gora bihotzak’ umeentzako ikuskizuna izango da eta 17.15etatik aurrera.
Ruizek zehaztu zuenez «Aberri Egunaren ospakizuna, Euskal Herrian ezagutzen dugun bezala, Irlandatik ekarri zen duela ia mende bat, eta, hain zuzen ere, aurten 25 urte bete dira Irlanda iparraldean Ostiral Santuko Akordioak sinatu zirenetik».
Gaur astelehenean «herria eta independentziarako bidea indartzeko» deia egin du Sortuk. Eta hiru hitzordurekin bat egin du: EH Baterarenarekin, Itsasukoarekin eta EH Bilduk Iruñean antolatu duen honekin.
«Harrotasunez bizi dugu Euskal Herria eta bertakoak izatea», aipatu du ohar batean ezker abertzalearen alderdiak. «Ordea, maite dugun herri honen biziraupena jokoan dago, baita etorkizuna bera ere. Horren jakitun gara, eta horregatik diogu Euskal Herriak jauzi baten beharra duela». Horri begira, «beharrezkoa da nazio susperraldi bat piztea», nabarmendu du Sortuk.
EAJ, Bilbon
EAJk Bilbon ospatuko du Aberri Eguna, ‘Gure Izaera. Gure Aberria’ lemapean. Jeltzaleak, ohikoa den bezala, Plaza Berrian bilduko dira. Bertan egingo dute ekitaldi politikoa 11.30ean. Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria izango dira.
Apirilaren 8an, Ortuzar Bizkargi mendira igoko da jelkideekin batera, 1936ko gerran hildako gudarien omenenez egindako ekitaldi batean parte hartzeko. Ikurrina igo eta Aberri Egunean parte hartzeko deia egingo dute.
Ernai, Elorrion eta Iruñean
Milaka gazte Elorrion izango dira Aberri Egunaren asteburu honetan, Ernaik antolatutako Gazte Topagunean, ostegunetik aurrera. Ernaik hamar urte bete berri dituenean hitzordua «hamarkada oso baten elkargune» izango dela nabarmendu dute, eta baita «bizitzeko bestelako modu baten alde lerratzen garen milaka gazteren topaleku ere».
Lau egunetako egitaraua osatu dute. Ostegunean hasiko da, 13.00ean izango den harrera ekitaldiarekin; ostiralean ‘10 urtez Ernai’ eguna izango da, urteurrenari lotutako eskaintza berezitu batekin; larunbatean familientzako jarduerak antolatu dira, eta igande goizean Iruñeko Aberri egunera joango dira. Kontzertuak eta tailerrak ere izango dira.
Jardun, Gernika-Lumon
Jardun koordinadorak Gernika-Lumon ospatuko du Aberri Eguna. «Ukazioaren aurrean, Euskal Herriak askatasuna!», aldarrikatuko dute bertan.
Koordinadorak otsailaren 18an azaldu zuenez, antolakuntza eta mobilizazioa dira «zapalketa iraultzeko tresnarik garrantzitsuenak. Aberri Eguna, Euskal Herri Langilearen identitatea aldarrikatuz, bere suntsiketara bideratutako estrategiari aurre egiteko eguna dugu. Aldarrikapenaren bitartez kontzientziazioari ekiteko eguna».
«Langileok banatuta eta esplotatuta mantendu nahi gaituztenen jazarpenaren aurrean, elkartasunerako eta batasunerako eguna dugu. Euskal Herri Langileak Euskal estatu independente eta sozialistaren eraikuntzan aurrerapausoak eman, eta antolaketa marko propioen bitartez hau eraikitzeko gurarian berresteko eguna, alegia»», gaineratu zuen.