INFO

Jagoba Arrasatek Kopako finalera iristeko Javier Aguirreri eskatutako bide-orria

Denboraldi honetan bezala, Osasuna eta Athletic Kopako finalerdietara iritsi ziren 2005ean. Nafarrek gol bateko errenta defendatu zuten etxetik kanpo eta zuri-gorriek garaipenaren beharra zeukaten aurrera egiteko.

Valdok egindako golari esker Osasuna Kopako finalerako sailkatu zen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Osasunak Kopako final bat bakarrik jokatu du bere 123 urteko ibilbidean. Esperientzia gehiago izango du Athleticek, baina bi taldeak finalerdietara heldu ziren aurreko aldian nafarrek eskuratu zuten txartela. 2005ean izan zen, eta oraingoan bezala, gol bateko errenta defendatu behar izan zuten gorritxoek etxetik kanpo jokatutako partida batean. Athleticek ere garaipen baten beharra zeukan eta huts egin zuen San Mamesen.

Osasunak Javier Aguirreren Mallorcaren kontra neurtu zituen indarrak ostiral iluntzean. Partida amaitzerakoan elkar agurtu zuten telebistaren aurreran eta Jagoba Arrasatek finalera iristeko bide-orriaren inguruan galdetu zion brometan. Aldi berean, «fenomeno» bat dela mexikarra azpimarratu zuen.

Bost urte daramatza entrenatzaile bizkaitarrak gorritxoekin eta Lehen Mailara igotzearekin batera bere partidarik garrantzitsuenaren aurrean aurkitzen da. Aguirrek, Osasunako entrenatzaile gisa bete zuen hirugarren denboraldian lortu zuen finalera heltzea. Hurrengo urtean, Txapeldunen Ligan jokatzeko sailkatuta utzi zuen taldea.

2002ko Munduko Kopan Mexikorekin lan ona egin ondoren, Iruñeara heldu zen Patxi Izko presidente berriaren eskutik. Aldaketa garaia zen. Miguel Angel Lotinak Osasuna Lehen Mailara itzultzea eta bi denboraldiz jarraian mantentzea lortu zuen, baina klubaren asmoa estutasunak alboratu eta maila bat igotzea zen helburua.

Gorabeherak eta zailtasun ezberdintasunak gainditu behar izan zituen arren, Javier Aguirrek mentalitate aldaketa bat ekarri zuen eta ezineskoak ziruditen emaitzak eskuratu zituen bere umore eta egiteko modu xelebrearekin. Entrenamenduetan jokalariek gozatzea zen bere metodoetako bat. Lehen sasoian, Kopako finalerdietara iritsi ziren 2003an, baina Lucas Alcarazen Recreativok ametsa zapuztu zuen. Bi eta huts galdu zuten joaneko partida Huelvan eta Sadarren ezin izan zioten buelta eman kanporaketari.

Javier Aguirre Osasunaren entrenatzailea izan zen 2002tik 2006rarte. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Javier Aguirre Osasunaren entrenatzailea izan zen 2002tik 2006rarte. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Entrenatzaile mexikarrak arazoak izan zituen hastapenean bere estilo erasokorra Ligako erritmo eta jokora egokitzeko. Kaleratua izateko arriskuan izan zen hainbat aldiz eta 2005 hartan ere alanbretik erortzeko zorian zebilen. 12 partida irabazi gabe eta gol gehien jaso zituen taldea baitzen Ligan. Zalantza ugari zeuden eta atezainen eginkizunean ere eragin zuzena izan zuen. Juantxo Elia izan zen gehien jokatu zuena, baina Sanzolek ere partida mordoa izan zituen.

Javier Aguirrek, motibatzaile aparta dela erakutsiz, egoerari buelta eman eta taldekideen artean lehiakortasuna bultzatzen asmatu zuen Kopan. Ibilbide malkartsua izan zuten gorritxoek txapelketan zehar. Penaltietara gainditu zuten lehen kanporaketa Castellonen aurka eta luzapenean irabazi zuten Gironaren kontra Iñaki Muñozek sartutako penalti bati esker. Erdilari nafarra erabakigarria izan zen partida gehienetan eta bost gol egin zituen Kopan. Getafe kanporatu zuten final zortzirenetan eta, aurten bezala, final laurdenetan Sevillarekin neurtu zituzten indarrak. Sanchez Pizjuanen galdu ostean (2-1), Sadarren nagusitu ziren gorritxoak (3-1).

Ligako hirugarren aurrekontu txikienarekin, finalerdietara iritsitako talde xumeena zen Osasuna. Atletico Madrilekin neurtzea egokitu zitzaion zozketan eta ‘Chengue’ Morales aurrelari uruguaiarrak begi onez hartu zuen. Denboraldiko izarretako bat izan zen eta 9 gol egin zituen Ligan. Milosevic serbiarra eta Aloisi australiarra aulkian utzi zituen eta nafarren erasoko erreferente nagusia izan zen Webo kamerundarrarekin batera.

Iñaki Muñoz erdilaria Valdorekin gol bat ospatzen. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Iñaki Muñoz erdilaria Valdorekin gol bat ospatzen. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Garai latzak ziren Atleticorentzat. Fernando Torres zen kapitain eta ikur nagusia 21 urterekin eta Ibagaza argentinarra zen bere jokalaririk arriskutsuena. Ligan Europarako sailkatzeko zituen aukerak galduta, Kopa zen geratzen zitzaion helburu bakarra Cesar Ferrandok zuzentzen zuen taldeari.

Osasunak gose gehiago zeukala agerian utzi zuen apirilaren 20ean jokatu zen joaneko partidan eta merezitako garaipena eskuratu zuten. Valdo eskuin erdilariak egin zuen gola lehen zatiaren erdialdean korner batean. Besteren bat egiteko aukera izan zuten atsedenaldiaren aurretik, baina Leo Franco atezain argentinarrak ondo erantzun zuen. Bigarren zatian hobeago moldatu ziren kanpokoak eta sufritu beharra egon zen. Cuellar erdiko atzelaria kaleratua izan zen azken minutuetan eta errenta defendatzea lortu zuten gorritxoek bat gutxiagorekin.

Bueltako norgehiagoka hiru aste beranduago jokatu zen Vicente Calderon zelaian maiatzaren 12an. Atletico Madrileko jokalariak zaleak hauspotzen eta giroa berotzen saiatu ziren. Fernando Torresek adibidez, Osasunari joko zikina egitea leporatu zion eta araudia muturreraino eramatea. Gorritxoei beldurra sartzen saiatu ziren, Ligan hiru gol sartu zizkietela gogora ekarriz eta harmailetako bultzadarekin kanporaketa gaindituko zutela ziurtzat ematen. Aldi berean, Iruñeako zaleei sarrerak saltzeari uko egin zioten madrildarrek eta Osasunaren autobusari harriak jaurti zizkioten zelaira heltzerakoan.

Osasunaren ohiko hamaikakoa 2004-2005 denboraldian. (Juanan RUIZ / FOKU)
Osasunaren ohiko hamaikakoa 2004-2005 denboraldian. (Juanan RUIZ / FOKU)

Baina talde nafarrean, Pablo Garcia erdilari uruguaiarra bezalako jokalariak zeuden, inoiz kikiltzen ez direnak. Maila mantentzea ziurtaturik, ez zeukaten galtzeko ezer eta aukera paregabea zela argi zeukaten. Aurrera egiteko gol bat egitea derrigorrezkoa izango zela esan zuen Javier Aguirrek atarikoan, baina gorritxoek oso partida serioa jokatu zuten eta defentsako lan bikaina eginez erantzun zuten.

Elia izan zen atezaina eta defentsan Unai Exposito, Krutxaga, Josetxo eta Clavero aritu ziren. Pablo Garcia eta Patxi Puñal sartu ziren zelai erdian, Valdo eskumako hegalean eta Delporte ezkerrean. Webo eta Morales izan ziren aurrelariak eta aulkitik Iñaki Muñoz, Moha eta Milosevic atera ziren.

Javier Aguirrek azpimarratu zuenez, bere taldeak «arima» utzi zuen zelai gainean eta golik ez jasotzea nahikoa izan zen. «Asko sufritu» arren, «sari potoloa» Osasunak irabazi zuela goraipatu zuen mexikarrak. Krutxagak eta Eliak taldearen nortasuna eta aldagelan sentituko poztasuna eta alaitasuna nabarmendu zuten. Finalerako txartelarekin batera, Europan jokatzeko aukera eskuratu zuen Osasunak. Izan ere, Betisek Athletic kanporatu zuen San Mamesen eta Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu zen denboraldi amaieran. Talde gorritxoaren zaleak kalera atera ziren ospatzera eta Gaztelu plazan egin zuten festa.

Osasunaren zaleek Gaztelu plazan ospatu zuten Kopako finalerako sailkapena. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Osasunaren zaleek Gaztelu plazan ospatu zuten Kopako finalerako sailkapena. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)