INFO

This browser does not support the video element.

Hamar urteko ibilbidea goraipatu eta aurrera begira jarri da Ernai Gazte Topagunean

Euskal Herri «aske, sozialista eta feminista» eraikitzeko euskal herriko txoko guztietara gazte borrokaren oihartzunak eramaten jarraiko duela nabarmendu du Ernaik bere 10. urteurrena ospatzeko Elorrioko Gazte Topagunean egindako ekitaldian.

‘Hamar urtez Ernai’ ekitaldia. (ERNAI)

Elorrion izaten ari den Gazte Topagunearen baitan, Ernaik bere 10. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin du ostiral honetan. Gazte antolakundeak bere ibilbidearen errepasoa egin du, hasiera nolakoa izan zen eta aurrera eraman dituen borrokak gogoratuz.

«Elkarrekin konspiratu eta eztabaidatu ostean heldu ziren milaka gazte duela 10 urte Lizarrako frontoi hartara. Sei hilabetetako prozesuak ilusioz eta anbizioz busti zituen Euskal Herriko Gaztetxe, plaza eta txoko ugari. Hainbat hatz batu eta ukabila altxatuz eman zioten ongi etorria Ernairi. Momentu historikoak behar zituen kolorea eta berritasuna izan zen gazte antolakunde berriaren sorrera. Klandestinitatetik atera, iluntasunetik ihes egin eta gazte zein herri mugimenduarekin batera lan egiteko ate guztiak zabaldu zitzaizkigun», nabarmendu du Ane Alava bozeramaileak ekitaldiaren hasieran.

Lehen urteetan feminismoa proiektu politikoaren parte bihurtzeko eztabaidak gogoratu dituzte ekitaldian: «Ernaiko militante feministei esker, proiektu politikoa teorian zein praktikan birformulatu eta hau Ezker Abertzaleko etxe osora hedatu genuen. Horregatik, hemendik, haientzat gure aitortza guztia».

Esan bezala, «gaztearengan zeuden ametsei bide emateko» eta «Euskal Herri «aske, sozialista eta feminista errealitate bihurtzeko» hasi zen lanean Ernai: «Mundu berri bat irabazteko grinak gidatu gaitu beti. Izan ere, krisian hazi eta hezi izan den belaunaldia da gurea, ez dugu beste errealitaterik ezagutu. Ernairen bilakaera ezin dugu kapitalismo zisheteropatriarkalak sortutako krisietatik isolatuta ulertu. Gurea, krisiaren ondorio eta erantzuleei aurre egin eta alternatibak proposatzen dituen borroka izan da».

«Dena aldatzen eta eraldatzen ari gara. Miseriaren aurrean alternatiba dagoelako», aldarrikatu dute. Baina bide hori, ez dutela bakarrik egiten gogorarazi dute: «Herriarekin gaude, gazte mugimenduan gaude. Ez gara gure zilborrera begira aritzen, ez gara iraultza bakarrik egin dezakegula uste duten horietakoak. Gu, eguneroko lanaren bidez, amets handiaren bila goaz. Hamar urtez horrela egin izan dugu, klasekide, bizilagun ahizpa edota ezezagunarekin, hemen han eta hor. Beharrezkoa den espazio orotan gaude eta egongo gara lanean. Izan ere, mundu hau eraldatu nahi duten gazteak dauden lekuan, bakarra bada ere, elkarrekin borrokatzeko Ernaiko kide bat izango dute alboan».

Egindakoa gogoratzeaz gain, aurrera begira jarri da gazte antolakundea, «orain dena aldatzeko aukera dugula», argi utziz: «Elorriora ekarri gaituen ahotsa, garaipenera eramango gaituena, gure ahotsa baita, isilaraziko ez dutena. Beraz, jarrai ditzala zeharkatzen euskal herriko txoko guztiak gazte borrokaren oihartzunak. Jarrai dezagun Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikitzen!»