INFO
Irungo erabilera anitzeko pabiloia Ficobako parkingean egingo litzateke.
Jon URBE (FOKU)

Irungo erabilera anitzeko pabiloia: erronka, baina hiritarren beharrak asetzeko balio behar du


Irungo Udaleko alderdi guztiak ados agertu dira Gipuzkoako hiri horretan eraiki daitekeen pabiloia Ficobako parkingean egon litekeela, baina, aldi berean, irundar guztien kirola egiteko eskubidea bermatu beharko duela nabarmendu dute.

Ez da berria albistea, baina deigarria eta garrantzitsua izaten jarraitzen du. Izan ere, duela aste batzuk Irungo Udalak jakitera eman zuenez, aurrera doa Gipuzkoako hiriak erabilera anitzeko pabiloi bat izateko proiektua. Irungo alkate Jose Antonio Santanok Espainiar Gobernuko Kulturako eta Kiroletako ministro den Miquel Icetarekin bilera mantendu ostean kaleratu zen berria. Lehenago, ordea, Gipuzkoako Aldundiarekin edota eskubaloi federazio ezberdinekin (Gipuzkoakoa, Euskadikoa eta Espainiakoa) bilerak mantendu dituzte, eta Eusko Jaurlaritzarekin lehenengo kontaktua ere izan dute eta bilera gehiago egiteko proposamena dute. Harremanetan jarri behar den beste entitate bat Kirol Kontseilu Gorena (CSD, gazteleniazko siglekin) da.

Erabilera anitzeko pabiloia errealitate bat izateko urbanistikoki «aldaketa txiki bat» egin beharko litzateke. Eta Udalak egindako lehen ikerketen arabera, proiektu honek «35-40 milioi euro inguruko» kostua izango luke. Baina zergatik eraiki honelako eraikin bat? Borja Olazabal Irungo Udaleko Kiroletako ordezkariak NAIZi adierazi dionez, «Artaleku Irunen leku mitiko bat da, baina zahartu da eta goi-mailako txapelketak jokatzeko momentu honetan justu samar dago, eta batzuetan ere ez ditu betekizun guztiak betetzen. Hortik tiraka hasi ginen, eta ikerketa bat egin genuen jakiteko Artalekun moldaketaren bat eginez zerbait konpon genezakeen edo ez. Azkenean, hiriarentzat eta Bidasoarentzat hoberena pabiloi berri bat egitea zela erabaki genuen».

«Gure alde duguna zer da? Lekua badugula». Eta hori Ficobako aparkalekua da. Han kokatuko litzatekeen instalazioak 10.000 lagunentzako ekitaldiak hartuko lituzke, baita 5.000 ikuslerentzako estalpeko kirol partidak ere, eta, gainera, 700 bat ibilgailurentzako lurpeko parking bat ere izango luke: Ficobako bertako aparkalekuak gehituta, guztira, ia 1.000 aparkaleku izango lirateke.

Eta zergatik Irunen? «Musika arloan ibiltzen diren enpresekin ere hitz egin dugu, horretan ere premia baitaukagu Gipuzkoan: goi mailako kontzertuak egiteko leku aproposik ez dago, eta Irun leku oso egoki bezala ikusten dute. Muga hemen dago, eta Iparraldeko edo Frantziako publikoa ere erakartzeko leku oso aproposa da, ondo komunikatuta dago. Horregatik egin dugu gure apustua», azaldu du Olazabalek.

Bidasoa Irunentzat oso positiboa

Bidasoa Irunentzat berria «garrantzitsua eta positiboa da». Klubak komunikatu bat kaleratu zuen honen berri eman zenean eta bertan azaltzen zituen arrazoiak. NAIZek galdetuta, klubak momentu honetan bi behar dituela erantzun du. Alde batetik, araudi berriekin, 2024-2025 denboralditik aurrera lehen taldeak bere partidak beste toki batean jokatu beharko ditu Asobal eta EHF European Leagueko partidak. Gogoratu behar da Bidasoak, 2019-2020 denboraldian Champions League jokatu zuenean, baimen berezi bat jaso zuela Europako txapeldun izan zen 25. urteurrena ospatuko zuelako, baina berez ezingo luke jada bertan jokatu.

Egoera honen aurrean, Gurutz Aginagalde Bidasoa Iruneko presidentea kezkatuta azaldu da; izan ere, ez Irunen bakarrik, baizik eta Gipuzkoa osoan ezingo bailuke jokatu taldeak lege berri horrekin. Horretarako, Iruñera edota Baionara joan beharko luke jokatzera. Nahiz eta klubak bazkide asko dituen Ipar Euskal Herrian, «Bidasoak Europako txapelketan Irundik kanpora jokatzea nahiko arraroa litzateke. Guretzat arazo bat da eta Bidasoaren etorkizuna Europan kili-kolo jartzen du», nabarmendu du.

Gogoratu behar da Bidasoak azken lau urteetan hazkundea izan duela –gaur egun, 1.600 bazkide inguru ditu–, bai kirol arloan, bai eta ekonomikoki ere. Klubeko iturriek aipatzen dutenez, «babesleetan 4.000-5.000 eurotik jasotzetik 400.000ra jasotzera» pasatu da kluba denbora tarte horretan.

Eta bigarren beharra da harrobiak ez duela ia tokirik entrenatzeko, eta «ezin dugu gehiago hazi». Kontuan hartu behar da gaur egun Artalekun, eskubaloiaz gain, gimnasia erritmikoa, saskibaloia edota squash bezalako kirolak ere praktikatzen direla, eta denei tokia egin behar zaiela. «Jendea dago eskubaloia egin nahian eta guk ezin dugu jende gehiago hartu. Nesken inguruan ere, gure helburuetako bat da talde senior bat ateratzea, jarraipen bat izan dezaten; eta, hor ere, pistek sortzen diguten limitazioek freno asko egiten digute. Ekonomikoki, babesleen kopurua asko igo da azkeneko urteetan eta haiekin akzio ezberdinak egiteko ere mugatuta gaude», kezkatuta agertu da Aginagalde.

Irundarren beharrak asetzeko erronka

Beraz, erabilera anitzeko pabiloiak balio lezake gaur egun Irunen dagoen arazoa eta nolabaiteko kongestioa konpontzeko. Izan ere, egia da oposizioko alderdi guztiak ados agertu direla proiektu berri honekin, Borja Olazabalek aitortu duen moduan, baina egia da ere EH Bildu alderdiak proiektua «onargarria izan dadin» zenbait baldintza bete beharko dituela uste duela. Antxeta Irratian egindako elkarrizketa batean, Ane Unanue hautetsi abertzaleak hiriko kirol klub eta elkarteen iritziak biltzeko bilera erronda bat eskatu du. «Pabiloi horrek beharko duen diru publikoaren inbertsioa kontuan hartuta, irundar guztien kirola egiteko eskubidea bermatu beharko du, eta erabilera plangintza bat diseinatu beharra dago», adierazi du Unanuek.

Honekin batera, Artaleku kiroldegiaren zaharberritze beharra zertan den argitu dezala galdegin du hautetsi abertzaleak. Baita Azken Portu handitzeko beharraz ere. Eta aurtengo udal aurrekontuetan EH Bilduk aurkeztutako hirugarren kiroldegi baten eraikuntzaren beharra ere zertan den jakin nahi du. Hauen ustez, «inguruko udalerriekin alderatuta, Irungo kiroldegien eskaintza eskasa da, hiriko Landetxa, Anaka-Puiana, Belaskoenea edo Oinaurre inguruko bizilagunek ere ezinbestekoa dute halako oinarrizko zerbitzua».

Zentzu honetan, Borja Olazabalek azpimarratu du «Irunen egiten diren edo Udaletik proposatzen diren gauza guztiak Irun guztiarentzat izango direla». Eta proiektu bakoitzaren xehetasunak ere eman ditu. «Irunen badugu "kirol instalakuntzen estudio" bat eta horren inguruan badakigu zeintzuk diren Irungo beharrak eta baditugu mahai gainean beste proiektu batzuk behar horiek asetzeko». Horietako bat da Irungo Bentak auzoan egin nahi den pabiloi bat, «txikiagoa», bertan harrobiko beste talde batzuk jokatzeko. «Proiektua martxan dago. Baditugu ere egindako lehenengo proiektuak eta ikusi dugu nola geldituko litzatekeen», esan du.

Azken Portuko kiroldegiari dagokionez, bere garaian proiektua egin zen. «Ondoan zegoen kontzesionarioa hortik atera behar zen, eta hori atera denean, hori aurrera egiteko aukera dugu; lehengo urtean adostu zen enpresarekin, eta Azken Portuko kiroldegia handitu dezakegu», azaldu du Olazabalek. Hala, gimnasia erritmikoa egiten dutenen edo sortzen ari diren beste klub berrien beharrak asetzeko balio lezake Azken Portuk.

Bestalde, Artalekuren saturazioak arazo asko dakartza. Adibidez, Gorka Arretxe Irungo Lur Alai Squash klubeko ordezkaria kezkatuta agertu da Antxeta Irratian egindako beste elkarrizketa batean. Artalekuko lau squash pistak dira haien aukera bakarra, entrenamendu, ikastaro zein txapelketetarako. Baina pandemiaz geroztik, Udalak gimnasioak birkokatzeko erabili zituen bi pistetatik bat oraindik ere okupatuta dute. «Garai hartan indarrean zeuden neurriak kontuan hartuta, guztiz normala iruditu zitzaigun, baina, 2023an sarturik egoera hau ez dago justifikatuta, eta Udalak erantzun digu ez duela libratuko», salatu du Arretxek. Ez dituzte pista gehiago galdegiten, daudenak zabaldu ditzatela baizik.

Ez hori bakarrik. «Udala kirol masiboen babesle bilakatu da, ez gaitu atenditzen», esan du. «Bidasoaren beharrekin bat egiten dugu, baina bien bitartean zer gertatuko da Artalekurekin, eta bertan ari garen kirolari, erabiltzaile eta kluben beharrekin?», galdetu dio Udalari.

Borja Olazabal Artalekuri buruz ere mintzatu da. Aipatu duenez, «Artalekuk ia 40 urte ditu, berritu behar da eta ikerketak hasita daude jakiteko zein motatako berrikuntzak egin ditzakegun. Orain kontratatu behar dugu “alternatiba estudioa” deitzen dena, jakiteko hortik zein alternatiba ezberdin ditugun Artalekun berrikuntza bat egiteko. Berrikuntza totala ez da izango, ideia baita pabiloi berri bat izatea». Are gehiago, honakoa gaineratu du: «Artalekun, kokapenaren aldetik, ez dago inolako arazorik berrikuntza handi bat egiteko. Hortik atera daiteke pabiloi handiago bat, atera daiteke txikiago bat, eta beste eremu batzuk aprobetxatu, mugitu daitezke gimnasioak tokia hobeto aprobetxatzeko…».

Laburbilduz, erabilera anitzeko pabiloia eginda, Artaleku eraberrituta, Azken Portuko kiroldegia handituta eta Bentak auzoan beste kiroldegi bat eginda, «mugimendu horiekin, lortuko genuke Irunen dauden behar guztiak asetzea», azpimarratu du Olazabalek, kirol ezberdinak kiroldegi hauetan banatu ahalko bailirateke. «Azkenean, gure helburua da pilota guztia Uranzu pilotalekuan edukitzea –hasi gara ere pilota eskolarekin, gero eta neska-mutil gehiago ditugu–, gero ideia izango litzateke Azken Portun beste kirol batzuk egitea, eta Artaleku libre geratzen baldin bada, hor ere leku gehiago geratuko litzateke beste kluben beharrak asetzeko. Hori egiten dugunean, ikusiko dugu nola banatzen diren beste klub guztiak», gaineratu du.

Artalekutik Ficobara: erronka polita

«EAEn, eskubaloian Bidasoa da goi mailan aritzen dena, Bera Berarekin batera. Horregatik, mahai gainean jarri dugu Irun dela leku aproposa Gipuzkoak behar duen pabiloi hori edukitzeko», azpimarratu du Udaleko Kiroletako ordezkariak. Ficobako pabiloia eginda, beste ekitaldi garrantzitsuak ere egiteko aukera egongo litzateke, bai eskubaloian –Asobal Kopa, Kopa espainiarra, selekzioen partida ofizialak...–, bai eta beste kirol batzuetan ere –tenisa bezalako kirolak ere egin litezke–.

Bidasoaren kasuan, Artalekun gaur egun honelako ekitaldi garrantzitsuak egitea ezinezkoa da. 2.000 bazkide inguru ditu klubak; eta konpromisoetarako eta aurkarientzako sarrerak banatu beharko balira, bazkide batzuk sarrera gabe geratuko lirateke. Baina 5.000 ikuslerentzat prestatutako pabiloi batean kontua aldatu egiten da.

Eta kirol arloan hitz eginda, Artaleku bere gotorlekua izan da 1987az geroztik. Zer suposatuko luke Artalekutik Ficobara joatea? Gurutz Aginagaldek argi du: «Historikoki aldaketak egon dira klubean. Bazirudien, Uranzu frontoitik atera behar zenean, gogorra izango zela taldearentzat Artalekura joatea, eta taldearen hazkuntzan eta historian momentu oso garrantzitsua izan zen. Kontuan hartu behar da 1987. urtean egin zela aldaketa hori eta momentu horretatik aurrera, hamar urtez, klubaren historiako momenturik onenak eta lorpen handienak hor sortu direla. Orain baliteke beldur hori ematea, baina izan daiteke klubaren hazkuntzan garrantzitsua izatea edo etorkizuneko momentu garrantzitsuen irteera izatea».

Zaleen aldetik, Artalekuk orain 1.943 pertsonentzako tokia du, eta erabilera anitzeko pabiloiak 5.000 pertsonentzako tokia izango luke. Faktore honek «abantailak» dituela adierazi du Bidasoako presidenteak. «Kiroldegi berri batek erosotasun handiagoa ematen du, ekintza ezberdinak egiteko aukera ere bai, ez bakarrik partidak, baizik eta partidaren inguruan ere egiten diren akzio ezberdinak jendeari erakargarriago egiteko», gaineratu du.

Aginagalderen ustez, «momentu honetan Artaleku toki oso konkretuan dago, oinez joateko bikaina da, baina kanpotik etortzeko nahiko mugatua da. Horrek ere ekarriko luke probintziatik eta Euskal Herri osotik jende gehiago etorri ahal izatea erosotasun hori duelako».

«Momentu honetan Bidasoan bazkide kopurua topera dugu eta itxaron zerrenda dugu bazkide gehiago edukitzeko». Iruditzen zaio plaza gehiago izatea garrantzitsua izango litzatekeela «klubaren hazkuntzan jarraipen bat izateko».