INFO

Gurrutxagak eta Zalduak jantzi dituzte Berria Txapelketako txapelak Galarretan

Azkenerako finala lehiatua eta orekatua izan bada ere, urdinek hasieratik eraman dute markagailuaren kontrola eta 30-35 gainditu dituzte Goikoetxea-Aiestaran.

Gurrutxaga eta Zaldua pozik, txapelak buruan dituztela. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Finalean Goikoetxea eta Aiestarani 30-35 gailenduta, Gurrutxaga eta Zaldua dira erremonteko Berria Txapelketako txapeldun berriak. Markagailuan gorabehera dezenterekin, finala parekatua eta gogorra izan da, baina azkenerako, urdinek merezimendu osoz lortu zuten txapela janztea.

Gurrutxaga eta Zaldua hasieratik izan dira nagusi, nahiz eta erdialdean partida parean jarri den. Hasieran, Goikoetxeak ez du errematean asmatu eta Aiestaran urduri aritu da. Horren ondorioz, Gurrutxagak eta Zalduak ihes egin dute markagailuan 4-15 argi batekin. Finala emoziorik gabea zirudien, baina gorriek lortu dute partidan sartzea.

Pixkana-pixkanaka desabantaila mozten hasi dira. 10-17ra hurbildu dira eta 20-23koaren ondoren, lehenengo berdinketa iritsi da 26-26. 27na ere berdindu arren, urdinak 28-30 aurreratu dira berriz eta azken tantoetan finago aritu dira.

Zaldua izan da finaleko erremontistarik onena

Gurrutxagak ere urduri hasi du finala, baina amaieran bi tanto egin ditu jarraian eta Goikoetxearen ondorengo bi akatsek finala erabakita utzi dute urdinen alde. Azken 30-35ekoak partidan gertatu dena nahiko ongi erakutsi du.

Gurrutxaga izan da Galarretara zale gehien eraman dituen finalista eta animoek, azken tantoetan, asko hauspotu dute Aizarnazabalgo pilotaria. Gainera, Zalduak oso ongi gidatu du denbora guztian. Atzelari donostiarra finaleko onena izan da. Zabaletik hasi da sakatzen Goikoetxeari pilota kendu eta Aiestarani min egiteko eta bete betean asmatu du.

Oso serio aritu da denbora guztian eta akats bakarra egin du final osoan. Aurkariek, aldiz, akats gehiago egin dituzte. Finala irabazteko Goikoetxearen lanak oso garrantzitsua behar zuen, baina urnietarrak sei pelota huts egin ditu. Zalduak guztira sei tanto egin ditu saketik eta zazpi piloteoan. Gurrutxagak, urduri hasi arren, ondo amaitu du hamaika tantorekin eta bost akatsekin. Gorrietan, Goikoetxeak 16 tanto egin ditu eta Aiestaranek, berriz, zortzi tanto bildu ditu.