INFO

Etxean otso izatea lortu du Dariok eta beldurra zabaldu du arerioen artean (22-6)

Arangurenek 6-5ekora arte eutsi badio ere, errioxarrak, sakea ardatz, tanto bakarra egiten utzi dio, eta hori aurkariak sakean egindako falta baten ondorioz lortu du Baikokoak.

Goitik behera nagusitu da Dario etxean jokatutako partidan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Etxean aritzea ez da beti erraza izaten, are gutxiago urteko hitzordu nagusiko lehen partida bada, baina hasierako zalantzak uxatzea eta haginak zorroztea lortu zuenean, Dariok hankapean erabili zuen Aitor Aranguren debutaria eta itxura bikaina emanda, lehenik ez bazuen, aurkarien errespetua irabazi du Ezkaraikoak, erabateko manomanista dela berretsiz.

Garaipen honekin, errioxarra final laurdenetako ligaxkan arituko da beste urte batez Ezkurdia, Jaka eta astelehenean Tolosan jokatzekoak diren Peio Etxeberria / Alberdi I.a partidaren irabazlearekin batera. Zenotzekoak irabaztea lortuko balu, lehen jardunaldi hau borobila izango litzateke Asperentzat, lehen hiru kanporaketetan Eibarko enpresako hiru pilotarik egin baitute aurrera, Baikoko beste hiru kaleratuta.

Ezkaraiko partidak bi zati oso desberdin izan ditu, nahiko borrokatua 6-5era arte, eta erabat desorekatua hortik aurrerakoa, errioxarrak saketik eragindako triskantza ardatz hartuta. Falta bat ere egin badu ere, lehen pilotakada izan da Darioren lehen argumentua, ez bakarra, azkenerako 9 tanto ere sartu baitizkio erabat ezinean aritu den Aranguren bati. Lehen pilotakada horri norabidea etengabe aldatuz ­–zabalean ere tanto pare bat lortu zituen–, baina beti sekulako abiadura emanaz, Aspeko aurrelariak goitik behera dominatu du aurkaria behin hasierako estuasunak eta zalantzak uxatuta.

Erantzunik gabe
Izan ere, hasierako tantoak ikusita, askoz partida borrokatuagoa espero zitekeen Buruz Buru ondo moldatu bai, baina oraintxe errioxarrari aurre egiteko moduan ez den Aranguren baten aurka. Lotuta eta zenbait erremateetan prezipitatua, hasiera horretan gauzak estu izan dira errioxarraren eta sotamanoz ondo defendatu den aginagarraren ostean, tarteka tanto luze eta piloteatuak jokatuta.

17 pilotakada gurutzatutako tanto batean ezkerrez huts eginda galdu zuen Baikokoak partida seina berdintzeko aukera eta hortik aurrera erantzunik topatu ezinik aritu zen. Pentsa, beste tanto bat baino ez zuen batu eta hura Dariok sakean pasa eginda oparitutakoa izan zen (8-6). Sakearekin ez ezik, dejadarekin ere asko asmatu du Aspeko aurrelariak, sasoian dela berretsi eta, oso urrun heltzeko moduan dela erakutsi du.

 

FITXA TEKNIKOA:

Dario: 22

Aranguren: 6

Pilotakadak: 184. Iraupena: 39,53 minutu. Markagailua: 2-0, 2-1, 4-1, 4-3, 6-3, 6-5, 8-5, 8-6, 22-6  Sakeak: 9 (falta 1) Dariok eta 1 Arangurenek. Egindakoak: 10 Dariok eta 2 Arangurenek. Galdutakoak: 2 Dariok eta 3 Arangurenek. Gorabeherak: Sarrera polita Ezcaraigo San Lorenzo pilotalekuan. Asier Gomezek egin ditu botilero lanak anaia Dariorekin eta Jose Angel Balanza, Gorostizak, Arangurenekin.