Lertxundi-Sagarmendi eta Quesada-Maixik irabazi dituzte pilota egokituko Master Cupeko txapelak
Adimen urritasuna dutenen finalean 25-11 gailendu zaizkie Gomez-Hueguni eta urritasun fisikoa dutenen arteko finala ezin orekatuagoa suertatu da, tanto bakarraz irabazi diete Yann-Lizasori (25-24).
Lertxundi-Sagarmendik, adimen urritasuna dutenen mailan eta Quesada-Maixik, urritasun fisikoa dutenenean, lortu dituzte garaipenak gaur Irunen jokatu diren euskal Pilota Egokituko Master Cup Irekiko finaletan. Kirolaz harago doan ekimen arrakastatsu honetan, ikusgarritasunaren lehiaketa pixkanaka irabazita, eskubideetan aurrera egin beharraren garrantzia argi geratu da sarrera polita izan duen Uranzu pilotalekuan.
Adimen urritasuna duten pilotarien finala uste baino desorekatuagoa irten da eta Lertxundi-Sagarmendik espero baino errazago jantzi dituzte txapelak, Gomez-Hueguni 25-11 gailenduta. Mutrikuarrak maila honetako bere 13. txapela janzteaz harago, edozein postutan jokatu ahal duela erakutsi du, normalean Master Cup honetan atzean jokatzen badu ere, gaur aurreko koadroetan aritu baita eta partida borobila jokatu du frontisetik gertu. Haritz Lertxundi ere oso seguru aritu da partida osoan zehar eta txapelketa honetako bere lehen txapela jantzi izan du.
Partidak bi zati oso desberdin izan izan ditu, orekatuagoa hasieran eta erabat gorria 7-6etik aurrera. Denentzat ere lehen helburua gozatzea eta ondo pasatzea bazen ere, lehiakortasuna ere handia, gero eta handiagoa da pilotari hauen artean ere eta halako finaletan esperientzia gutxiagorekin, Ibai Gomez eta Iraitz Huegunek ezin izan dute euren onena eman eta bigarren erdi luze horretan behera egin dute. Partidaren norabidea aldatze aldera, urdinek euren postuak ere trukatu dituzte, baina aurkariek ez diete inolako erraztasunik eman. Gainera, bikotearen zama eraman behar zuen Hueguni baba bat irten zaio eskuan eta honek ere ez die batere lagundu.
Zorionez, penak ez die askorik iraungo, bihar bertan Saloura baitoaz finalista gehienak taldean oporretara eta ziur ederki pasako dutela bertan.
Ezin emozio gehiago
Askoz orekatu eta emozionagarriagoa irten da urritasun fisikoa dutenen arteko finala eta partida guztian markagailuan atzetik joan ostean, behin baino ez dira markagailuan aurreratu Quesada-Maixi, baina bai une egokienean egin ere eta 24-25 irabazi diete txapelak oso gertu ikusi dituzten Yann-Lizasori. Pentsa, oiartzuarra eta baionarra 23-18 ere aurreratu dira, baina ezin izan dute partida itxi eta azkenerako garaipenak esku artetik ihes egin die. Ez da, gainera, azken hori finalean zehar izan duten abantaila nabarmen bakarra izan, hasieran 13-6 ere aurretik izan direlako, baina kirolari bikain hauek ezer badira, borrokalariak dira, ez dira lehen oztopoaren aurrean amore ematen duten horietakoak eta Quesada errenteriarraren eta Maixi baionarraren fedeak azkenean saria izan du, lehen txapela aurrelari gipuzkoarrarentzat. Orokorrean partidak ikuskizun handia eskaini du, atzelariek eraman dute zatirik handienean partidaren zama eta Uranzura gerturatu edo partida telebistatik ikusi dutenek ikaragarri gozatzeko aukera izan dute kirolari eredugarri hauei esker.