INFO

Baskoniak Olympiacosen etxean dauka bere eskura Euroligako final-laurdenetako txartela

Irabazita, besterik begiratu beharrik ez dute izango Joan Peñarroyarenek, baina alperrik ez da Olympiacos Euroligako liderra. Horrez gain, epaileetako bat lituaniarra izatea eta biharamunean Zalgiris Kaunasek jokoan ezertxo ere ez duen Municheko Bayernen aurka jokatzeak ez du lasaitzen laguntzen.

Euroligako liderraren aurka, jokalari ia bakoitzaren «bertsiorik onena» beharko du Saski Baskoniak. (Raul BOGAJO | FOKU)

«Nada podemos esperar si no es de nosotros mismos»

Jose Gervasio Artigas, Uruguayko independentziaren heroi nazionala.

Ez dira berehalakoan iritsiko ostegun arratsaldeko 20.00ak Bakearen eta Adiskidetasunaren –edo “Bi Gezurren”– pabiloian. Saski Baskoniak bere eskuan dauka, 2018/19 denboraldiaz geroztik aurrenekoz, Euroligako final-laurdenetako kanporaketa jokatzeko aukera. Denboraldi guztian zortzi onenen barruan mantendu da talde gasteiztarra, abendu amaieran aurreneko posturaino iritsi ere egin zen, eta garaipen bat nahikoa du txarrenera zortzigarren postuan amaitzeko. Zeinek jakin, beste zenbait aldeko emaitza ere baleude, bosgarren posturaino ere igoko litzateke talde gasteiztarra.

Baina era berean, ezin da ahaztu Olympiacos Euroligako liderraren kantxan jokatu behar dutela arabarrek eta, hori gutxi balitz, “Bi Gezurren Pabiloian” Baskoniak birritan baino ez duela irabazi. Horrek guztiak presiorik handituko ez balu, jakinean egon behar da Zalgiris Kaunasek, Saski Baskonia final-laurdenetatik at laga dezakeen taldeak, ostiral gauean, 20.30etan hasita, ezertxo ere jokoan ez duen eta martxoaren 7tik hona Euroligako norgehiagokarik irabazi ez duen Bayern Munichen kantxan jokatu behar duela.

Eta zirkuan bageunde bezala, oraindik eta zailago jarriko dugu Baskoniaren ariketa! Hain zuzen, epaileetako bat, Sreten Radovic kroaziarra eta Seffi Shemmesh israeldarrarekin batera, Gytis Vilius lituaniarra, Kaunasen bertan 1988ko martxoaren jaiotako semea izango dutela gasteiztarrek. Euroligak susmoak eta esamesak saihestu nahi bazituen, hanka nekez sartuko zukeen barrurago, ezta nahita eginda ere.

«Horixe dugula galtzekorik!», azpimarratu du Joan Peñarroya Saski Baskoniako entrenatzaileak partida bezperako prentsaurrekoan. «Egia da Euroligako talderik saskiratzaileena garela –87,0 puntu partidako– eta joko ona eta ikuskizuna eman ditugula hainbat partidatan. Egia da ere denboraldi osoan Top 8an murgilduta egon garela. Ba hain justu hori guztiagatik irabaztea eta final-laurdenetako play-off horietan egitea da gure desioa. Horixe dugula zer galdurik!», berretsi du.

Izaera eta nortasuna

«Baskonia Izaera» oso ondo landu eta saldu den lelo bat izan da Gasteizko klubean, baina kondaira orok badu egiaren ernamuinik beragan. Ondorioz, Saski Baskoniako entrenatzailearen aburuz ezin dio uko egin Baskoniak bere izaera horri, Euroligako fase Erregularreko azken jardunaldira zortzi onenen barruan ekarri duen berezko izaera horri, ezta Olympiacos lako talde bikain baten aurka ere.

«Jakina defentsan lan ona egin beharko dugula; defentsan eta erasoan. Baina guztiaren gainetik gu geu izan behar dugu. Ezin dugu 60 puntu bakarrik sartzera jokatu, denboraldi honetan halako Saski Baskoniarik ez baita existitzen. Olympiacosi ahal bezain beste eragotzi behar diogula saskiratze errazik lortzea? Jakina! Kontzentrazioa 40 minutuan mantendu behar dugula? Horixe baietz! Baina ezin dugu gure jokamolderik aldatu aurkaria edo partidak bere horretan duen garrantzia dela-eta. Gu geu izan behar dugu honaino horri esker iritsi baikara.», azaldu du Terrassako entrenatzaileak.

Olympiacos izan da aurten Buesa Arenan garaipena lortu duen bisitari gutxietako bat. Neurketa hartan markagailuak gorabehera ugari izan zituen, talde greziarrak sekulako aldea hartu baitzuen hasieran eta gasteiztarrek, hala ere, partidari buelta ematen asmatu zutelako. Hala, neurketako azken laurdena Baskonia bederatzi puntuz goitik zela hasi zen, baina 92-97 amaitu zen azkenean, Vezenkov edo Sloukas bezalako jokalari aparten talentuari esker.

«Ondo hastea baino ondo amaitzea ez ote den hobe...», onartu du, txantxetan, Joan Peñarroyak, nahiz eta Gasteizko neurketa hartako ikasgairik badaraman bere hitzaldian. «Errusiar mendi baten antzeko dema jokatu genuen, bai, baina aintzat hartu behar da Olympiacosek aurreneko laurdenetan sekulako abantaila hartu ohi duela, Euroligako partidetan batik bat. Hori kontrolpean izatea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa dela deritzot 40 minutuetan lehiatzea. Tarteka estuasunak izango ditugula jakinean gaude, baina baita guk ere aurkaria estu har dezakegula ere. Gasteizen jokatu genuen antzeko partida izango delakoan nago hau ere, eta lehiaketako defentsarik onenaren aurka jokatu behar badugu ere –75,8 puntu jasotzen ditu batez beste Olympiacosek–, nik uste gai garela beraiek zailtasun handitan jartzeko», gaineratu du.

Zentzu horretan nahikoa oihartzun izan dute Olympiacoseko Shaquielle McKissic jokalariaren adierazpen zenbaitek. Bere hitzetan, «nahiago» omen dute final-laurdenetan Zalgiris Kaunasen aurka jokatzea Baskoniaren aurka baino –gerta litekeen zerbait da–, «Lauko Finaleko uztaiak probatzea» nahiko lukeelako, nonbait. «Ez dut uste fede txarez egindako adierazpenak direnik», iritzi dio Joan Peñarroyak. «Nolanahi Zalgiris aurkari izatea nahiago badu gure aurka ekitea baino, zerbait ongi egiten ari garen seinale izan liteke», hausnartu du, era berean.

Bertsiorik onena

Azken baten, teknikari katalanak, Fase Erregularreko azken jardunaldi honi dagokion garrantzia gutxietsi gabe, neurketaren pisua apur bat erlatibizatu nahi izan du. «Teorian kantxarik zailenera goaz eta nahitaez irabazi behar dugu, egia. Baina zer ziren ba etxean honen aurretik jokatu ditugun azken hiru partidak? Denetan ere derrigor irabazi behar genuen; hiruretan. Jokalariek ederki dakite zer dagoen jokoan eta, beraz, ezin dugu besterik egin gure jokoa ahalik eta onena izan dadin lan egin baino. Top 8an egon gura dugu eta horretarako, irabazi beharra dago, ez dago besterik. Zenbat eta jokalari gehiago bere bertsorik onenean aritu, orduan eta aukera gehiago izango ditugu horretarako, gogo faltarik ez dago eta ez da izango eta egia da gainera, neurketa honetan ahalik eta jokalari gehien beharko ditugula izan bere bertsiorik onenean», amaitu du Peñarroyak.

Egia da, nolanahi, Saski Baskoniak galduta ere oraindik itxaropenerako zirrikiturik badagoela, Municheko Bayernek Zalgiris Kaunas gaindituz gero zortzigarren postu hori berea izango lukeelako talde gasteiztarrak. Bere kontrolpetik at dagoenez, nahiago izan du Peñarroyak aldagai hori ezta aipatzea ere.

«Gasteiztik Tenerifera bidean –igandean ACB Ligako partida jokatzen du Baskoniak– harrapatuko gaitu Zalgirisen partidak. Beraz, ekuazioa erraza da guretzat: gure partidan zentratu, eta kito!», eman dio errematea Saski Baskoniako entrenatzaileak.