Grebara deitu dute Osakidetzako garbiketa zerbitzuan apirilaren 26tik maiatzaren 16ra arte
Hitzarmenaren negoziazioan «blokeo egoera nabaria» dagoela salatuz, Osakidetzako garbiketako langileak greba egingo dute hiru astez, apirilaren 26tik maiatzaren 16ra arte. LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitu dute, ‘Homologazioa ez da ukitzen!’ lelopean.
Joan den martxoan bezala, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek grebara deitu dituzte apirilaren 26tik maiatzaren 16ra bitarte Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa zerbitzuko langileak, erkidego mailako hitzarmenak jasotzen duen homologazioaren defentsa egiteko.
Sindikatuok salatu dutenez, kolektiboak bost urte inguru daramatza hitzarmenik gabe, eta enpresekin «50 bilera baino gehiago» egin dituzten arren, «ez da aurrerapausorik egon eta negoziazioaren blokeo egoera nabaria da».
Hitzarmenak langile hauen lan baldintzak Osakidetzako langileenekin homologatzea du helburu, eta horixe izan da, hain zuzen ere, enpresek, langileek eta Osakidetzak «bere garaian onartu zuten joko araua eta horren arabera jardun dute urteetan eta urteetan». Halere, enpresak eta Osakidetza «homologazio printzipioa urratzen» ari direla salatu dute.
«Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari. Besterik gabe, Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea aldarrikatzen ari gara, homologazio printzipioan oinarrituta: garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa, txanda kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea, Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak, lizentziak eta abar», azaldu dute.
Sindikatuek deitoratu dutenez, enpresa esleipendunak «jarrera erosoan» kokatu dira, erantzukizuna Osakidetzako zuzendaritzari zuzendu diote eta, horrela, «ez dute sindikatuekin edozein gai adostu nahi, Osakidetzako zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada».
«Begirune eta edukazio falta»
Zentzu horretan, gogorarazi dute ordezkaritza sindikal bezala askotan zuzendu direla Osakidetzako zuzendaritzara egoera desblokeatzen saiatzeko, baina salatu dute erakunde publikoak beraiei «erantzuteko begirunerik ez edukaziorik erakutsi».
«Egoera horrek alarma guztiak eta langileen animoak piztu besterik ez du egin. Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileak ez dira besoak gurutzatuta geratuko. Haien hitzarmenak jasotzen duen homologazioa irmoki defendatuko dute. Bere garaian lortutakoa orain galtzeko prest ez daude. Homologazioaren alde borrokatzeko unea da», ziurtatu dute.