Aaron eta Bailok irabazi dute Elite txapelketa eta World Tour zirkuituan lehiatuko dira
Aaron Gonzalez arabarrak eta Ruben Bailo nafarrak osatutako bikoteak irabazi du Euskal Pilota Federazioak antolatutako Elite txapelketa, finalean Bixente Gonzalez eta Unai Urangari irabazita (15-14 eta 15-8). Sari bezala, World Tour txapelketan lehiatuko dira.
Saria handia zen eta nabaritu da final handian. Mutrikuko Miruaitz pilotalekuak jaso du –goraino beteta egon da, txapelketa osoan jaso duen harrera are gehiago sendotuz, giro sano eta animo bete– gizonezkoen zesta-puntako Elite txapelketa bere osotasunean eta ostiral arratsean jokatu zen final handia. Bikote irabazleak, Jai Alai World Tourren lehiatzeko txartela irabazten zuen eta hori, oso sari handia zen, bikote irabazleak NAIZi aitortu dion legez.
Azkenean, Aaron Gonzalez arabarra eta Ruben Bailo nafarra nagusitu dira Bixente Gonzalez eta Unai Urangak osatutako bikotea mendean hartuta. Oso parekatu joan zen lehendabiziko jokoa (15-14). Urdinek errenta polita izan zuten alde azken txanpan (11-13) baina urdinen pare bat akats tarteko, hamalauna berdindu zuten gorriek eta Donibane-Lohizuneko aurrelariak gora botatako pilotakada batekin irabazi zuten jokoa.
Bigarrengoan, sendo hasi ziren eta ustekabean, 7-2 markagailua alde jarri zuten; zinez errenta nabarmena edonolako ezustekoren bat atzean uzteko. Saiatu ziren Bixente eta Uranga, 11-7ra ere hurbildu ziren, baina aldea, azkenerako, gehiegizkoa izan zen. Gehiegizkoa eta gainera, atzelari zumaiarra ez zen fin ibili giltzarri izan zitezkeen jokaldietan. Hala, Ipar Euskal Herrikoaren senideak entzun ahal izan ziren aurrelaria jokoan gehiago sartu zitezen animatzen, baina alferrikako saiakera izan da –tartean, ikuskizunerako parada eskaini zuen arren–.
14-7 markagailuarekin, zortzigarren tantoa egin zuten urdinek baina azkenean, Urangak atzean akatsa egin eta garaipenaren puntua eman zien gorriei.
Miruaitz pilotalekua, goraino beteta
Mutrikuko Miruaitz pilotalekuak gozatu ederra hartu zuen final handi honekin, hala nola txapelketa osoarekin ere. Ostiralero (aurrekoan atseden izan zuten) giro aparta bizi izan da eta goi-mailarako bidean dauden puntisten maila onaz jabetzeko aukera izan du. Gainera, bi herrikidek ere parte hartu dute txapelketan: finalerdietaraino iritsi ziren Eñaut Urreisti eta Mikel Mancisidor. Lastima, aurrelariak min hartu izana eta horrek finalerako txartela baldintzatu izana.
Dena dela, atzelari mutrikuarrak Lekeitioko Jai Alai Masterra jokatzeko aukera izan zuen –Del Rioren lesioaren ondotik– eta profesionalen artean lehiatzeko gai dela erakutsi zuen, herrikideen harrotasunerako. Era berean, 3. posturako borrokan, garaipena eskuratu zuen mutrikuarrak, kasu honetan ordezko aurrelari Cosme Aguirre zumaiarrekin batera.
Lehen jokoan, markagailua irauli ondotik, nagusitu ziren urdinak (13-15) eta bigarrengoa, Antxon Alberdi eta Gorka Mugartegi "Atain II.enaren" alde jausi zen (15-13). Hirugarren joko erabakigarrian, urdinak 3-1 galtzen joan baziren ere, egoera irauli eta garaipena eskuratu zuten (3-5).