INFO

Motive.co Gijon izango da Bera Beraren arerioa ligako final-laurdenetan

Euskal derbia jokatu da Gascan eta donostiarrek sekulako jipoia eman diote Zuazori. Bizkaitarrek lur jota hasiko dute jaitsiera fasea. Beti Onak-ek porrota jaso du Elxen aurka (15-21). Larunbat iluntzean bertan argitu da Bera Beraren lehen aurkaria ligako play-offetan: Motive.co Gijon.

Anne Erauskin ermuarra, Zuazoko jokalari ohia, gol bat egitear (4 egin ditu orotara). (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Bera Berak Motive.co Gijon taldea izango du arerio play-offetako final-laurdenetan. Liga erregularreko azken jardunaldian erabakitzeke geratzen zen gauza bakarra zen: zortzigarren postua, alegia.

Asturiarrek ez dute hutsik egin azken sailkatu Grafometal La Riojaren aurka (26-20) eta salbazioa bermatu dute. Horrekin, play-offak lehiatuko dituzte eta erregulartasunean abilena izan den talde donostiarrarekin neurtuko dituzte indarrak, bi partidetara.

Xixongo taldea izan edo Granollers izan –honek berdindu egin du Valladoliden (28-28)–, kasik berdin-berdin diola Imanol Alvarezen taldeari, ligan bi aurkari horien gainetik pasatu baita. Ez larunbat honetan Donostian jokatu den euskal derbian erakutsitako nagusitasunarekin baina bai gehiago denaren konfiantzarekin.

Aipatu zortzigarren postuaren lehiak, erabat itzalean utzi du jokoan ezer ez zegoen euskal derbia. Bera Berak, gainera, gupidarik gabe jipoitu du jada burumakur iristen zen Zuazo. Gascan 41-17 galdu ostean, lur jota geratu da jaitsiera fasea abiatzeko astebete geratzen dela.

Urdin kolorea izan du derbiak –aurreikusi legez– eta entrenamendu moduko bat izan da donostiarrentzat; sufrimendua, bizkaitarrentzat, gauza positiborik nekez atera daitekeelako.  

Zalduaren gidaritzapean ondo hasi dira barakaldarrak (1-3), baita defentsan ere, Berasategi, Permach eta Zaldua beraren altuerarekin. Baina Mariane Fernandesek hutsune ñimiñoa baliatu eta Loidi, Cavo eta Hernandezen gol banarekin 5. minuturako aurretik zeuden etxekoak (5-3). Kaosean bilakatu da orduan Zuazo eta Haitok hutsartea eskatu badu ere (8-3), ezer gutxirako balio izan dio.

Ondorioak ateratzeko, tarte gutxi

Bigarren zatian (20-12), gainetik pasatu da Bera Bera, defentsan atea ondo itxiz –Aallaren ikuskizuna ere apartekoa izan zen, jaurtiketen %38 geratuz– eta erasoan eraginkorrak izanez. 14 minutu behar izan ditu Zuazok bigarren zatiko lehen gola egiteko, (Bengoetxeak, 32-13) eta pentsa, Hernandezek berak bakarrik Zuazok baino gol gehiago sartu ditu bigarren zatian (6).

«Kantxan elkarrekin disfrutatzeko» abagunea aipatu zion NAIZi Izei Permach Zuazoko jokalariak derbiaren atarikoan, bai eta jaitsiera fasera begira ere. Ez dakit derbiak disfrutatzeko paradarik ematen duen. Donostiako pabiloira hurbildu diren eskubaloi zaleek bere egin dute bizkaitarren sufrimendua, bitartean Bera Beraren golak ospatzen jarraituz.

Hain erraz irabazita ere, ondorio gutxi atera ditzake Imanol Alvarezek –donostiarrek Kopako azken fasea jokatuko dute ostiraletik aurrera– baina behintzat, minutuak modu orekatuan banatzeko baliatu zuen ermuarrak. Zati bakoitzaren erdian talde osoa aldatu zuen –atezaina izan ezik– eta apenas igarri zen.

Zuazori burua altxa besterik ez zaio geratzen, jaitsiera fasea berme guztiekin lehiatu nahi izanez gero. «Burua, ekipo, burua! Amaieraraino!», oihukatzen zuen Mada Fernandez-Agustik aulkitik. Asturiarrak ez du jarraituko Barakaldon hurrengo urtean baina taldearen batasuna hauspotu nahi izan du.

Hilabete erabakigarria

Derbi desitxuratuarekin eta Beti Onakek Elxen aurka jasotako porrotarekin (15-21) bukatu da liga erregularra. Kopa jokatuko da datorren astean eta jaitsiera fasea hilaren bukaeran hasiko da.

Bertan izango dira Zuazo eta Beti Onak, egoera zeharo ezberdinean. Bizkaitarrek, azken sailkatu moduan abiatuko dute txapelketa, 3 punturekin. Aurretik, errioxarrak egongo dira, 4 punturekin; gero, Granollers, 8 punturekin eta sailkapenaren goialdean, Beti Onak, 9rekin. Lan erdiak eginda dituzte nafarrek, baina Maca Sansek NAIZi adierazi bezala, partidak jokatu eta irabazi egin beharko dira. Huts egiteko marjina badauka Atarrabiako taldeak; ez, ordea, Zuazok. Partida guztiak irabazi beharko ditu jaitsiera saihesteko eta benetan lan nekeza izango da. Denek denen aurka jokatuko dute, bi partida arerio bakoitzarekin, eta puntu gutxien dituzten bi taldeak jaitsiko dira.

Batzuentzat jaitsiera izango den moduan, Bera Berarentzat ere fase erabakigarria izango da datorren hilabete eta erdia. Liga erregularreko liderra izan da –aise, gainera– baina oraindik ez du ezer lortu. «Tituluen benetako borroka orain hasiko da», Menendezek atarikoan adierazi legez.

2019tik ihes egiten ari zaion Kopa altxatu nahi izango du datorren astean, Malagan. Elx izango du arerio final-laurdenetan –aurkari gaiztoa– eta, gertatzen dena gertatzen dela, gero liga irabazteko borrokan sartuko da buru-belarri, irabazteko desioa eta presioa kudeatuz.