INFO

‘Ikusi mendizaleak’ elkarrekin kantuan San Mamesen, euskal derbiaren erakusgarria

Euskal selekzioaren aldeko aldarria Iñigo Cabacas Herri Harmailan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Eguraldi goibela nagusitu arren, euskal derbi giroak Bilbo erdialdeko kaleak alaitu ditu eguerditik aurrera. Indautxu inguruko peña ezberdinek -Athletic Karajo!, Anton, Beti Lehoiak eta Euskal Lions- fanfarria baten laguntzarekin kalejira bat egin dute eguerdiko poteoa musikarekin girotzeko.

Kolore zuri-gorriak eta txuri-urdinak kale ezberdinetan nahastu dira partida atarian eta ‘Ikusi Mendizaleak’ kanta herrikoiaren doinuak elkarrekin abestu dituzte. Athleticek kantaren egilea den Sabin Lopez de Guereño omendu du. 1966an sortu zuen harmailetan eta jai giroan sarritan entzun ohi den abesti herrikoia. Familiarekin batera lehen esaldiak kantatu ditu zelaitik eta milaka zalek lagundu diote harmailetatik.

Ez da partidan zehar burutu den ekimen bakarra. Iñigo Cabacas Herri Harmailak bultzatuta zazpigarren minutuan ikurrinak altxatu dituzte, talde zuri-gorriaren ereserkian aipatzen den «Euskal Herriaren erakusgarria» esaldia azpimarratuz. Euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko pankarta bat ere atera dute, ‘Lepoan hartu’ kanta abestu duten bitartean.

Bestalde, Athleticek apirileko enbaxadore izendatu duen Thomas Hitzlsperger jokalari ohi alemaniarra palkoan izan da. Klub zuri-gorriak «garrantzi handiko pertsonatzat» aitortu nahi izan du «ordezkatzen dituen balioengatik» eta «bere nortasuna defendatzeko izan duen ausardiagatik». Futbol ibilbidea amaitu ondoren, Hitzlspergerrek publikoki iragarri zuen homosexuala zela eta aniztasunaren aldeko eta homofobiaren aurkako munduko erreferente handienetako bat da.

Aldi berean, Cameron Jordan, New Orlean taldeko futbol amerikar jokalaria, ere San Mamesen egon da euskal derbia ikusten.

Goizean, aldiz, bertso derbia izan da Basaurin. Jose Angel Iribar izan da ikusleen artean. Onintza Enbeita, Anjel Mari Peñagarikano eta Aitor Etxebarriazarraga izan dira talde zuri-gorriaren ordezkariak, txuri-urdinen aldetik Andoni Egaña, Alaia Martin eta Julio Soto egon dira. Arkaitz Estiballesek izan da gai jartzailea.

Azkenik, prentsa gunean Luis Fernando Barandaren omenezko lore eskaintza bat egin da eta Athleticek ere oroigarri bat utzi du bere eserlekuan. 58 urteko Onda Ceroko kazetariak  talde zuri-gorriaren egunerokoa jarraitzen zuen eta joan den astean hil zen.