INFO

Zoriontasuna ez da ideia lausoa Finlandian, politikaren ardatza da

Nazio Batuen Erakundearen arabera, Finlandia da munduko herrialde zoriontsuena. Txapelduna, alde handiz. Zoriontasunaz aritzea, baina, ideologiaz hitz egitea da. Aberatsen bizitza bizitzea baino, (euskal) jendeak bizitza aberatsago bat bizitzen laguntzea da gakoa.

5 milioiko populazioko herrialdean 3 milioi sauna daude. Identitatea eta kultura dute, eta, agian, izerdiaren bitartez ondo dakite haserreak eta negatibotasuna kanporatzen. (VISIT FINLANDIA)

Zoriontasunarena aspaldiko kontua da. Aristotelesentzat pertsona ona eta etikoki zuzena izatean zetzan, arrazoiak gidatuta nork bere bertuteak landuz bizitzean. Epikurok plazerarekin lotu zuen. Estoikoek, aldiz, plazera aldaretik apur bat jaitsita, bizitzaren zirkunstantzia etsigarri eta mingarri guztiak gorabehera, pertsona zoriontsua izan zitekeela zioten. Kristautasunak, Erdi Aroan predikatu eta praktikatu bezala, plazera osoki ezabatu eta mina zorionbide egin zuen, Jainkoaren opari gisa hartu behar zela, sikiera “beste” bizitzan nolabaiteko zorion dibinoa lortzeko. Berpizkundeak zoriontasuna zerutik lurrera ekarri zuen berriz ere eta Ilustrazioak eskubide egin zuen, pertsona orok horren alde borrokatuta lor zezakeena.

Bai, zoriontasunaren kontzeptua politikara geratzeko etorri da. Pepe Mujica handiari askotan entzun diogu iraultzaile ororen horizonteak, borroken muinak, zoriontasuna izan behar duela esanez. Arnaldo Otegik ere zentzu horretan behin behin gehiagotan hitz egin du, oso inspiratzaileak diren puntuak jarrita. Nazio Batuen Erakundearentzat ere zoriontasuna ez da egoera mistikoa, ideia lauso bat. Aitzitik, politikaren zentzuak jendearen ongizatearen defentsa izan beharko lukeela esan berri du, ez gobernatzen dutenen boterea, eta azken helburua zoriontasuna dela.

NBEren Sustainabable Development Solutions Network delakoak “Munduko Zoriontasunaren Txostena” argitaratu berri du, herrialdeen ongizatea kalifikatzen duena. Jakina, erlatiboa den zoriontasun batez ari da, halabeharrez. Hainbat faktore hartuz estatistika analisi batzuk eginda osatu du: barne produktu gordina per capita, laguntza sozialak, bizi itxaropena, norbere bizi aukerak gauzatzeko askatasuna, populazioaren eskuzabaltasuna, ustelkeria mailaren gizarte pertzepzioa eta abar.

Oinarri materiala eta beste

Zoriontasuna fededun asko eta praktikante gutxi dituen kontua da. Egun, gorputza gurtuz bilatzen dute batzuek, edo lan egin eta produktiboa izanez, aberastasun materiala eta estatus soziala pilatuz. Ez omen dago langabe edo alferra izatea baino zorigaitz handiagorik. Nork bere indarrean baino ez du konfiantza izan behar. Jarrera kontua omen da, darwinismo sozial moduko bat, zirkunstantziek ez ei dute ezberdintasunik sortzen. Baina, nonbait, oso ezberdina da Finlandia eta, oro har, Eskandinaviako herrialdeen kasua. «Eskandinaviarren salbuespena» ere deitu diote.

Seigarren urtez jarraian eman dio Nazio Batuen Erakundeak Finlandiari munduko herrialde zoriontsuenaren txapela. Ez dirudi txiripa denik. Jakina, herrialde bakoitzak historia propioa du, bakarra, eta poztasunera iristeko bere bidea urratzen du. “Salbuespen” horren arabera, Finlandiakoa modernizazio arrakastatsu baten adibide argia da, oparotasunaren maximizazioarena, elkartasun sozial funtzionalarena, askatasun pertsonal eta politikoena.

Sinple adierazita: ondo funtzionatzen duen demokrazia da. Finlandiarrak onurez eta segurtasun sozialez hornitzen dituena. Eta horregatik, omen, konfiantza dute instituzioetan. Izan ere, zaintza soziala, eskuzabaltasuna eta gobernuaren zuzentasuna daudenean ongizatea ez dabil urruti. Gobernuak esku hartzen du; mundua dagoen bezala egonda, hainbat esparrutan sozialista erradikala dela esateraino. Finlandian ez dago nabarmentzeko moduko klasismorik, ikusgarria eta lotsagarria den aberastasun arrakalarik edo bizirik irauteko eredu darwinistarik.

(VISIT FINLAND)

Gauzek funtzionatzen duten lekuan zoriontsuagoak direla pentsa daiteke: zerbitzu publiko sendoek, gizarte zaintza sare indartsu batek, kriminalitate eta ustelkeria urriak eta horrelako faktoreek lotura zuzena, lotura materiala, dutela zoriontasun mailarekin. Baina horrek bakarrik ezin du dena azaldu. Beste zerbait izan behar da hor atzean. Zoriontasunak, oinarri material ukaezina izan arren, faktore immaterialak ere baditu: espiritualak, kulturalak eta beste.

Ez konparatu, ez harrotu

Badira esaera zahar batzuk Finlandian pistak ematen dizkigutenak. «Kell’ onni on, se onnen kätkeköön» da horietako bat; alegia, zeure zoriontasuna ez duzu besteenarekin konparatu behar, zeure zoriontasunaz ez duzu harrotu behar. Zoriontsu egiten zaituen horretan saiatu gehiago eta gutxiago arrakastatsu itxura ematen dizun horretan.

Beste kontzeptu interesgarri bat «sisu» hitzarena da: zailtasunen aurrean determinazioa erakustea, kexuka ibili gabe, bizitzea tokatu dena biziz. Edo «jokamiehen oikeudet», «pertsona guztien eskubidea» bezala itzul genezakeena; hots, lurraldearen %75 basoa duen eta natura ikusgarria duen herrialdean libre paseoan ibiltzeko eskubidea unibertsala dela, publikoak edo pribatuak diren lur eremu guztietan, onddoak batzeko, edo baiak, edo arrantzatzeko...

Naturarekin oso konektatua bizi da Finlandia, eta gauza ezaguna da harreman horren onura psikologikoena. Horixe baitauka naturak: iturria dela, barne bake, energia eta erlaxazioarena. Eta, agian, hortik datorkie finlandiarrei gauza sinpleak estimatzeko daukaten kultura: aire garbia, ur purua, baso buelta, lasaitasuna, bidean gelditu eta liluratzeko gaitasuna izatea.

Horiexek baitira, inon izatekotan, zoriontasunaren formularen osagaiak: bizitza betea eta jasangarria bizitzea, oinarrizko beharrak identifikatu eta beteak dituzunean «nahikoa dut!» esateko zintzotasuna izatea eta, jakina, instituzio publikoek behar horiek asebetetzeko sostengu materiala bermatzea.

(Mikka LUOTIO | UNSPLASH)

Negu gorria duen herrialdean musikak protagonismo handia du. Abesbatzetan kantatzen dute, musika irakaskuntza unibertsala da eta kulturaren oinarrian dago, instrumentuak jotzen ikasten dute txikitatik; hor bada beste arrasto bat. Eta kirolarena ere bai. Negukoak, batez ere.

Presio erantsia

Bada ihes egiten utzi ezin den beste datu bat: 5 milioiko populazioko herrialdean 3 milioi sauna daudela. Identitatea eta kultura dute, eta, agian, izerdiaren bitartez ondo dakite haserreak eta negatibotasuna kanporatzen. Aurora borealak ere badituzte, urdin eta berde elektriko koloreko sugeak zeru garbia zeharkatzen, eta ikuskizuna hain da zirraragarria! Agian hor beste pista bat dago.

Eta, hala ere, finlandiarrak nahiko malenkoniatsuak dira, apur bat umore txarrekoak, irribarre bat erraz oparitzen ez duten horietakoak. Haientzat, zoriontasuna ez da aurpegian marrazten, ez da hitz arina. Munduko herrialde zoriontsuena izateak presio erantsia ematen dielako, agian?