INFO

Etxebizitzaren inguruko akordioak herritarren egoera arinduko duela nabarmendu du EH Bilduk

Etxebizitza legearen inguruan erdietsitako akordioaren garrantzia nabarmendu du EH Bilduk Donostian, alokairuen prezioen mugak eta etxegabetzeen aurreko babesa azpimarratuz. Bide bat zabaltzen duen tresna da, baina urrats gehiago behar dituela azaldu du koalizioak.

Mertxe Aizpurua, Donostian gaur goizean, Juan Karlos Izagirre eta Madalen Iriarterekin. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Etxebizitza legearen inguruan ERCrekin batera Gobernuarekin erdietsitako akordioak duen garrantzia nabarmendu du Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak igande honetan Donostian egindako agerraldi batean.

Ezkerreko indar suberanistek PSOE eta Unidas Podemosen Gobernuarekin adostutakoak alokairuen prezio igoera mugatzeko eta etxebizitza alternatiborik ez dagoen kasuetan etxegabetzeak eragozteko duen potentzialtasuna azpimarratu du koalizioko bozeramaileak.

Azaldu duenez, hilabete luzeetako negozazioen emaitza izan da erdietsitako akordioa. «Jakin badakigu lortutakoarekin ez direla konpontzen herritarrek etxebizitza eskuratzearekin dituzten arazo izugarriak, baina harro gaude gure lanak eta lortutako akordioak euskal herritar askoren egoera arinduko duelako», adierazi du.

Gogoratu du Aizpuruak etxebizitzarena dela euskal herritarren kezka nagusietako bat, errentaren %30 baino gehiago bideratu behar baita etxebizitzara.Batez beste hilean 700 euro baino gehiagoko kostua suposatzen badu, Donostian «arazoa are larriagoa» dela zehaztu du, hilean 1.000 euro bideratu behar baitituzte familiek etxebizitzara.

Pauso gehiagorako bidea

«Gaur esan dezakegu espekulatzaileei eta funts putreei atea itxi diegula Donostia bezalako hirietan, eta horrek harro eta pozik sentiarazten gaitu», esan du EH Bilduko ordezkariak.

Zehaztu duenez, emandakoa «urrats txiki» bat da etxebizitzaren arazoari amaiera emateko, herri gisa eman beharreko beste asko beharko dituena, «baina bidea markatu dugu» eta «ez genituen tresna batzuk ditugu».

Koalizio subiranistak azpimarratu duenez, «onena emango du udaletan eta beste erakundeetan, eman beharreko pausoak azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen».