INFO

Adinean gora, lan elkarrizketa bat lortzeko zailtasuna bikoiztu egiten da

Iseak Fundazioak egin duen azterlan baten arabera, 49 urteko pertsona batek zailtasun bikoitzak ditu 35 urteko beste batekin alderatuta, lan kontratazioetan aurrera egiteko. Adin bateko eta besteko curriculum faltsu bana diseinatu eta EAEko, Bartzelonako eta Madrileko enpresetara bidali ditu.

Fundazioak sei proposamen bildu ditu kontratazio faseetan adinkeria murrizteko (GETTY)

Bilbon egoitza duen Iseak Fundazioak esperimentu bat egin du: bi curriculum faltsu diseinatu ditu, bat 35 urteko pertsona bati dagokiona, eta, bestea, 49 urteko beste bati. Lan eskaintza errealak zituzten EAEko, Bartzelonako eta Madrileko enpresetara bidali dituzte curriculum bikote bana, 1.600 curriculum 800 lan-eskaintzatara, orotara. Eta zer gertatu da? Adineko langileak –fikziozkoak– lan elkarrizketarako gonbit gutxiago jaso zituen 35 urteko hautagaiak baino.

Horrek iradokitzen du kontratazio faseetan adinkeria dagoela, hau da, adinagatiko diskriminazioa, fundazio horren ‘Lan egiteko zaharregia? Espainiar lan merkatuko adinkeriari buruzko esperimentu baten ebidentzia’ izeneko azterlanak ondorioztatu duenez.

Goi-mailako nahiz kualifikazio txikiko profiletan adinkeria ote dagoen ebaluatzeko, Infojobs lan atarian argitaratutako ‘enpresa-administrazioari’ eta ‘bezeroentzako zerbitzuei’ lotutako lan eskaintzak aztertu ditu fundazioak. Banatutako curriculum bikote bakoitzari antzeko ezaugarriak eman zizkieten (generoa, hezkuntza maila, eskualdea, lan ibilbideari dagokionez), soilik adina aldatuta, eta, nahitaez, lan esperientziaren kopurua.

Hala, martxo amaieran argitaratu zen ikerketaren emaitzen arabera, gazteen aldean, lan elkarrizketa bat lortzeko aukera erdiak dituzte langile helduek: enpresak 35 urteko pertsonekin harremanetan jartzeko probabilitatea %7,6koa da, eta 49 urtekoen kasuan, %3,7koa. Halaber, gazteek 13 enpresari bidali behar diete curriculuma, gonbidapena jasotzeko; 49 urteko pertsonek, aldiz, 27ri. Bikoitza

Enpresak curriculuma jaso eta 35 urteko pertsonekin harremanetan jartzeko probabilitatea %7,6koa da, eta 49 urtekoen kasuan, %3,7koa

Bestalde, esperimentuak adinkeria handiagoa antzeman du prestakuntza handiagoa behar duten lanbideetan eta gizonen artean.

Sei proposamen

Emaitzak kezkagarriak dira, eta fundazioak sei proposamen bildu ditu kontratazio faseetan adinkeria murrizteko. Hasteko, enplegu iragarkietan ohikoak diren zenbait termino baztertzea gomendatzen du, ‘gaztea’ edo ‘titulatu berria’ esaterako, langile helduak etsiarazi ditzaketelakoan.

Bestetik, lana bilatzeko plataformetan ‘curriculum itsuen’ erabilera bultzatzea proposatu du eta, zentzu berean, lan elkarrizketetarako pertsonak hautatzeko iragazki bakarra konpetentzien araberakoa izan dadila gomendatu du.

Beharrezkotzat jotzen du, halaber, langile helduekiko aurreiritziak apurtzen lagunduko duten kanpainak bultzatzea, enpresetan adin talde desberdinetako lantaldeak osatzea eta langile helduen kontratazioa bultzatuko duten dirulaguntza publikoak banatzea.

Beste irakurketa bat

Iseak Fundazioaren ikerketak ez dio soilik begiratzen adinkeriaren alde diskriminatzaileari; demografiaren arazora ere aztertu du, larritzen ari baita azken hamarkadetan: 2001 eta 2020 bitartean, biztanleen batez besteko adina %16 hazi da Europar Batasunean –38 urtetik 44 urtera–. Aldi berean, 65 urte baino gehiago dituzten biztanleen ehunekoa %30 hazi da denbora horretan (%16tik %21era).

Honek erronka ekonomiko eta sozial handi bat zabaltzen du hainbat herrialdeetan, Euskal Herrian barne. Iseak Fundazioaren iritziz, erretiroa hartzeko adina luzatzeak apalduko luke problema. «Adinekoen kolektiboak lan merkatuan parte hartze eta iraunkortasun handiagoa izatea funtsezko tresna da demografia erronkaren ondorioak arintzeko», defendatzen du Bilbon egoitza duen fundazioak.

Hortik abiatu du esperimentua Iseak Fundazioak, ondoko galdera eginez: «Adinagatiko bereizkeria lan bizitza luzatzeko oztopoa izan daiteke?». Adinkeria gainditzeko beharra seinalatzen du, bai, baina ez hainbeste diskriminazio sozialari aurre egiteko, baizik langileen lan denbora luzatzeko estrategia gisa.

Kontuan hartu behar da, alabaina, erretiro adina luzatzeko proposamenek ez dutela normalean herritarren oniritzia jasotzen, ikusi besterik ez dago Estatu frantsesean protestara mobilizatu den jende saldoa, Macron presidenteak iragarri zuenetik jubilazio adina 62 urtetik 64ra atzeratzeko asmoa zuela.  Joan den apirilaren 6an Baionan egindako protestak 15.000 lagun bildu zituen.