INFO

«Aurrekaririk gabeko krisi ekosozialaren aurrean» Maiatzaren Lehenera deitu du LABek

Maiatzaren Lehenean Euskal Herrian zehar deitu dituzten mobilizazioekin bat egiteko deia egin du LABek. ‘Ikusmiran 13’ azterketa aurkeztu dute eta emaitzek «kaleak betetzeko arrazoiak areagotu» dituztela adierazi dute.

Maider Jauregik eta Garbiñe Aranburuk aurkeztu dituzte maiatzaren leheneko mobilizazioak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Hazkunde amaigabearen mitoa bukatuta, aurrekaririk gabeko krisi ekosoziala» bizi dugula eta, maiatzaren lehenerako deitu dituzten protestetan parte hartzera deitu du Maider Jauregi LABeko komunikazio arduradunak. Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazioak egingo dituzte, 11.30ean Bilbon eta 12.00etan Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Eibarren ere manifestazioa egingo dute, 12.00etan, baita Tuteran ere, 12.30ean. Ipar Euskal Herrian, Baionan eta Maulen egingo dituzte, 11.00etan.

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak azaldu du Baionan apustua beste sindikatu batzuekin elkartzea dela, orain arte egin izan den bezala, baina «bazterketa sindikala» pairatzen ari direla salatu du.

Jauregik azaldu du bizi dugun krisiaren aurrean «banaketa hirukoitza» proposatzen duela LABek, «zaintzaren, lanaren eta aberastasunaren» banaketa, hain zuzen ere. Aranburuk ‘Ikusmiran 13’ egoeraren azterketa txostenak azaleratutako emaitzen balorazioa egin du. Azpimarratu du azterketak «maiatzaren lehenean kaleak betetzeko arrazoiak areagotu» besterik ez duela egin.

Ehun ekonomikoa ahultzeko joera mantendu dela adierazi du sindikatuaren koordinatzaile orokorrak, eta azaldu du industria sektorearen hazkundea ez dela izan haren osasuna hobetu delako, «enpresa energetikoen irabaziek gora egin» dutelako baizik. Halaber, ondorioztatu du «lan erreproduktibo eta produktiboaren arteko banaketa bere horretan mantentzen» dela, soldata eta lan baldintzak okertzen ari direlako eta prezioen gorakadaren ondorioz langileak erosahalmena galtzen ari direlako.

Sortzen den aberastasunaren birbanaketarako politikarik eza ere salatu du Aranburuk. Azaldu du Euskal Herrian sortzen den aberastasuna Europar Batasuneko batez bestekoaren gainetik dagoela, baina presio fiskala Europako batez bestekoa baino hamar puntu baxuagoa dela, % 30,2koa, alegia. «Euskal Herriko politika fiskalak enpresen mozkinak mantentzea du helburu», ondorioztatu du.

Gaineratu du horrek zuzenean eragiten diela zerbitzu publikoen kalitateari eta zaintza jarri du adibide bezala: «Zaintzarekin negozioa egiten da, ez da zaintza duina bermatzen eta zaintzan dabiltzan langileak prekario eta esplotazio egoeran ari dira». Ekoizpen eta kontsumo ereduak eragin negatibo eta eustezinak sortzen dituela ere adierazi du, eta larrialdi klimatikoari aurre egiteko «politika eraginkorrik» eza salatu du koordinatzaile orokorrak.

Aitzakiarik gabe

«Eskumenak baditugu» LABek beharrezkotzat jotzen duen eredu aldaketa egiteko, Aranburuk baieztatu duenez. «Ez dago aitzakiarik», beraz, eta gaineratu du egiten ez bada «borondaterik ez dagoelako» dela. Izan ere, «egiturazko krisiak politika publikoen norabide aldaketa» eskatzen duela uste du sindikatuak eta «trantsizio ekosozialista eta feminista» lortzeko tresna gisa aurkeztu ditu produkzio eta kontsumo eredua aldaketa eta banaketa hirukoitza.

«Bada garaia hitzarmenak berritzeko, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, lanaldi murrizketaren eztabaidari heltzeko», aldarrikatu du Aranburuk. Horregatik, maiatzaren lehena «klase harrotasuna kalera ateratzeko» eta «krisiaren erantzuleak seinalatzeko» eguna izango dela adierazi du. Azpimarratu duenez, «ez dago eraldaketarik konfrontazio sozialik gabe».