«Berandu bada ere, heldu naiz sasoi amaierara eta momentu politena da»
Endesa Ligako fase erregularra bosgarren postuan amaituta, Lointek Gernikak gaur jokatuko du play-offa Zaragozaren aurka etxean, 18.30ean. Marta Alberdiren (Gernika, 2000) hitzetan, «irabazi ahal den» partida da, «minutu denak intentsitatez jokatuta» eta «une oro kontzentrazio maila altua» izanda.
Ikusi du argia tunelaren amaieran Marta Alberdik, gutxienez urte eta erdi min hartuta egon ostean. Ezker sorbaldan izandako ebakuntzatik osatuta, «berandu» izan bada ere, «heldu da denboraldi amaierara». Haren hitzetan, sasoiko unerik «politenera».
Final-laurdenetan Zaragoza egokitu zaie aurkari Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalariei. «Urduri» daude, baina ez da «urduritasun txar bat»; motibazio aldetik «oso ondo» baitaude. Horrez gain, gernikarrak nabarmendu du liga erregularrean «postu on batean» amaitu dutela, «izan dituzten gorabeherak kontuan hartuta».
Zer moduz zaude?
Oso pozik, jada gogotsu biharko [gaurko] eguna iristeko.
Aurtengoa ez zen izango zure denboraldirik onena, urte eta erdi egon baitzara kantxatik kanpo.
Sei hilabete eta erdi luze izan dira. Baina berandu izan bada ere, heldu naiz denboraldi amaierara, eta esan daiteke une politenera iritsi naizela. Fisikoki oso ondo aurkitzen naiz, mentalki ere bai, eta nire jokoarekin oso pozik nago.
Nolakoa izan da bilakaera eta zer izan da zailena?
Egia esan, lesioa nahiko ondo eraman dut. Azkeneko momentuak izan dira gogorrenak, kantxara irteten zarenean eta zure burua erritmo berean ikusten ez duzunean edo gauzak ez zaizkizunean ondo ateratzen. Uste dut hori izan dela txarrena, baina taldekideen, entrenatzaileen eta gurasoen laguntza handia izan dut; eta oso eskertuta nago horregatik.
Horrelako lesio luzeetan esaten da alde psikologikoa gutxienez fisikoa bezain garrantzitsua dela.
Bai, momentu batzuetan psikologikoa garrantzitsuagoa izan da, eta, esan dizudan moduan, nahiko ondo eraman dut. Neurekin harritu naiz, pentsatzen nuelako askoz gogorragoa egingo zitzaidala. Azkenean egunez egun helburu txikiak jartzen joan naiz, eta horrek ere lagundu du. Errehabilitaziora egunero joatea eta ikustea aurrerapausoak ematen dituzula oso ondo dago.
Psikologoren baten laguntzarik izan duzu?
Ez, ez dut eduki. Lehenago, bai, izan nuen psikologo bat, baina tarte honetan ez dut erabili. Ahal izan dut, baina nahiko ondo ikusi naiz buruz eta ez dut behar izan laguntzarik.
Dagoeneko bueltan zaude taldean. Zer sentsazio dituzu?
Oso sentsazio onak izan ditut. Aurreko partidan ere oso gustura aritu nintzen, eta uste dut garrantzitsuena izan zela konfiantzarekin sentitu nintzela. Jokalari moduan uste dut taldeari eman ahal diodana eman niola eta entrenamenduetan berdin: bai fisikoki bai jokatzen oso gustura sentitzen naiz, eta alde horretatik oso pozik nago.
«80 minutuko partida bat da. Lehenengoan saiatu behar dugu ahalik abantaila handiena ateratzen, han zelai zaila delako, eta eurek ere zale asko dituztelako»
Behintzat, momenturik erabakigarrienean egongo zara taldeari laguntzeko.
Bai, eta gainera txandakatzeak behar badira hortxe egongo naiz. Kanporaketetan edonork nahi du jokatu eta hau ez da urtero jokatzen den gauza bat. Beraz, hori aprobetxatu behar da.
Endesa Ligako fase erregularra amaituta ostegun honetan abiatuko duzue play-offa. Nola dago taldea?
Urduri, baina ez da urduritasun txar bat. Motibazio aldetik oso ondo gaude; egia da azkeneko partida ez dela izan nahiko genukeena, baina kanporaketetan zentratu nahi dugu. Zaragozaren aurkako neurketa goitik behera prestatu dugu, eta denarekin goaz.
Zaragozak Kopa irabazi du. Partida erraza ez da izango.
Ez, badakigu partida erraza ez dela izango, eta gainera jokalari onak dituzte. Euren etxean oso partida borobila egin genuen, baina esango nuke neurketa guk galdu genuela [67-54 galdu zuten]. Irabazi daitekeen partida da, eta horretara goaz; euren jokalari onenak ondo defenditzera eta geure jokoa egitera.
Final-laurdenetako play-offak bi partidara izango dira. Etxeko lanak egin beharko dituzue Gernikan, gero kanpoan ezustekorik ez izateko.
Bai, 80 minutuko partida bat da. Lehenengoan saiatu behar dugu ahalik abantaila handiena ateratzen, han zelai zaila delako, eurek ere zale asko dituztelako.
Fase erregularrean etxean zein kanpoan galdu egin duzue Zaragozaren aurka. Zer hobetu behar duzue?
Partida hasieratik amaierara arte minutu denak intentsitatez jokatu behar ditugu eta une oro diziplina eta kontzentrazio maila altuan egon. Ez despistatzea momentu txikietan, eta sendo egotea. Azkenean une horietan joaten dira partidak, deskantsu osteko hasieretan batzuetan despistatuta ateratzen garelako. Azken partidetan lan ona egin dugu horretan eta hobetu egin dugu. Gero, gure jokalari erabakigarrienak topatu behar ditugu eta espazioak ondo bilatu.
Kanporaketez harago, bosgarren amaitu duzue ligako fase erregularra. Nola baloratzen duzu taldeak egindako lana?
Uste dut oso postu onean geratu garela eduki ditugun gorabeherak kontuan hartuta. Lesio asko izan ditugu, eta uste dut taldea oso ondo moldatu dela momentu guztietara. Hobeto egin ahal genuela? Bai, beti dago zerbait hobetzeko, baina eduki dugun lana eduki eta gero, postu on batean amaitu dugu.