INFO

Garikoitz Etxeberriak gose greba hasi du Zaballako espetxean bakartze egoeran dagoela salatzeko

Garikoitz Etxeberriak gose greba hasi du Zaballako espetxean bakartze egoeran dagoela salatzeko. Euskal presoa apirilaren 14an iritisi zen Araban dagoen kartzelara, eta uko egin zion beste preso batekin ziega partekatzeari. «Ondorioz bakartze egoeran naukate ostiral iluntzetik», adierazi du.

Zaballako espetxea. (Juanan RUIZ/FOKU)

Garikoitz Etxeberria presoak gose greba hasi du Zaballako espetxean bakartze egoeran dagoela salatzeko.

Gutun batean azaldu duenez, pasa den apirilaren 14an iritsi zen Zaballako kartzelara. Palencian dagoen Dueñasetik zetorren eta «dena ondo joan zen», ziega berean beste preso batekin egon beharko zela esan zioten arte. Uko egin zion aginduari eta «ondorioz bakartze egoeran naukate ostiral iluntzetik».

«Preso ororen eskubidetzat dut ziegan bakarrik nahiz binaka bizitzea hautuz, espetxeak bata zein bestea inposatu gabe», adierazi du. Gaineratu duenez, «espetxea sumitze eta zigortze eremu denez, bikoiztera sumitu nahi izan ninduten eta intsumitu nintzelako zigortu naute».

«Patio grebaz» salatu nahi izan zuen pairatzen duen egoera, baina «konponbide arrastorik» ez zuenez ikusi, gose grebari ekin zion asteazken honetan, «bakartze egoeratik atera eta kideekin elkar nazaten eskatuz».

Etxeberriaren lekualdaketa martxoaren 24an iragarri zuen Espainiako Espetxe Erakundeak, urrunketari amaiera emanez. 2007ko urtarrilean atxilotu zuten Etxeberria Azkainen, eta urte hartako martxoan Espainiaratu zuten.

Auzitegi Nazionalak 27 urteko kartzela zigorra ezarri zion 2009an, eta urrunketaren eragina pairatu izan du. Sevilla II kartzelan euskal presoek 2013an egindako gose greban parte hartu zuen, eta 2021ean lekualdatu zuten, Dueñasera. Iaz bete zituen zigorraren hiru laurdenak.