INFO

Azal berria, barruko erosotasuna eta isolamendua hobetzeko

Energiaren prezioen gorakadak etxebizitza askoren berriztatzea bultzatu du. Hego Euskal Herrian, %300 igo dira berritze proiektuak urte bakar batean. Adituen esanetan, isolamendua hobetzeko inbertsiorik onena fatxada berritzea da.

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren datuek argi uzten dute krisi energetikoari aurre egiteko etxebizitzen errehabilitazioek gora egin dutela: %300 urte batean. (NAIZ)

Asko dira azken urteotan fatxadak berritzen ari diren etxebizitzak. Orokorrean, 30-40 urte inguru dituzten eraikinak dira aldaketa egitera behartuak daudenak. Baina, gainera, krisi energetikoari lotutako erabakia da herritar askok egindakoa, elektrizitateak eta gasak dituzten gastuei begira. Izan ere, etxeak ongi isolatuta egoteak berogailua gutxiagotan piztea baitakar. Beraz, inbertsiorako era da askorentzat.

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren datuek argi uzten dute krisi energetikoari aurre egiteko etxebizitzen errehabilitazioek gora egin dutela. Eta ez gutxi. 2021ean 1.870 proiektu onartu baziren, 2022an 5.633 izan ziren, hau da, %301,2 gehiago.

Eraberritze horien kopuruak oraindik igotzen jarrai dezake aurten, dagoeneko eskuragarri baitaude Next Generation funtsetatik eratorritako dirulaguntzak. Eskaera prozesua errazteko, Gasteizko Gobernuko Etxebizitza Sailak birgaitze bulegoen sare bat sortu du herritarrek bertara jo dezaten informazioa eskatzera.

Izan ere, dirulaguntzen truke zenbait baldintza eskatuko dira. Horrela, eraikinaren inguratzaileari dagokionez, gutxienez %30eko energia aurreztea eskatuko da, eta laguntzak aurrezpen horren arabera emango dira. Zenbat eta energia gehiago aurreztu, babes daitekeen aurrekontua %40tik %80ra bitartekoa izan daiteke. Eta %100erainokoa izan daiteke zaurgarritasun egoeran daudenentzat.

Jokin Barandiaran Beasaingo Barandiaran enpresako kidea da; etxebizitzen, lokalen eta bulegoen eraberritze lanetan jarduten duena. Haren arabera, egin beharreko aldaketa izaten ari da: «Egia esan, etxebizitza asko daude berritzeko, eta araudi aldetik ez dugu Europara joan beharrik, Estatu espainiarrean efizientzia arloan bete beharreko arauak asko igo dira. Gaur egun ezin duzu etxe bat nolanahi berritu, gutxieneko kalitatea eta isolamendu loditasuna eskatzen dizute, leiho prestazio zehatz batzuk, sistema energia berriztagarriak erabiltzea... Europan 2025erako dauden helburuetan dago emisioak gutxitzea eta dirulaguntza handiak ematen ari dira; horrek lagundu digu eta nabaritu dugu azken bizpahiru urtean lan karga igo zaigula».

Familia enpresa da Barandiaran, eta azpikontratak dituzten arren, etxeko talde handia dute lanean, obrako zuzendaritzatik langileetaraino: igeltseroak, arotzak, iturginak... baita dekorazio mailan ere. «Aita hasi zen igeltsero moduan, duela 40 urte inguru, komunak berritzen; orain, 30 laguneko lantaldea dugu, eta berrikuntzak dira gure berezitasuna».

Horrela bada, euren esperientzia kontuan izanik, Barandiaranek argi du fatxada berritzea inbertsio bat dela isolamendurako. «Etxearen azalean inbertitzeko gomendatzen dugu, efizientzia hobetzeko. Fatxadak isolatzeko modurik onena kanpotik da. Zalantzarik gabe urte batzuk dituzten eraikinek, errehabilitazio estetikoa behar dutenek, inbertitu behar dute isolamenduan». Horrela, azaldu du, duela hamar urte bizpahiru zentimetroko isolamenduarekin aritzen zirela, eta orain 20 zentimetroko plaketara ere iristen ari direla: «Inbertsioa handiagoa da, baina argi dugu bueltan etortzen dela kontsumoaren murriztean».

Fatxada aireztatua eta SATE sistema

Eraikuntzak kanpotik isolatzeko era asko daude, baina erabiltzen diren teknikak bi dira bereziki: fatxada aireztatua eta SATE (kanpoko isolamendu termikoko sistema). «Bigarrena da gehien jartzen ari garena, inbertsio aldetik baxuagoak direlako eta teknikoki oso ongi funtzionatzen dutelako». Horren barnean, hala ere, aldeak egon daitezke isolamendu kapetan, baina berdintsuak dira Barandiaranen hitzetan: «Gure apustua material naturalen aldekoa da, egur zuntzak edo kortxoa. Propietate asko dituzte, eta naturalak izateaz gain, oso ondo eusten diote beroari. Joera hortik doa, material organikoak erabiltzearen alde».

Passivhaus izeneko eraikitzeko estandar bat dago, Europan jaio zena duela 50 urte, eta horretan oinarritutako neurriak hartzen dituzte: «Gero eta etxe hermetikoagoak egiten ditugu, gero eta isolamendu lodiera handiagoekin, beraz, aireztatze beharrak handiagoak dira. Leihoak gehiago ireki beharko genituzke, eta hori energia galtzea da, beraz, sistema hori diseinatuta dago etxea aireztatua izateko 24 orduz, leihoak ireki gabe. Hori asko egiten dugu erreforma mailan, osasun kontua baita kalitatezko airea arnastea».

Lanen bermeak LOEk neurtzen ditu (Eraikuntza antolamenduaren legeak), eta normalean urtebeteko bermea dute lan estetikoek (pintura lanak...), hiru urteko bermea, berriz, bizigarritasuna zalantzan jar dezaketenek (isolamendua, instalazioak...), eta, hamar urtekoa, oinarrizko lanek. «Jendeak gero eta gehiago baloratzen du etxe goxo bat izatea, kalitatezko airea arnastea, eta, noski, etxe polita izatea. Energia eta elektrizitate faktura baxua izatea garrantzitsua da. Jendea arduratua dago. Etxeak berotzeko eta hozteko diru asko behar da eta jendeak kezka du, zalantzarik gabe».  

Isolamendu akustikoa

Isolamenduak, gainera, termikoa bakarrik ez, akustikoa ere izan behar du: «Akustika ere oso garrantzitsua da. Ez da gauza bera mendian berritzen duzun baserri bat edo Donostia erdiko etxebizitza bateko leihoak aldatzea. Kasu bakoitzean begiratu beharra dago, baina araudiek beraiek ere baloratzen dute akustika».  

Barrualdeari dagokion berritzeak ere egiten dituzte Barandiaranekoek: «Lehenengo bilera bat egiten dugu bezeroarekin, egoera ikusi eta gomendatu. Denbora asko hartzen dugu aurrekontuarekin. Berrikuntza sakona edo estetikoa bakarrik egin daiteke eta hori ongi azaldu beharra dago».

Datozen urteei begira, Barandiaranek argi du etxeak berritzeko lanekin jarraituko dutela: «Berrikuntza mailan lan asko egiteko dago oraindik, etxe asko dago berritu beharra. Batez ere, energia igoera hauek, nahiz eta negatiboak izan, egia da guri lagundu egiten digutela, erreforma energetikoagoak egiteko».